Txalaparta txahal aparta

2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Santimami├▒en, labar-pinturez gain, eskuz kolpatuz gero txalapartaren antzeko soinua sortzen duten estalagmitak aurkitzen ditugu. (...) Zurezko oholak jartzeko modua estalagmitek koban hartzen dutenaren oso antzekoa da, eta hartara, tresna honen jatorria Goi-Paleolitoan dago┬╗. Berriki izan dut honako adierazpena biltzen duen antropologo baten lana eskuartean. Ezinbestean, hona oharra.

Hamaika hausnarketa irakurri dugu, aspaldidanik, euskal musika tresnez, haien jatorriaz, idiosinkrasiaz, etab. Joera nagusi bat gailendu da zentzu horretan, izan ere, gure tresna guztiei bilatzen baitzaie (obsesioz batzuetan) funtzioa, esanahia, antzinatasuna... nolabait, haiek balioztatzeko justifikazioaren beharra balego bezala.

Txalaparta antzinakoa datekeela seguru, baina ez dugu datu zehatzik. Bi ekintza sozialen inguruan agertu izan da oro har, kirikoketa eta tobera bezala; batetik, auzolanaren testuinguruan, eta bestetik, ezteietan.

Kanpotik etorria deritzodan joera mitifikatzaile eta sinbolista hori, maiz bertako batzuek haratago eraman dute burutapen ulergaitzak eta legenda-kutsuzkoak eginez. Delako antropologo honen gogoeta (Beltranen ikerketak sikiera ezagutuko balitu...) horren adibide garbia da.

Gako bakartzat hartzen den antzinatasunaren auzi hori, gainera, euskaldunaren moduak arkaikoak direla agertzeko erabiltzen da besteren aldetik. Gure musika zaharkitua, modaz pasatakoa, tribala eta folklorikoa (peioratiboki) dela ulertzen du askok halako adierazpenak egitearen ondorioz.

Tresna hau atzokoa izan zen, baina gaurkoa ere bada. Zergatik? Jostatzeko balio digulako, musika egin dezakegulako, artea delako, erabilgarri gertatu delako, oro har. Gainera, nortasun-ikur bihurtu da eta funtzio asko betetzen ditu. Eta gustatzen zaigu. Zertarako mitologiaren laino sakonetan eta teoria esoterikoetan galdu?

Gure tresnek balioa izateko mendeetako bizitzaren familia-liburua behar dute, nonbait (orduan bihurtzen baitira bitxi eta exotiko, alegia, deigarri, museo-gai). Eric Claptonek artea egiten du eta kitto. Gitarra noiz danikoa den? Ez dakigu. Eta bost axola gainera! Artista galanta baita.

Gurea (ez bakarrik musika-tresnak) beti kolokan jartzen den honetan, ez dugu sekula aitortzarik jasoko; euskaldunak tresna arraro horiek erabiltzen ditu besteengandik bereizteko, politikoki erabiltzeko. Hala diote. Baina... zer esan genezake, ordea, Lopez lehendakariak kargua hartu zueneko ekitaldiko oboearen erabilpen politikoaz?

Euskaldunarena txistua eta pandereta, txalaparta edo trikitixa... Ez dira, bada, gureak ere zeharkako flauta, pianoa edo biolina? Noski baietz! Hara Sarasate musikari bikaina adibidetako. Euskaldunarena bortuko artzainen kantua, korala eta erromerietako kopla; ez baina, orkestra, ganbera-musika, musika klasikoa...? Ez to! Sorozabal euskal konpositore handia ez al da eredugarri?

Herri aitortu ez garen neurrian, gurea beti diru xehea eta bukolikotasuna izanen da estatu boteretsu eta duin baten sakelan; Joseba Tapia edo Maddi Oihenartek ez dute egiazki merezi duten miresmen eta izena, beti izanen dira artista lokalak, etnikoak, txikiak... eta hain justu, aurkeztu dudan adierazpenaren gisakoek fabore txikia egiten diote gure kulturari.

Halako interpretazio eta teoriak, bestetik, gurea nazionalismo musikala dela esateko baliatu dira maiz aski. Noski, gutxiespen eta xenofobia asmo leungarria da, baina hor dago eta egunero eragiten du. Gureari eskatzen zaion purutasuna, orobat, ez zaio beste askori eskatzen, eta gauzak honela, iruditzen zait guri dagokigula XXI. mendeko gizarte baten tokia (eta errespetua) lantzea eta aldarrikatzea. Izan gaitezen serioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.