Turkia bakarturik

Manuel Martorell
2016ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, joan berri zaigun urtean, Parisko atentatuek (Charlie Hebdo urtarrilean eta sarraskia azaroaren 13an) eta iheslari siriarren exodo andanak markatu dute Ekialde Hurbileko krisia. Horiei, ordea, beste bi egintza erantsi beharko litzaizkieke, aurrekoekin zerikusia dutenak biak ere: alde batetik, herri kurduaren protagonismoa Estatu Islamikoaren kontrako borrokan; eta, beste alde batetik, Turkiak jokatu rol zalantzazkoa, bera izanagatik ere NATOren aliatu nagusi munduko alderdi horretan. Gutxitan ez bezala, Siriako gerrak abagune urrezkoa emana zion Erdogani Mendebaldeko estrategiaren buruzagi izateko Sirian, eta, izatez, oposizio islamista «moderatu» baten aldera lerrararazi zituen bere aliatuak, baina benetako aldarte erradikala agerian geratu zitzaion arte bakarrik.

Alde horretatik, estrategia horren puntu gorentzat jo daiteke Kobaneko gudua; izan ere, Tayip Erdogan presidenteak behar baino lehen iragarri zuen hiri kurdu hori jihadisten esku eroria zela, eta uko ere egin zion airez laguntza emateari eta armak jaurtitzeari bere YPG Herritarren Babeserako Unitateei —PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak sustaturiko miliziak, gizonek eta emakumeek osaturikoak—. Baina Kobane ez zen erori, Mendebaldeko herrialdeak—batik bat, Frantzia eta AEBak— ez zeudelako prest Estatu Islamikoak kontrola zezan Siria iparraldea eta, gero —ziur aski—, herrialde osoa. Erdoganen etsigarri, Mendebaldeko potentziek erakunde kurduetara bideratu zuten beren estrategia, haiexek bakarrik baitziruditen gai —erregimenaz kanpo— hari aurre egiteko.

Lehendik ere elkarren aurka ibiliak ziren Frantzia eta Turkia 2015ean; desados egoteko arrazoiak izanak zituzten beste bi alditan, armeniarren genozidioaren urteurrenaren harira eta Parisen hiru urte lehenago izandako hiru militante kurduen hilketa argitzeko oztopoak zirela eta. Haserrea sorrarazi zuen, halaber, Kanpo Arazoetako ministro Bernard Kouchner bisitan joan izana YPG unitateetara, baina zera izan zen Turkiako Gobernuari egindako itsuskeria handiena: otsailaren 8an Eliseon egin zioten harrera ofiziala Asya Abdullah PYDko presidentekideari, eta Nesrim komandanteari, zeina borroka uniformea jantzita agertu baitzen ekitaldira, jihadisten kontra borrokatzeagatik mundu osoan ospetsu egin diren emakumeen ordezkari gisa. Ankararentzat, PKK-ko «terroristak» hartu izan balitu bezala izan zen; hain zuzen, aniztasun erlijioso eta etnikoan oinarrituriko sistema federal bat proposatua du hark, eta gero eta onartuagoa da herrialdearen etorkizunerako alternatiba bakar gisa.

Frantziako herrialdea izan da lehenengoetakoa zalantzan jartzen Turkiaren pasibotasuna Estatu Islamikoaren inguruan, bai eta kurduei eta beste gutxiengo mehatxatu batzuei laguntzen ere. Ez da izan kasualitatea, bada, atentatu horietan (Diyarbakir, Suruc, Ankara, Paris…) Frantzia eta kurduak aukeratzea jomuga behinentzat Estatu Islamikoak, zeinek Turkia baitzuen bihurtua bere bide nagusitzat Europako zelulak eta Irakeko eta Siriako erabakitze guneak harremanetan jartzeko.

Arrazoi horregatik, hainbat ahots ere agertu ziren hura NATOtik egozteko eske, eta Obamak zuzenean esku hartu behar izan zuen Erdoganek jarrera irmoagoa har zezan jihadisten mehatxuaren aurka. Baina peoi berririk ez zuenez Siria barruan mugitzeko eta Europari ezin zionez bizkarra eman bere kontaktuak Errusiarantz eta Iranerantz zuzentzeko, beste abagune batzuetan mehatxu egin bezala, Turkiako Gobernuak Europaren aurrean bere burua baliatzeko ahalbidetzat hartu zuen iheslari siriarren exodoa.

Dagoeneko ezin eztabaidatuzkoa da presio politikorako arma gisa erabili izan direla iheslariak aliatuen arteko desadostasun honetan. Iheslarien dramari buruzko hitzarmena egin aurretik EBrekin, Turkiako kostaldean ia ez zegoen polizia zaintzarik, eta salbamendu txalekoak milaka saltzen zituzten hiri handietan, hala nola Bodrumen eta Istanbulen; hitzarmena egin eta gero, Egeoko hondartzak zaintzen hasi ziren Armada eta Polizia, eta zeharo gutxitu zen iheslarien emana.

Egiaz, litekeena da negoziazio horretan Erdoganek zenbaitetan amore emanarazi izana EBri, baina ez dirudi halako xantaia bat hain erraz ahaztuko dutenik Frantziak, Alemaniak eta Europa erdialdeko beste hainbat aliatuk, ez eta hark islamismo erradikalarekiko duen jarrera ezinago susmagarria ere. Eta Errusiaren gerra hegazkin bat eraitsi izanak, Parisko atentatuen ondoren Hollande eta Putin oraintxe ari zirelarik koordinatzen Sirian elkarrekin aritzeko jardun bateratu bat, nazioartean—1923an errepublika aldarrikatuz geroztik— inoiz baino bakartuago utzi du Turkia.

Egiaz, abantaila bakarra lortu du, Estatu Islamikoaren kontrako borrokan gehiago esku hartzearen eta iheslariei ateak ixtearen truke: isiltasun konplizea, bere lurralde kurdu propioen kontra eragindako sarraski kanpaina dela eta. Uztailaz geroztik, hainbat hiriri eraso diote milaka soldaduk eta poliziak —tankeak, artilleria eta hegazkinak erabiliz—, eta, haietan izandako borrokek eragindako suntsiketari erreparatuz gero, Siriako hiri askotakoa bezainbesteko hondamendi itxura izugarria ageri dute.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.