Gorbeialdeko Herri Unibertsitateko partaideak

Trantsizio energetikoaren bideak

Unai Pascual, Iñaki Lasagabaster eta Ana Saenz de Olazagoitia
2025eko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adagio ezagun batek dio ibilian egiten dela bidea. Bizitza erabakiak etengabe hartzea eskatzen duen bide bat dela esateko modu dotorea da hori. Erabaki horietako asko inkontzienteak dira, mekanika biologikoak eta luzaroan errepikatutako ohiturek emanak ziurrenik, baina beste batzuek kontzientzia behar dute. Kontzientziaren bitartez aukeratzen ditugu egin beharreko bideak, hau da, helburuak ezarri eta horiek erdiesteko kalkulatzen ditugu hartu beharreko denbora eta ahaleginak.

Trantsizio energetikoa trantsizio ekosozialaren ezinbesteko parte da. Gizarte bezala ibili behar dugun bide horietako bat da, zein bide eta nola egin nahi dugun erabakiz, gure aurrean hainbat helburu edo behar premiazko daudela kontuan hartuz. Hor sartzen da gure energia-kontsumo neurrigabea pixkanaka baina irmoki murriztea, gure gizarte- eta industria-metabolismoa urratsez urrats eraldatzeko baldintzak ezarriz, droga-mendeko gisa, erregai fosiletatik askatzen joateko, haiek baitira bizi dugun klima-krisiaren erantzuleak.

Trantsizio energetikoaren bidetik ibiltzeak erabaki kontzienteak hartzea eskatzen du, bai maila indibidualean, baina batez ere maila kolektiboan. Baina badirudi esfera kolektiboan ezin garela erraz ados jarri. Badirudi denok egin nahi dugula bide ideal bat hartu, eta hargatik ez gara gai zein bide lehenetsi behar ditugun guztiz adosteko. Bitartean, baina, denbora, aurrean dugun guztiaren artean burugogorrena, aurrera doa, eta ondorioz, bitako bat: edo ez gara gure helmugara (irakur bedi emisioak murrizteko helburuak) garaiz iritsiko, edo helmuga horretara iristen saiatuko gara, hartu beharreko bidezidorrak modu kolektibo, arduratsu eta justuan egiten ikasten joateko gaitasun nahikorik gabe.

Gaur egun gure agintariek erabaki sendoak hartzeko gaitasunik ez dutelako, denbora gehiegi galdu dugu, eta ondorioz, esan dezagun argi, berandu goaz egin beharreko bide horretan. Eta denbora pasatzen den heinean, badirudi konturatzen hasiak garela urgentzia bidaide txarra dela trantsizio energetikoaren baitan. Honek gutxienez bi erreakzio mota sortzen ditu gurean. Lehena optimismo naif batekin lotuta dago, eta uste horretan oinarritzen da adibidez mirariren batek salbatuko gaituelako sinesmena: teknologia-motaren batek, hala nola hidrogeno berdeak, auto elektrikoak edo zentral nuklearrek (hauek beti ur nahasietan arrantzatu nahi dute, berriki izan dugun itzalaldi handiaren testuinguruan berriro ikusi den bezala). Bigarren erreakzioa, gero eta jarraitzaile gehiago dituena, sinpleki arazoari ihes egitea da. Beste era batera esanda, arazoa bera ukatzea. Negazionismo klimatikoak, batez ere sare sozialetan borbor dabilena, laguntxoak egin ditu: atzeratzaileak (gazteleraz, retardistas izenarekin ezagunak). Azken hauei dagokienez, nonahi ditugu, kolore guztietakoak, bai arlo kontserbadorean baina baita ezkerrean ere. Energia-enpresa handietako administrazio-kontseiluetan eserita dauden betiko atzeratzaileekin bat egiten ari dira era askotako eragileak.

COVID-19aren pandemian jada ikusitako jarrera atzerakoi eta indibidualistenak atzeraelikatzen dituen aktore mota bat, seguruenik, Ama Lurraren defentsaren diskurtso hutsal baten azpian biltzen dira, tamalez askotan Amalurra, bioaniztasunaren, nekazaritzaren, landa bizimoduen eta abar luzearen babesaren aitzakia bihurtzeraino. Halako helburu dotoreko diskurtsoak dituzten pertsona horietako askoren atzean, trantsizio energetiko hutsalaren eta greenwashing-a jarrera sasi-alternatiboetatik marratzen duen ekologismo hutsalaren ikuspegia ikusten dugu, askotan parametro maximalistetan parapetatuak. Kapitalismoa Gaitz Nagusi bezala identifikatu ohi badute ere, ez dute gehienetan alternatiba praktikorik eskaintzen. Adibidez, energiari eta materialei dagokienez desazkuntzaren aldeko jarrera hartu nahi izateaz gain —horrekin ados gaude—, ezinbestekoa da epe labur-ertainerako eta tokiko agendaz haragoko alternatibak lantzea; izan ere, gero eta zailagoa izango baita klima helburuak erdiestea, eragiten ari garen atzerapena dela eta. 

Gorbeialdeko talaiatik, mota guztietako kortsarioen zentzugabekeriak salatzen saiatzen ari gara, Arabara Solariako galeoietan heldu nahi dutenenak kasu. Horretarako, Arabako jendeari prestakuntza emateko aukera eskaini nahi diogu, energia-krisiaren arrazoiak eta konponbide posibleak zeintzuk izan daitezkeen eztabaidatzeko eta egoeraren larritasunaz jabetzeko. Adibidez, Gorbeialdeko Herri Unibertsitatea sortu dugu, Euskal Herriko mugimendu sozial eta sektore akademikoekin batera egon daitezkeen zubi-lanak egiteko. Bide horiek konplexuak dira, baina, gure ustez, zubiak eraiki behar dira ebidentzia zientifikoaren eta egungo behar eta kezka sozialen artean, lurraldearen kontrako eskala oso handiko energia-proiektu askoren zentzugabekeria aldarrikatzeko eta horien aurrean alternatibak sortzeko.

Gertaera larri baten inguruan ere hausnartu nahi dugu. Duela egun gutxi Aritz Otxandianok jasandako erasoari buruzko albisteak asaldatu gintuen. Trantsizio energetikoari buruzko bere hausnarketak publikoki partekatzen dituen pertsona izanik, marra guztiak zeharkatuz jasandako erasoa guztiz gaitzesten dugu. Eraso hau ez da berak eta bere beste kideek pairatu duten lehena, baina bai, ziurrenik, larriena. Eta badirudi, Aritz Otxandianok desazkundearen beharra defendatzeaz gain, eskala guztietako berriztagarrien hedapen ordenatuaren beharraren diskurtsoaren aurkako erasoa izan dela. 

Jakitun gara berriztagarrien hedapenaren eztabaida arantzatsua dela eta inork ez dituela gako guztiak, baina zerk eramaten ditu pertsona batzuk Aritz Otxandiano eta bere gertukoak modu honetan bortizki kikildu nahi izatera? Agian ziurgabetasunezko etorkizunarekiko beldurragatik izango ote? Trantsizio energetikoaren bideren bat egiteko mapa argi baten falta izateagatik? Edo, besterik gabe, datuetan oinarritutako argudioen faltagatik? Ziur asko, horretatik guztitik pixka bat. 

Jarrera horiek, nahi gabe bada ere, negazionisten eta atzeratzaileen jarrerekin bat egiten dute, beren burua trantsizio energetikoaren dinamitarien zaku berean sartuz. Hori ulertzen saiatzea ez da erraza. Gaia egokia izan daiteke soziologian, antropologian, zientzia politikoetan edo ekonomia ekologikoan doktore-tesi batzuk egiteko. Gaiari buruzko ikerketa egiteko interesa duen inor badago, gurekin harremanetan jarri daiteke. Gustura hartuko ditugu bere ideiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.