Jose Mari Esparza
Editorea

Txibite: egin zaitez abertzale

2025eko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nire herriko abertzale zaharrek zioten bazela San Martin Unxen erretore bat, Juan Pedro Zarranz, eta duda egiten zuela abertzaletasunak pertsonak on egiten ote zituen, edo pertsona on guztiak ote ziren abertzale. Nik beti kontsideratu nuen gure herrikidearen (geroago apezpikua izan zena) ateraldi umoretsu bat besterik ez zela. Alta, gerora buelta asko eman dizkiot ateraldi horri, eta gero eta zalantza guttiago ditut: lur honek zinez jende zintzoa sortzen du, bereziki bere sorterria maite eta defendatzen dutenen artean.

Agian gure etnizitateari atxikia dago, gure antzinako gizarte komunal, berdinzale eta kolektibistaren aztarna bat edo, auzolanean eta emandako hitzaren balioan oinarritua. Egia erran, bidaiari guztiek aspalditik nabarmendu dute euskaldunen zintzotasun jator hori.

Arturo Kanpionek, El genio de Navarra-n, 1867ko Parisko Erakusketa Unibertsalaren txosten berezi bat aipatzen zuen, honakoa zioena: «Delituak oso bakanak dira euskal lurraldeetan... Fruituek soroetan iraun dezakete, eta aziendek gauak han eman, batere zaintzarik gabe, ezpada Jainkoaren Legearen zazpigarren agindua besterik». Thieblin iparramerikarrak, matxinada karlista betean bisitatu gintuen, eta Europan euskaldunen basakeriaz bereak eta bi erraten zirenean, adierazi zuen Euskal Herri matxinatu osoan zehar lasai asko paseatu zitekeela armarik gabe, eta erabateko lasaitasunez. 1878ko maiatzean, nabarmentzen zen Hego Euskal Herriak zuela Espainiako estatu osoan biztanleria penal txikiena, batez ere «euskal hizkuntzak sustrai sakonak zituen tokietan», Euskara Aldizkarian irakur zitekeenez. Azken bidaiarietako batek, Tschiffely ingelesak, bere liburu batean azpimarratu zuenez, 1951ko sanferminetan «euskal herritar zintzoek ez diote inori lapurtu, hordi baten diru-zorroa ere guztiz seguru dago, eta baliozko edozein gauza».

Estatistika guztiek baieztatu dutenez, indarkeria politikoaren azken garaietan ere, lurralde abertzaleek kriminalitate, lapurreta, eraso sexista eta xenofoboen indize baxuenak zituzten, oraindik ere. Kontsultatu besterik ez dago: datu ofizialak dira.

Herriaren zintzotasun atabiko hori, jakina, bere klase politikoan islatu zen. Bidaiariek arlo publikoaren administratzaile zintzotzat jotzen zituzten. Ez naiz ni hona etorriko EAJri distira ematera, baina tentelkeria litzateke ez aitortzea 40 urtean boteretik administratzen ibili ondotik, haren ustelkeriak (egon badago) ez duela zerikusirik inguratzen gaituenarekin. Josu Jon Imaz ate birakari batetik irten zen Repsolera, eta bere alderdiko lehendakari Xabier Arzalluzek berak adierazi zuen «eredu txarra» zela «euskal gazteriarentzat». Garaikoetxea, Ibarretxe edo Uxue Barkos lehendakariei inork ez zien leporatu txakur txiki bat ere poltsikoratzea, eta ez da izanen estatu sakonak (Guardia Zibilaren UCO zaindari duela) gogo falta duelako.

Eskuin abertzaletik ezker abertzalera pasatuz, zintzotasuna are handiagoa da, esponentzialki. Herri Batasunaren garaitik gaur egun arte, Europa osoan ez da izan sektore politiko jazarriagorik, kontrolatuagorik eta fiskalizatuagorik. Gaur egun lurralde ordezkaritza handiena duena izanik ere, bertatik milaka alkate, zinegotzi eta parlamentari izan direlarik, ez da bakar bat ere egon, bakarra ere, Nafarroan dioten bezala, «una minza de cebolla» ere lapurtzea leporatu diotenik. Gauza bera erran genezake euskal gehiengo sindikalari buruz.

Erran dezagun argiki: beti dira patriotero espainiarrak golkoa bete diru lapurtu dutenak, beren DNA politikoan baitaramate: PP, PSOE eta UPN etengabe egon beharko lirateke susmopean. Begiratu, bertzela, haien historiari. Salbuespenek, egon ba badira, ez zuten salbatu Sodoma eta Gomorra.
 PSOEren kasua antologikoa da. Alderdi sozialista bat, entregatua eta sarraskitua. Bada, gauetik goizera jaka aldatu zuen, eta errepublikanoa izateari utzi zion, euskal batasuna hautsi zuen, zatitu egin gintuen lurraldean zein hizkuntzan, NATOn sartu, tortura eta gerra zikina instituzionalizatu... Jatorrizko etika galduta, lapurtzea bekatu benial bihurtu dute. Horrelaxe igaro dituzte 40 urte errege lapur bat defendatzen, bera bezalakoak baitira. Nafarroako PSOEko zenbat arduradun pasatu dira historiara txorizo ziztrinak bihurtuta? Ahaztu ote ditugu, akaso, Suitzan Malon, Otano edo Urralburuk zituzten kontuak? Inork gogoratzen ote ditu UGTri egindako prebendak? Zer esanen genuke sindikatu abertzale bateko idazkari nagusiak Gorraitzen txalet bat erosiko balu, non eta Nafarroako eraikitzaile nagusiaren aldamenean?

Eman diezaiogun bistadizo bat, adibidez, desagertutako Nafarroako Aurrezki Kutxaren funtsak hustu zituzten onuradunen zerrendari. Erraza da laburbiltzea: denak espainolistak, bat ere ez abertzalea. Antza denez, Cerdan eta Alzorriz beste begikate bi gehiago besterik ez dira. Auskalo zenbat gehiago etorriko diren. Badakigu: jatorrizko haritz-egurra berreskuratzen ez duen bitartean, Nafarroako PSOEren upelak ardo onik ez.

Maria Txibitek hori guztia jakin behar zuen zulo horretan sartu aurretik. Ez dut ezagutzen, baina uste dut benetakoak direla haren nahigabea eta malkoak. Ezagutzen dut haren familiaren zati bat, eta badakit ezpal onekoa dela. Hori bai, aholkutxo bat emanen nioke, zilegi bazait: irakur ditzala bere alderdiko biografia batzuk, hala nola Constantino Salinas, Salvador Goñi, Juan Arrastia, Jesus Boneta edo Julia Alvarezenak. Ongi letorkioke gogoratzea zer erran zuten 1936ko Fronte Popularraren manifestuan, euskal batasunaren eta kazikismoaren arteko harremanari buruz.

Maria: heldu berriz galdutako bideari. Eta Nafarroako Gobernuan jarraitzen baduzu, eta nik hori espero dut, inguratu zaitez jende abertzalez. Ikusiko duzu nola Zarranz apezpikuak arrazoi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.