Txertoak, ondasun unibertsalak

2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Dagoeneko zer edo zer ikasi badugu, koronabirusaren pandemiak sistema ekonomiko eta politiko honen ahuleziak erakutsi dituela ikasi dugu, hau da, mugarik gabeko kapitalismoarenak. Ezin arrakala handiagoa zabaldu da planetaren eta bertako gizakion artean. Birusaren jatorria etaeragina gorabehera —eta eragina diodanean ez naiz ari alderdi epidemiologikoarengatik, ezpada muga sozialengatik—, egia da ikerkuntzaren eta lankidetzaren garrantzia azalarazi duela mundu osoan, gizateria osoaren erronka bihurtu baita.

Ehunka ikerketa taldek egindute lan mundu osoan txertoak eta bestelako medikamentuak bilatzen CODID-19aren gaitza eta haren aldaerak tratatzeko. Ikerketa horietako batzuek txertoak izan dituzte emaitza, eta dagoeneko herritarrei jartzen ari dira besteak beste Pfizerrena, Astra Zenecarena eta Modernarena, zeinak, arazoak arazo, Europako Batasunean banatuak izaten ari baitira. Gainera, Errusian oraintxe bertan Sputnik V txertoa ematen ari dira, eta badirudi laster helduko dela EBra, Europako Batzordeak trabak jarrita ere. Txinan, berriz, Sinopharm dute. Hortik kanpo, Espainian, CSIC borrokan ari da, nahiz baliabide urriekin, txerto propio bila.

Eta, jakina, Kuba, AEBek blokeatuta jarraitzen duen herria, dagoeneko bere Soberana 2 eta Abdala txertoen III. fasean da. Horiek herritar guztiei jarri ondotik, garapen bidean diren herrialdeen eskuetan jarriko dituzte.

Kubako txertoak ez bezala, EBn eta AEBetan garatutako txertoen erdiak baino gehiago dozenatxo bat herrialde aberatsetan ari dira banatzen, eta milaka gutxi batzuk baino ez dira iritsi Afrikara. Jakina, Errusia eta Txina beren ekoizpen gaitasuna aprobetxatzen ari dira agerian uzteko kontinente zaharraren eta haren aliatu estatubatuarraren elkartasun falta.

Esan gabe doa proiektu horietako gehienak aurrekontu publikoen bidez finantzatuta daudela, laborategia edozein dela ere. Horrek erakusten du zein garrantzitsua den inbertsio publikoa osasunean, ikerkuntzan eta garapenean, eta bistan gelditu da patenteen eredua birpentsatu beharra dagoela, interes komunaren zerbitzuko egon behar lukeelako eta ez enpresa jakin batzuen zerbitzura.

Dena den, aurreneko txertoak banatzen ari diren hilabete hauetan, zenbait arazo izaten ari gara laborategiekin, kontrolatzeko zailak baitira Europako Batzordearekin sinaturiko kontratuen opakutasuna dela medio. Susmo aski errotuak daude gehien ordaintzen ari diren herrialdeetara bideratzen ari direla ekoizkina.

Baina hori jada larria bada ere, arestian esan dugun moduan, konturatzen gara txertoa ez dela mundu osoan berdin banatuko baldin eta ez badira aldatzen nazioarteko komertzioan nagusi diren zenbait logika. Horregatik, ahaleginak eta bi egin behar ditugu mundu mailako pandemia honi irtenbidea modu global eta ezohikoan emateko, mundu guztiko baliabideak gizaki guztiei banatzeko herrialdearen eta pertsona bakoitzaren diru sarrerak gorabehera.

Hori dela eta, Europako Ezkerreko Alderdia eta Europako Parlamentuko Ezkerraren Taldea osatzen dugunindar guztiek asteak daramatzagu #Right2Cure kanpaina bultzatzen; horren bitartez babesa bilatzen ari gara COVID-19aren txertoa doakoa eta unibertsala izan dadin eta txertoen patenteak liberaliza ditzaten, gutxienez pandemia honek dirauen artean. Arrazoi etikoak eta osasun publikokoak daude horretarako, baita eraginkortasun arrazoiak ere; izan ere, farmazia industriaren ikerketetarako emandako diru publiko pila hori publikoarengana itzularazi beharra dago.

Ostegun honetan, legez besteko proposamen gisa, Elkarrekin Podemos-Izquierda Unidaren ekimena eraman du Eusko Legebiltzarrak; asmoa da Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua eta Europako Batzordea ildo horretan inplikatzea, Merkataritzaren Mundu Erakundeak ahalik eta lasterrena onar ditzan txertoak sarbide libre eta seguruko ondasun unibertsal gisa.

Badakigu gai konplexua dela, baina berebat esan ziguten EBren Egonkortasun Ituna eta gastu araua ukiezinak zirela, eta hortxe daude etenda, nahiz etena behin-behinekoa izan.

Gai horren bueltan eztabaida izan den aldiro ez gara bat etorri izan. Eta, gure gobernuentzat, antzinako ongintza mota bat da elkartasuna, modernotasunez mozorrotua. Arazoaren sustraira jo beharra dago: jabetza pribatua, eta produktu baten (hau da, txertoen) bizkar aberastu nahia. Izan ere, bizitzak salbatzea behar genuke helburu bakar —zeinahi izanik ere jaiotzea tokatu zaigun herrialdea—.

Horregatik, eta jakinda adabakiak jartzea baizik ez dela, Europan eraman dugun ekimena Euskadira ekartzea proposatzen dugu, eta, aldi berean, patenteak liberalizatzeko are diru publiko gehiago jartzea txertorako sarbidea librea izan dadin. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak diru gehiago jarri behar dute COVAX funtsean, eta gehiago ahalegindu osasun arloko garapenerako lankidetzan.

Esan ohi digute denok goazela itsasontzi berean. Baina planeta den itsasontzi honetan, klase asko dago; dena den, oraingoan, edo denok txertatzen gara edo ahalegina alferrekoa izango da. Behin ere ez da berandu zuzentzeko eta txertoak ondare unibertsal gisa jotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.