Idazlea

Trump-Putin: internazional atzerakoi berriaren birmoldaketa abian da

2025eko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lyá Budraitskis errusiar ezkerreko intelektualak horrela aipatzen du Ukrainaren sakrifizioa: «Ukraina, herrialde inbaditua, sakrifizio handiekin hiru urtetako gerra izugarri honetan, erasotzaile inperialistaren armada izugarriaren aurrean gai izan da bere independentzia defendatzeko. Jakina, hori ez zen posible izango Mendebaldeak armaz hornitu izan ez balitu, baina faktore nagusia Ukrainako herritarren ausardia eta motibazio handia izan dira».

Michael Roberts ekonomialariak honako hau esaten du: «Errusiak Ukraina inbaditu izanak galera izugarriak eragin dizkio Ukrainako herriari. 46.000 zibil eta, agian, 500.000 soldadu hilak izan dira. Milioika pertsonak atzerrira ihes egin dute, eta beste milioi asko beren etxeetatik alde egitera behartuak izan dira. Kievek bere zerbitzuko langileen 50.000 kide galdu ditu. Ukrainako BPGa %25 jaitsi da, eta 7,1 milioi ukrainar pobrezian bizi dira orain».

Errusiak bere inbasio orokorra 2022ko otsailean abiarazi zuenean, AEBek Zelenskiri herrialdetik ihes egiteko aholkatu zioten hasiera batean, uste baitzuten ez zegoela aukerarik armada errusiarra oinetan gelditzeko. Hala ere, ukrainar herriak errusiar tropen atzeraraztea lortu zuen, AEBen eta Putinen harridurarako. Orduan hasi ziren AEBak eta NATO Ukrainari laguntza militarra eta ekonomikoa ematen. Dena den, laguntza mugatua, Ukrainak eutsi ahal zezan, baina ez nahikoa Errusia derrotatzeko. Helburu hori inoiz ez zen egon auziaren mamian.

Hori guztia kontuan izan beharko genuke, Trump Estatu Batuetako presidentetzara heldu denetik izan den aldaketa ondo neurtzeko unean. Orain AEBek emandako laguntzaren ordainean (izugarrizko negozioa izan da armagintza industriarako), bere lurretan dauden mineral arraroen ustiaketa ezarri nahi dio Ukrainari, eta gainera, labankada moduan, Putinek lapurtutako eremu geografikoa ontzat hartzea behartu bakera heldu nahi bada. Hau da, bi inperialismoren aliantzak Ukraina kolonizatu nahi du, bakoitzak beren interesen arabera.

Ez da lehen aldia potentzia inperialista handi batek norabidea aldatu eta bat egiten duela etsai zahar batekin. Gogora dezagun nola Richard Nixon bat-batean Txinara hurbildu zen 1970eko hamarkadaren hasieran, Vietnamgo gerra hainbat urtez luzatzea ekarri zuena (Maok laguntza murriztu zion Ipar Vietnami). Baina bada aurrekari bat are harrigarriagoa: 1939ko Hitler-Stalin ituna. Alemania faxistaren eta Errusia estalinistaren arteko aliantzak argi berdea eman zion Bigarren Mundu Gerrari.

Orduan bezala, gaur egun, Ukrainaren patuak mundu osoari eragiten dio, estatu txikien eskubide eta subiranotasunaren auzia mahai gainean jarri baitu. Ukrainako lurraldearen eta baliabide naturalen zatiketari dagokionez, Trumpek Putinekin duen itunak aurrera jarraitzen badu, 1938ko Municheko itunaren antzeko aurrekari bat sortuko du, eta erakutsiko du estatu txikiak peoi hutsak direla potentzia handien jokoan. Horrek kezkatu beharko gintuzke.

Gaizki deitutako bake plan honek aurrera egingo balu, Ukrainaren zati batean Putinek anexioa bermatu eta oraindik kontrolatzen ez duen lurraldearen zati batzuk lortuko lituzke, eta beste zatia inperialismo estatubatuarraren kolonia ekonomikoa bihurtuko litzateke. Errusiak anexioa bermatzeaz gain une honetan nahiko murriztua duen aparatu militarra berreraikiko luke (indar errusiarrak ia akituta daude jasan dituzten galera handiengatik, bereziki soldadu eta armamentu astunetatik, tankeak eta artilleria piezak kasu), etorkizun batean inguruko herrialdeei eraso berriak prestatzeko. Errusiak Europa osoa jazarriko duela asmakizun interesatua eta gezurrezko hipotesia izan arren, ez baitu horretarako indar eta interes nahikorik, ezin da ezkutatu baduela interes inperialistarik bere bizilagunekiko, batez ere, Finlandia eta Herrialde Baltikoekiko. Moldavia eta Georgia ere bere jomugan egongo dira. Herrialde horien izua Errusiarekiko, guretzako gehiegizkoa lirudike baina ez ustela. Historia lekuko.

Gurea ezin da izan Bakea nahi baduzu prestatu gerra! oligarken eta militaristen predikua. Aldiz, Hiltzen gaituen gerrarik ez! Eta zapaltzen gaituen bakeari ere ez! eta ez Pax Romana gezurtia.

Alde horretatik, gauzak garbi. Europar Batasunak Ukrainari laguntzeko aitzakiaz armagintza lasterketan sartu nahi gaitu, eta gerra giroa hauspotu. Armamentuan eta armadetan 800.000 milioi gastatu nahi dituzte. Horietatik 650.000 milioi estatu bakoitzetik atera beharko dira; beste 150.000 milioi, berriz, Batasunaren aurrekontuak babestutako zor mankomunatuak izango dira. 

Asmo horiei ezezko borobila adierazi behar diogu, eta gaitzetsi NATOren presentzia gure lurraldetan, bere desegitean alde lan eginez. Bloke militar guzien aurka (NATO, OTSC, AUKUS) Mendebaleko edo Ekialdeko blokea izan, eta desnuklearizazioaren alde.

Dena den, Ukraina auziaz harago, komenigarria da antzematea zer dagoen Trump-Putin itunaren atzean. Aspaldi gaitzetsi ohi dugu egungo Europar Batasun neoliberalaren edo AEBetako Alderdi Demokrataren jarrera inperialista, baina adi! Bai Trumpek bai Putinek nahi dutena da Europa eskuinekoagoa, atzerakoiagoa! Zeinetan Le Pen, Orban, Meloni, Abascal eta enparauak izan daitezen Europaren nagusi berriak.

Epe laburrean, plan honek Ukraina zapaltzeaz gain Mendebaldean dauden alderdi trumpistak eta eskuin muturreko subiranistak babestea du helburu.

Gurea beste bidea izan behar da: internazionalista, gerra inperialistaren eta arrazakeriaren aurkakoa. Erregai fosilik gabe, energia nuklearrik gabe eta agronegoziorik gabe. Bestelako Europa demokratikoa, soziala, feminista, irekia, eskuzabala eta ekologista. Gizarte-segurantza garatuz, zerbitzu publikoak indartuz, desberdintasunaren aurka borrokatuz eta pobrezia ezabatuko duen Europa eraikiz. Zeinak finantzak, energia, armamentu-industria (beste zereginetarako errekonbertituz) eta funtsezko beste sektore batzuk sozializatuko lituzkeena.

Hori da benetako bakea lortzeko biderik egokiena. Gurean eta edonon. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.