Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

'The show must not go on'

2026ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Poesia eta justizia benetan uztargarriak al dira? Justizia poetikoan sinesten duzue? Benetan existituko balitz, nola irudikatuko zenukete Donald Trumpen amaiera?

Alegiazko fantasia horretan, munduko erregea biluzik —nola bestela— agertuko litzateke. Urkaturik. Times Squareko erdigunean bertan, oholtza erraldoi batean iltzaturik dagoen masta luze batetik zintzilik, kulunkari patata zaku astun bat bezala. Sokaren kurrixkak ongietorria egingo lieke Broadwaytik eta Zazpigarren Etorbidetik saldoka datozen turistei. Donaldek ez du burua estali nahi izan. Azken unera arte, harro. Bisaia hieratiko, bekozko iluna. Ez du oihu esperpentikorik bota, ezta minezko keinurik egin ere. Zerbaitek, ordea, piztu du bildutakoen arreta. Urkatu eta gero, gizonari dena tentetu zaio: bere adats laranja marguldua, bularreko ile laztua… Den-dena, bai, baita bere bizitzaren ardatz izan duen zakil barregarri hori ere. Bitxia: The New York Times-eko eraikin zaharrari begira gelditu zaio buztana. Puntatik gernu-uhar bat atera zaio, turrustan. Hanketatik behera irristatuz doa.

Behean zegoen jendetza harrituta zegoen ikuskizunaren aurrean. Lehenengo lerroak erreserbatuta zeuden. Lehenik eta behin, bere bizitzan umiliatu zituen ehunka emakume zeuden. Pixka bat atzerago, bere agintaldietan erbesteratu zituen etorkinen senideak. Hurrengoan, ehunka etxegabe. Ondoan dozenaka lesbiana, homosexual, trans, ekologista, bekarik gabe gelditu ziren unibertsitateko ikasleak… New York askotariko eta zabala zegoen behean. Denek, aho zabalik, adi-adi jarraitzen zuten ikuskizuna, nola erreakzionatu jakin ezinik harik eta megafoniak Frank Sinatraren New York, New York himnoa bota zuen arte. Nostalgiaren ahots mitikoa une historiko batean. Orduantxe milioika konfeti txikik kolorea jarri zioten gauari. Times Squareko kartel handi argitsu distiratsuak eslogan bakarra ñirñirka emititzen hasi ziren: «The show must go on, Donald. The show must go on» (Ikuskizunak aurrera egin behar du, Donald. Ikuskizunak aurrera egin behar du).

Umiliagarriegia agian? Gordinegia akaso? Distopikoegia? Nola definitu, ordea, Donald Trumpek azken zortzi egun hauetan planeta osoari, zuzenean, eskaini dion ikuskizun mediatiko hau? Den-dena ikus-entzunezkoen klabean burutu du, aldez aurretik zirriborratutako gidoi zehatz bati jarraiki: Caracaseko itzalketa, interbentzio militarra, helikopteroen hegaldi inperiala iluntasunean (ttuku, ttuku, ttuku), Maduroren pretoriar guardia osoaren suntsipena, haren eta lehen damaren bahiketa kronometratua (47 segundo, txo!), gaizkilearen erakustaldia esfera publikoan gerra-garaikur preziatua bailitzan (eskuak loturik, begiak estalita), DEAren bulegoan egindako sarrera zinematografikoa, 92 urteko epailearen aurrean deklaratzera joateko plano zenitalekin errodatutako lekualdatze errukarria —nor da furgoira igo ezinik dabilen agure herren hori?—, CIAko satorrak (25 milioi dolarren truke —ezer ez da doan, kabroiak!—) egindako lan zoragarria eta nola ez, ezin falta, Cilia Floresi esleitu zaion bigarren mailako emakumezko bilatu onenaren saria.

Perfektu, jaun-andereok. Hollywoodeko gidoigilerik trebeenak ere ez zukeen hobeto asmatuko. Zurea da boterea eta aintza, jauna! Eta ez ahaztu garrantzitsuena, narratiba: narkotrafikatzaile arriskutsu baten atxiloketa izan da. Ez estatu subirano baten buruarena. Ez da inbasioa izan, faborez; ezta estatu kolpe bat ere, mesedez.

2025eko azken artikuluan esan genuen 2026a makur zetorrela, totalitarismorantz abiarazten gaituzten seinaleak gero eta begi bistakoagoak zirela. Urteko lehen hamar egun hauek ikusita, agian motz geratu ginen. Izan ere, Venezuela eta mundua bera ez dira abenduaren 31n agurtu genituen berberak. Orain arte izan diren erreakzioak ikusita, garbi dago urrea arnasten duen gizonak planeta osoa jokoz kanpo harrapatu duela. Shock efektupean gaude oraindik, esnatu ezinik.

Europako agintariak elkarri begira daude. Beldurrak jota, sinesgaitz, kirioak dantzan. Ziurgabetasunak harrapatuta. Bitartean, Trumpek Groenlandian —Kalaallit Nunaat inuiten hizkuntzan— jarri du lehen hanka. Gezurra badirudi ere, egun hauetan inor gutxi gogoratu da bertoko biztanleek beren herrialdearen etorkizunaz erabakitzeko duten eskubideaz. Joan den urteko martxoan joan ziren bozkatzera. Trumpen mehatxua gainean zutela, alderdi independentistak nagusitu ziren (botoen %91). Inor ez da haiekin gogoratu. Ez Danimarkan. Ez Bruselan. Are gutxiago Washingtonen.

Donald Trumpek agintzeko modu berria jarri du mahai gainean: aurre-ikusezintasuna. Ez du zerikusirik orain arte izandako agintariekin. Iritzia maiz aldatzen duela diote. Aurrez zer esango edo egingo duen inork ez dakiela. Bai, egia. Eta harro dago. Hara zer zioen duela hamar urte, 2016ko hauteskunde kanpainan, artean presidente izateko aukera oso gutxi zituenean: «Nazio gisara, askoz harrigarriagoak izan behar dugu. Iragarri ezinak. Orain den-dena kontatzen dugu. Marineak bidaltzen ditugu nonbaitera eta esan egiten dugu. Prentsaurrekoak eskaintzen ditugu. Ezustekoak ematen ikasi behar dugu». Horixe da egiten ari dena. Bi urte geroago, Etxe Zurian zegoela honela aitortu zion Bob Woodward kazetari famatuari Fear: Trump in the White House (Beldurra: Trump Etxe Zurian) izeneko liburuan: «Benetako boterea zera da —hitza erabili ere ez dut egin nahi—, beldurra».

Esana, izana. Horixe da gakoa aurten ikusten ari garena ulertzeko. Izan ere, XXI. mendeko manifestu berrituan Europa eta mundua zeharkatzen ari den mamua ez da komunismoa, ezta Z belaunaldia ere. Ez, beldurra da. Bel-du-rra. Burua, hankak eta arima geldiarazten digun ikara. Horregatik bereziki interesgarria egin zait asteazken honetan, berripaper honetan, Maria Goirizelaia aktoreak «logaletuta dagoen gizarte hau esnatzeko» egiten zigun proposamena: desobendientzia; «ezinbesteko tresna da demokraziaren fosilizatzea eragozteko», zioen.

Guk ere oholtza gainera igotzeko eskubidea aldarrikatu behar dugu eta beldurra pilula ezin ikusgarriagoz saldu nahi diguten horiei hauxe esan ozenki: «Ez dugu zuen showa jarraitu nahi. Guk gizaki libreen historiaren parte izan nahi dugu. Beraz, the show must not go on».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.