Troiako Zaldia eta Espainiako Vuelta

Naroa Geresta. Mikel Luloaga.
2011ko irailaren 03a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu Espainiako Itzulia Euskal Herrira ekartzeko erabakiak. Ez gaitzatela nahasi, ez da kasualitatea azken hamazazpi urte hauetan Espainiako Itzulia Euskal Herritik pasa ez izana, ez eta aurten Euskal Herritik pasarazi nahi izatea ere.

Hainbaten adierazpen penagarriak jasan behar izan baditugu ere, Espainiako Itzulia Euskal Herritik pasatzeko erabakiak ez die kirol irizpideei erantzuten; ez eta euskal zalegoaren eskaerari ere.

Euskal Herrian txirrindularitzak zalego zabala du. Horren erakusle dira euskal lurraldean barna antolatzen den txirrindularitza txapelketa andana. Zer esanik ez Frantziako Tourra Pirinioetan igarotzean ikusi ohi den olatu zuri, gorri eta berdea.

Azken urteetan hainbat txirrindularitza proba bertan behera geratu dira, krisiaren izenean egindako laguntzen murrizketen ondorioz. Orain, ordea, Bilboko eta Gasteizko udalek milaka euro ordaindu beharko dituzte Espainiako Itzulia hiri horietan amaitu edo hasteagatik, eta ziur gaude Javier Maroto popularrak nahiz Iñaki Azkuna jeltzaleak gustu handiz ordainduko dituztela herritarren diruarekin.

Troiako Zaldia balitz bezala datorkigu espainiar itzulia Euskal Herrira. Baina kirol proba hori Euskal Herritik igarotzeko arrazoi nagusia, Hego Euskal Herria Espainiaren zati dela irudikatzea eta aldarrikatzea da.

Gure nazio izatea ukatzen digutenek, ukazio hori berresteko helburuarekin dakarte Vuelta gure herrira. Egunero, albistegiz albistegi gogorarazi nahiko digute Espainiako Itzulia bere erreinuko azaleran zehar dihoala. Bide horretan, tresna garrantzitsua izango dute ETB. Eguraldi mapekin egin bezala, zintzo beteko baitu bere egitekoa.

Orain, txirrindularitza proba Troiako Zaldia balitz bezala erabiltzeko ekimen hori estrategia orokorrago baten baitan ulertu behar dugu, asimilazio estrategia horrek adar ezberdinak eta helburu berbera baitu: euskal instituzioetan espainiar ikurraren inposaketa, Nafarroako auzitegietan Euskal Herria terminoaren aurkako sententziak, Osakidetzako oposizioetan euskarari egozten dioten papera… Adar asko, helburu berarekin: euskal nazio identitatearen aurkako gurutzada.

Espainiako Itzulia ez da ongi etorria Euskal Herrian! Hori diote hainbat eta hainbat eragilek, taldek, sindikatuk, alderdik eta udalek.

Hala eta guztiz ere, Vuelta Guardia Zibilak edo Ertzaintzak gidatuko ote duen eztabaida faltsuari tiraka jarraitzen dute batzuk.

¡Que se den la vuelta! Euskal Herria nazio gisa errespetatu eta bere geroa erabakitzeko eskubidea aitortu eta onartu bitartean ez dute zereginik Euskal Herrian.

Herri gisa ukatzen gaituztenen aurrean, herri gisa erantzuteko deia luzatzen dizuegu. Txirrindularitza bai! Inposaketarik ez! Euskal Herria nazioa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.