PISA, PAI, errebalidak, matrikulazio kanpaina... direla eta, eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da azken asteetan hezkuntzaren gaia. Alta, gaia, merezi duen dimentsio eta seriotasunarekin denon artean heldu behar delakoan gaude. W. Churchillen hitzak gure eginez: «Hezkuntza estatu afera da, ziur aski garrantzitsuenetariko bat eta, beraz, hurrengo belaunaldiei begira diseinatu behar da eta ez hurrengo hauteskundeei begira».Beraz, herri gisa arituz, erantzukizunez jokatzea dagokigu guztioi.
Izan ere, euskal hezkuntzaren egoera larria da oso: murrizketak, prekaritatea, euskara jakin gabe eskolatik atera diren eta ateratzen diren milaka gazte, desnazionalizazioa, euskal nortasunean izandako galerak, frantses nahiz espainol gisa hezten gaituzten curriculum arrotzak, pertsona gisa garatzen ez gaituzten pedagogia ereduak, inolako parte hartzerik gabeko hezkuntza, patriarkatuari iraunarazten dion eredua... ez al da zerrenda luzeegia? Eta honen guztiaren muinean gako bat dago: menpekotasuna. Hori horrela, garrantzitsua da ulertzea Euskal Herriak ez duela sekula izan bere hezkuntza sistema ereduaren gaineko erabakiak hartzeko eskubiderik, ez eta hura egituratzeko eskumenik ere. Eta datozen hezkuntza erreformek, zein NFK edota EAEko administrazioetatik datozen bertsioek, ezinbestean, menpekotasunaren zulora garamatzatela. Horregatik, abiatu behar dugu prozesu independentista, filosofoaren alegoriaz jabetuta (koba)zulotik atera eta eguzkia ikusteko. Eta bide horretan hezkuntza oinarria da.
Aitzitik, guk ez dugu Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemen erreprodukzio hutsa egin nahi. Hezkuntza sistema bat antolatu nahi dugu, baina hezkuntza eskubideetan oinarrituta eta ez estatuaren botere soilean oinarrituta. Hau da, hezkuntza arautzeko aukera nahi dugu, hezkuntza beste modu batean arautu nahi dugulako. Hezkuntza euskalduna nahi dugu, frantsesek hezkuntza frantsesa eta espainiarrek hezkuntza espainiarra duten bezala. Baina, gainera, hezkuntza euskalduna beste modu batean antolatu nahi dugu. Betikotuak diruditen hainbat korapilo askatu eta hezkuntza propioaren bidean urrats kualitatiboak egiteko tenorean gaude. Gaur hartu beharko ditugun erabakiak etorkizun hurbil batean funtsezkoak izango direlako. Hortik abiatuta, zer egin dezakegu? Ba al dugu alternatibarik gurean? Indarrik? Nondik hasi?
Begirada atzera pausatuz, ohartuko gara azken hamarkadetan zehar gai izan garela hamaika herri dinamika sortzeko: Oñatiko unibertsitatea, Ikastolen Mugimendua, Ikasle mugimendua, Udako Euskal Unibertsitatea, BaiEusUni ekimena, Sortzen-Ikasbatuaz elkartea, Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, Euskal Herriko Karta soziala... Egun ere gai izan beharko genuke Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua adostu eta garatzeko, beharrezkoak diren neurriak definitu eta indarrean jartzeko.
Eta egoera horretan gaude. Baina nola egin? Berriz ere, nondik hasi?
Bada pentsatzen duenik NFK edota EAEko hezkuntza ordezkaritzetako saloietan eragile batzuen artean egin daitezkeen balizko legeek (koba)zulotik aterako gaituztela. Baina serioski, norbaitek pentsatzen du hezkuntza komunitate guztiaren parte hartzerik gabe eta hezkuntza sailetako lau pareten artean egin daitezkeen balizko analisi, elkarlan edota legeek eramango gaituztela hezkuntza sistema propiorantz?
Alta, hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen dugu guk. Afrikar esaera batek dioen moduan: haur bat hezteko tribu guztia behar delako. Eta ideia horri jarraikiz, tribuak batu, entzun, berba egin, hausnartu eta adostasunak bildu behar dituelakoan gaude. Tribuak akordioa behar du. Euskal Herriak hezkuntzan ere herri akordioa iruten hasi behar du.
Herri akordio bat non heziketa prozesuaren parte diren aktoreek saretuko duten. Eskuz esku hezkuntza formala, ez-formala eta informalak, herritarrek, ehunduko duten akordioa. Nazio ikuspegia oinarri eta helburu. Eta adostasunak blindatzeaz haratago, betikotuak diruditen korapiloak askatzen lagundu eta beste eredu berri baten bidean jarriko gaituena. Eta, besteak beste, LABen iritziz oinarrizko gako hauek barnebildu beharko lituzkeena:
- Eskola ereduaren gaineko akordioak.
- Herritarren heziketa prozesua elkarlanean gauzatzeko udalekin akordioak.
- Familiekin erantzukidetasun akordioak.
- Kalitatezko heziketa gauzatzeko hezkuntza langileekin akordioak.
- Eskolak modu autonomo eta eraginkorrean kudeatzeko hezkuntza komunitatearekin akordioak.
- Hezkuntza ez-formalean zein informalean dabiltzan eragileekin akordioak.
- Inbertsioan akordioak.
Jakitun gara horrelako ariketa erraldoi batek dituen zailtasunez. Gure herriak behar duen hezkuntzari buruzko eztabaida soziala bultzatu nahi dugu; Euskal Herritik Euskal Herrirako, ezer inposatu gabe, errespetuan oinarrituta ahalik eta eztabaida zabalena sortu nahi dugu.
Erakunde edo hezkuntza eragile bakoitzak izango du bere hezkuntza proiektua, bere bidea, baina akordioaren bertutea eta indarra sorburu desberdinak norabide berean jartzean datza. Egiari zor, nagusiki, bi bide daude: egungo egoera betikotzen jarraitzen uztea, ala herri gisa hausnarketa komuna egin eta Euskal Herriko herritarren beharretara egokitzeko jarrera aktiboa izatea. Kobazulotik eguzkitara ateratzea, prozesu independentista abiatzea, finean. Bestalde, jakitun gara hastapeneko urratsetan gaudela,eta hauek ondo bideratu eta garatzea ezinbestekoa izango dela bide honek duen potentzialitate osoa aktibatu nahi badugu. Tribuak du berba!
Tribuak du berba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu