Cira Crespo.

Turismo frankista

2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bartzelonan jaio nintzen, 1980an. Gaztetan, 90eko hamarkadan, nire denbora-pasetako bat Ramblan behera jaistea izaten zen, nire lagunarekin batera, turista taldetxo horiek nondik ote zetozen asmatzera. Artean, nire Rambla maitea desitxuratu gabe zegoen. Orain, berriz, turistak nondik ote datozen jakiterik ez dago, uholdean nahastatuta baitatozkigu. Ez ditut nire kaleak ezagutzen.

Udan Tordera ibaiaren bokalerajoaten ginen. Denborale baten ondorioz, delta txiki bat sortu zen bertan,eta hegaztientzako atsedenleku eta bizitoki aproposa bilakatu da. Oasi txiki bat dirudi. Tamalez, hango herriak, Blanes eta Malgrat, turismotik bizi dira, aspalditik. Eta, aspalditik, halaber, deltatxoaren ingurua kanpin zabalez betea dago. Kanpinean egoten direnek, jakina, ez dakite ezer deltatxo horri buruz eta, ondorioz, ez dute zaintzen. Zuk txoriak udalek eraiki dituzten behatokietan ikusi nahi baldin badituzu, buelta ederra egin beharko duzu, kanpin guztiak inguratuz. Kanpinen lurraldea baita leku hura.

Oso argi gogoratzen naiz: duela hogei urte baino gehiago penintsula zeharkatzen ari ginen, kotxez, Bartzelonatik Granadarantz, eta Benidormen paretik igaro ginen. Ez nuen ezagutzen. Negargura etorri zitzaidan. Alacanteko zona polit hartan, etxe orratz imajina ezinak, beldurgarriak, pilatzen ziren. Nola da posible hain politika urbanistiko zentzugabea burutzea? Bada, berrogei urteko diktadurari esker, besteak beste.

Historia ikasten ari nintzela, Espainiako historia garaikideko irakasleak frankismoaren politika atzera-bueltarik gabeko batzuk deskribatu zizkigun, eta aipatu zuen, noski, hirigintza-politika. Desarrollismo delako politika horrek Mediterraneoko kosta suntsitu zuen; hau da, gure Kataluniako lurraldeak. Horrek ez dauka bueltarik. Ez hori bakarrik, lur ongarritua utzi zuen gaur egungo garapen turistikorako. 2020an, The Guardian egunkarian, artikulu bat atera zen, izenburu argigarri honekin: From bombs to Benidorm: how fascism disfigured the face of Spain (Bonbak lehenengo, Benidorm azkenik: faxismoak nola desitxuratu zuen Espainiaren aurpegia). Benidormen historia eredugarria azaltzen zaigu bertan. Pedro Zaragoza alkate frankistak (Chirbesen nobela batetik ateratakoa dirudien izen horrekin) 1950eko hamarkadan hasi zuen bere obra magna, bere amets eroa: arrantzale herri xarmagarri bat Europako zentro turistiko itsusiena bihurtzea.

Hori egiteko ekintza ikusgarriak egin zituen, bere garaian ospea eman ziotenak. Franco bisitatzera joan zen, Vespa baten gainean, Benidormetik (lagun-min egin ziren, antza). Edota, Laponiatik Benidormera laponiar familia bat ekarri zuen. Laponiarrak aho-zabalik geratu ziren, nola ez. Edo, Bizkaiko kutxarekin adostuta, Euskal Herritik 150 ezkonberri gonbidatu zituen beraien eztei-bidaiaz gozatzera. Beharbada ordukoa da Euskal Herriaren eta Benidormen arteko maitasun harremana.

Hori guztia ematen zuen frankismoak, eta diktadurek orokorrean: inpunitatea, eta esku askea izatea nahi zenuena egiteko. Faxismo frankistari esker aukeraturiko agintepeko zeinahi lurralde, zeinahi kultura, ingurugiro, gizarte, arkitektura suntsi zitekeen. Gero, gainera, frankistek oso erraz izan dute Espainian, zeren guztia zuritzea ere lortu baitute, lasai asko. Adibidez, iaz Espainiako progresiaren irrati-kate nagusiaren webguneko artikulu batean Pedro Zaragoza alkate frankista honela definitzen zuten: «campechano, cercano y con una cabeza muy adelantada a su tiempo». Xaloa, gertukoa eta gogoa garaiari zegokiona baino aurreratuago zeukana, beraz (campechano asko daukagu gure artean!). Hain zuzen, campechano horrek ez zuen inoiz bere militantzia falangistarik utzi, besteak beste, PP demokratikoegia iruditu zitzaiolako, eta falangista hil zen, 2008an.

David Segarra kazetari eta dokumentalista valentziarrak, bere lurraldeari buruz asko pentsatu duenak, joan den egunean txio esanguratsu bat idatzi zuen: Noiz sartuko da Benidorm Detroit fasera? AEBetako hiria da Detroit, bere ekonomia guztia automobilaren industrian oinarrituta zeukana, eta, hori pikutara joan zenean, hiri guztia eraman zuen gain behera. Orain mamuturiko hiria omen da, pabiloi erraldoi hutsez eta kale abandonaturiko eremuz inguratua. Benidorm eta Herrialde Katalanetako kostako beste hainbat herri turistikok ere (Cadaqués, Blanes, Calella, Sitges, Salou... eta abar, eta abar) bere etorkizuna guztiz hipotekatuta daukate. Turismoa bukatzen denean, eta bukatuko da, herri hauek desagertu egingo dira, seguru asko.

Gure kosta leunak, gure eguzki goxoak eta gure posizio politiko eta kultural subsidiarioak, kolonizatuak, kondenatu egin gaitu. Tragedia hori ere sakonki sentitzen da gure uharteetan. Mallorcak, pandemiaren ondoren, inbasio turistikoa jasan behar izan du. Gero eta jende gehiago, beti gehiago. Eta horrek gogorarazten dit unibertsitatean ezagutu nuen Eivissako mutil hura. Bere irlaz maitemindua eta mindua zegoen mutil xume isila, eta militante hark bere irlaren tragedia nola kontatzen zigun. Burutu al da dagoeneko suntsiketa? Orain ia inork ez daki Ibiza Eivissa denik.

Gure jendea saiatzen da; batzuek borroka egiten dute. Azken urte hauetan Mallorcaren egoera salatzeko talde bat sortu da: Terra ferida du izena. Lur zauritua. Segadors-en gerran segalariek kantatzen zuten leloak ere lurra du protagonista: Visca la terra, mori el mal govern. Gora lurra, hil bedi gobernu txarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.