Goizeko haize freskoak aurpegia laztandu didanean, autobuseko eguneroko zarata eta aurpegi ezagunak alde batera uztea pentsatu dut, bizipen eta sentsazio berriak bilatzeko nahiarekin. Horregatik, trena hartzea erabaki dut, honen erritmoan murgilduta bidaiatzeko asmoz, eta ingurua beste ikuspegi batetik ikusteko.
Geltokira heltzerakoan, trenaren burrunba leuna entzun dut urrunetik. Barrura sartu naizenean, ingurua aztertuz ohartu naiz bidaiariak mundu txiki batean sartuta daudela; bakoitzak berea sortu du. Batzuk zutunik doaz, mobilari begira, pantaila txikietan harrapatuta, hatzek dantza egiten duten bitartean. Beste batzuk eserita daude, begirada leihoan galdua dutelarik, kanpoko paisaian beren pentsamenduak islatzen direla ematen duelarik.
Eskuineko eserlekuetan, bi lagun ari dira solasean, uda honetan egingo duten bidaiaren inguruan. Ahotsak ozenagoak dira batzuetan, ilusioak gora egiten duen seinale bezala. Hondartzak, mendiak, eta tarteka, barre algarak entzuten dira; trenaren mugimendua ere azkartuz doa, haien ametsekin bat egingo balu bezala.
Ezkerreko eserlekuan, jaioberri bat negarrez hasi da, amaren besoetan dardarka. Amaren begietan, nekearen arrastoak nabari dira, baina ahots leun batez kanta goxoak xuxurlatzen dizkio, lasaitasunaren adierazle. Une batez, inguruko bidaiariek begiratu diote: batzuek samurtasun irribarre batekin, beste batzuek, aldiz, urduritasunez.
Nire aurrez aurreko eserlekuetan, aspaldian elkar ikusi ez duten bi lagunek ustekabean topo egin dute. Lehen begiradan, lotsati dirudite, hitzak non hasi ez dakitela. Baina minutu batzuk igaro ahala, isiluneak desagertu eta elkarrizketa bizitzen hasten da. Denbora luzea igaro da azken aldiz hitz egin zutenetik, baina iraganeko oroitzapenek zubi sendoak eraikitzen dituzte, elkarrekin partekatutako momentuak berriz berpiztuz.
Euren aukeraren bila dabiltzan musikari batzuk trenera igo dira, gitarra, biolina eta bozgorailuak sendo besarkatuta, norabide egokia aurkitu nahian, benetako fama zer den bizitzeko ametsarekin. Eserlekuen artean pausoz pauso igaro dira, haien begiradek leku egokia bilatzen duten bitartean. Trenaren mugimenduak lagunduta, oinen taupadak eta gurpilen burrunbak konpas berezi bezain geldiezina sortu dute.
Mugikorren tonuek reggaetonezko erritmo biziak aireratzen dituzte; bitartean, beste bidaiariak vintage soinuetan murgiltzen dira: rock zaharraren indarra, jazzaren doinu leuna... Guztiak nahasten dira espazio berean trenaren barruan, espazioaren eta denboraren muga guztiak deseginez, melodia eta erritmo denek bat egiten duten oreka baten bila.
Eta, halako batean, nire begirada liluratuta, finko, izoztuta bezala gelditu da treneko lau eserlekuko espazio batean: jaioterri eta kolore desberdinetako lau pertsona elkarrekin solasean eta barrezka dabiltza, trenaren martxaren erritmoan dantzan bezala. Hainbat hizkuntza eta kultura nahasten dira, baina, oraindik, elkarrekin ari dira, hitz bat baino gehiago isilean adierazten duten konplizitate batekin. Hasieran ezezagunak, orain bidaia-lagun bihurtu dira.
Trenean zenbat eszenatoki desberdin sortzen diren pentsatzen dut. Antzoki erraldoi bat dirudi, non askotariko obrak aldi berean antzezten diren: batzuk barrez, beste batzuk negarrez; batzuk solasean, beste batzuk bakartuta, baina guztiak mundu berean, denboran eta espazioan, nahiz eta ez beti norabide berean. Trena aurrera doa, eta ni ere haren parte banaiz. Bidaiari bakoitzak bere istorioa eta helmuga darama barruan, baina orain, denok tren berean goaz, elkarrekin, momentu honetan, gure bideak gurutzatzen diren bitartean.
Eta, agian, horixe da trenaren benetako magia: denbora labur batez, ezezagunak izanik ere, elkarrekin gure arnasa, isiltasuna eta ametsak partekatzen ditugu. Une batez, guztiok bat egiten dugu, elkarrekin norabide bera hartuz, nahiz eta gero bakoitzak bereari jarraituko dion.