Idazlea

Turismo emozionala

2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Liburuaren Nazioarteko Egunaren egitarauan Donostian barrena literatur ibilbide bat antolatu zen hiria eszenatoki zuten eleberri batzuetan oinarrituta, hala nola Toti Martínez de Lezearen La Brecha edo Fernando Arambururen Patria liburuak aitzakia hartuta.

Halaber, iritsi zaidanaren arabera, laster, «Euskadin» zinemaren eta esperientziaren arteko lotura landu nahi izango dute ildo bereko proiektu batez bultzada turistikoa eman nahian.

Dagoeneko Ocho Apellidos Vascos filmarekin egin zen moduan orain La Infiltrada filmarekin edo Querer telesailarekin burutu nahi da aipatu egitasmoa. Badirudi literatur eskaintza gaztelaniaz baino ez zela izan eta zinemarena ere horrela ere izango dela.

Emilio Martínez-Lazarok zuzendutako Ocho apellidos vascos izeneko film espainiarra, Borja Cobeagaren gidoiarekin, espainiar estatuan historian gehien ikusi den filma bihurtu zen, eta dirua  biltzen bigarrena. Gainera, oraindik ere hedatzen ari den produktu zinematografiko eredu bati (Ocho apellidos catalanes, Ocho apellidos marroquís...) bidea eman zion. Irabazitako hiru Goya sariek, besteak beste, izandako arrakastaren berri eman zuten. Ildo horretatik argitaratutako kritika ia guztiak ere alde izan zituen: «Zergatik gustatzen zaigu hainbeste Ocho apellidos vascos izeneko filma?», zioten aditu espainiarrek; «Izan ere, zine aretoez gain, filmak ere arrakasta handia izan baitu telebistan, bigarren edo hirugarren ikustaldiari ondo eusten diolako. Agian ez zuen ezeren sinbolo izan nahi, baina haren mezua beharrezkoa zaigu...», esaten zuten.

Baina, zein ote zen mezu hori, ordea? Mezu umoretsu bezain politikoa zen, espainiar kulturatik eta arketipoetatik sortua, eta barrea eragiten zuen euskaldunon lepotik. Zergatik? Gutaz ari zela, irribarrea sortzen zuelako orduko egoera politikoa leundu nahian, eta komediak, tragikoa dena erlatibizatuz, irria eragiten du beti, jendea aldarte onean uzten. Horregatik gustatzen zitzaien horrenbeste espainiarrei, Ocho apellidos vascos-ek kontzientziak lasaitzen zituztelako, «kanpotik» ikusten baitzuten. Niretzat, ordea, gustu txarreko txisteak eta pertsonaiak, batere graziarik egiten ez zutenak ziren, eta, funtsezkoena, ezkutuan ildo politiko jakin baten tesiei indarra emateko balio izan du, espainolismoari alegia. Okerrena da espainiar ikuspegitik eta espainiar kontsumo kulturalerako sortutako produktu hura bezalakoak berdin ekoitzi eta zabaltzen dituela ETBk Euskal Herrirako.

Antzekoa gertatu zitzaidan Patria eleberriarekin eta HBOk ekoitzitako izen bereko seriearekin. Azken honetan sinesgarri bihurtu nahi izan zuten istorioaren diskurtso manikeoa enpresariaren emaztearen minak bikain antzeztuta. Horregatik saritu zuten Patria telesailetarako Platino Sarien irabazle nagusi bihurtuz, zeren eta lortu ahal zituen bost sarietatik lau eskuratu baitzituen, Serie Onenarena eta Emakumezko Aktore Onenarena barne.

Aramburuk Ocho apellidos vascos filmean bezain modu grotesko eta sinplifikatuaz heldu zion Euskal Herriko borroka politiko-militarrari, baina bere bertsioa, komedia izan beharrean, tragiko eta propagandista zen, ETAren balizko porrota literatur bazka lantzeko eta gaia («gauza» deitu zion euskal idazle loriatu batek berez tragikoa zena erlatibizatu nahian edo...) betiko narratiba espainiarraren eremuan kokatzeko, zeinean, independentziaren aldeko borrokalariei, haren logikan, eta inolako aringarririk gabe, gaiztoen, ankerren eta zitalen paperak zegozkien. Patria izan da Espainiako gizarteak euskal gatazkari buruz espero eta behar zuen eleberria. Baina ez nobelarentzat ez eta telebistako seriarentzat ere, kontua ez da euskal gatazkaz hausnartzea, murgiltzea eta ulertzen saiatzea, baizik eta gatazkaren kontakizun jakin batez gozatzea horretarako zain izan den publiko baten (Espainian gehiengo handia dena) gusturako idazten edo filmatzen. Orain, ordea, hurrengo urratsa dator, La Infiltrada filmarekin ez da soilik espainiar poliziaren irudia zuritu nahi baizik eta haren oihartzuna Euskal Herriko karriketara eraman behar da turismo hutsala sustatuz.

Edozeinen begiei eguneroko gertaerak baino ederrago lirudiketena zera da, sortzaileak eragin duenaren irudikapen konposatuaz jabetzea. Bertatik bertara ezin izango dugu inoiz ikusi Ehun metro-ko etakidea korrika Donostiako Plaza Berrian, haren istorioa Ramon Saizarbitoriak idatzitako fikzioa baita, eta Alfonso Ungríak irudietara eraman bazuen ere, ustez hori gertatzen diren toki fisikoetan ia hautemanezin izango baitzaigu testu haiek gurengan eragindakoa aldez aurretik eskuratu gabe. Izan ere, edozein paisaia gainazal axolagabe bihurtzen baita haren berri eman duen liburua edota filma ezagutu ezean, eta, ondorioz, mota horretako ekintza turistikoen bidez hura ezagutu nahi izatea noraezera eramango gaituen azaleko ezaguera besterik ez da izango.

Proustek, ironikoki, zioen Moneten margolanak ezagutzeko ez genukeela Illiers-Combray bisitatu behar. Aitzitik, literaturari eta bizitzaren dastatzeari benetako omenaldia gure munduari sortzailearen begiekin begiratzea izango litzateke, eta ez alderantziz. Horrela, gure inpresio pertsonalei kasu eginez, emango diogu balio bizitutakoari eta ez dagoeneko salgai bihurtu duten produktu kulturalari begira soilik.

Nolanahi ere, turistaren begirada errutinatik ateratzea da beti kontua, bizitza modu politikoan behatu ahal izateko. Maryse Conde idazleak, kolonialismoak eragindakoaren ondorioez La vie sans fards idazlanean (2014) sentipenak nolabaiteko ametsak direla dio, eta zapalduon literatura politikoaren lana, bada, kolonizatuaren ametsak idaztea dela dio.

Auzia da, ordea, gure bizitza osoa besteren kontakizunez egina dagoela eta, askotan, besteek sortutako narrazio batean bizi garela iruditzen zaigula. Kapitalismoaren tranpa nagusia da dena merkantzia bihurtu egiten duela aberastasuna helburu bihurtuz, eta hori lortzeko narrazio batzuk arbitrarioak, zapaltzaileak eta zanpatutako belaunaldien kontura egiten dituela. Horrela, turismoa, egun, ez da, jada, tokiak bisitatzea, emozioak erostea baizik, esperientziak partekatzea alegia, baina, ildo beretik, tokian tokikoa bere hartan ezagutu beharrean ohiko bertsioari erreparatzea askoz errazago eta produktiboa denez, bakoitzari entzun nahi duena eskaintzea da kontua, literaturaren, zinemaren eta «kulturaren» izenean ematen bada ere. Horrenbestez, Patria eta enparauak izan baziren Espainiako gizarteak euskal gatazkari buruz espero eta behar zituen eleberri eta filmak, orain hona datozen turistei ere mota horretako «esperientzi funsgabe» bezain arinak emango zaizkie ekitaldi kulturalak direlakoan eta bertako erakundeen sustapenarekin. Ederki goaz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.