Gune komertzial handi bateko arropa dendako langileei ez diete utzi terrazara igotzen eklipsea ikustera. Pixka bat lehentxeago irteteko baimena besterik ez zuten behar, ez zen hainbesterako... minututxo batzuk bakarrik ziren, baina denda barruan geratu dira, beharko, txintxo-txintxo.
Eklipsea gertatu den une berean Barçako emakumezkoen taldea partidu bat jokatzen ari zen. Harmailetako ikusleei betaurrekoak banatu dizkiete, baina jokalariei eskatu diete eklipsearen unean eguzkira ez begiratzeko. Berdeguneko ikuskizunak jarraitu beharra zeukan.
Hori unibertsitatera filologia ikastera joan eta olerkien bertsoetako silabak zenbatzen bakarrik irakastea bezain tristea da. Edo zientzia klasean eguzkiaren indarrari zenbakiak jartzeko eskatzea bezain tristea; txorien taxonomia bakarrik irakastea bezain tristea…
Bada hor blog polit bat (bai, oraindik ere badira blogak). Marginalia du izena, eta ingelesez wonder esaten zaion horri eskaini dizkio zenbait sarrera, harridurari, txundidurari, lilurari. Han aurkitu dut C. Scott Sherrington neurofisiologoaren aipamena: «Aldian-aldian haurtzaroko harridura berritzea da tarteka pentsamendu helduak izateko indarra elikatzeko bide ziurra».
Eta, hara hor, duela hilabete batzuk Espainiako egunkari batean gaiari buruzko artikulu bat aurkitu nuen, asombro delakoari buruzkoa. Puntu utilitarista bat zeukan, egia esan, eta ez zen batere mistikoa, nahiz eta niri kontua oso mistikoa iruditu. Artikuluan ziurtatzen zuten txundidurari esker estresa txikitu egiten dela, eta eskuzabalago bihurtzen garela, ona dela txundidura, bai norberarentzat, bai gizartearentzat, eta abar. Baina aipamen polit batzuk ere jartzen zituen kazetariak: «Haur baten berezko harridurarako joera bizirik mantentzeko, gutxienez heldu baten konpainia behar da, hori partekatu ahal izateko, eta haren bultzadaz bizi garen munduko poza, ikusmina eta misterioa berriro deskubritzeko».Â
Gogoratzen naiz nola hasi nintzen txoriak ikusten ez, baizik eta haiei begiratzen, adi. Lasaitasun ederra hartu nuen konturatu nintzenean gure gainetik, gure azpitik, leku guztietan, gure beharrik gabe, bizitza dabilela ibili, eta hor izango dela gero ere
Keltner psikologoaren ikerketen berri ematen zuen. Ikerlariak, txundidura emozioa ikertu ondoren, honelaxe zioen: «Munduari buruzko gure ikuspegia eguneratzera bultzatzen gaitu, baina ikuspegi egozentrikotik ere askatzen gaitu. Hutsal sentitzea argigarria izan daiteke, gure berehalako kezkak baino askoz handiagoa den zerbaiten parte garela gogorarazten digulako».
Eta honela jarraitzen du: «Trukean oinarritutako indibidualismoaren une gorenean gaude; gure motibazio iturri nagusiak desirak asetzea eta gizarte eskalan gora egitea dira; dena saldu daiteke, eta norbanakoa da —auzoaren, sendiaren, komunitatearen edo kulturaren gainetik— gizarte unitate garrantzitsuena».Â
Gogoratzen naiz nola hasi nintzen txoriak ikusten ez, baizik eta haiei begiratzen, adi. Lasaitasun ederra hartu nuen konturatu nintzenean gure gainetik, gure azpitik, leku guztietan, gure ahaleginik gabe, gure beharrik gabe, bizitza dabilela ibili, eta hor izango dela gero ere.
Eta, abuztu honetan, eklipsearen egunaz ere gogoratu naiz.
Ebroren deltara joan ginen familiarekin. Kataluniako lurralde hori berezia da alde askotatik, beste mundu bat. Uda beroak izaten ari dira azkenaldian, eta han behean, askoz beroagoak, hezeagoak. Hango etxola tradizional batera joan ginen, nire lehengusuak, han bizi denak, lortu ziguna. Kotxetik jaitsi ginen eta arroz soroz inguraturik aurkitu ginen, halaxe zegoen etxola; arros cobat edo arroz egosiaren usain sarkorra zegoen. Lastozko sabaia zeukan etxola luze bat zen, xarmagarria, eta beroa.
Arratsalde hartan kayak batzuk hartu genituen, deltan ibiltzeko. Ura bare zegoen, badia moduko bat baitzen. Ez zegoen sakontasun handirik, eta beste leku batzuetan baino gehiago berotzen zen ura (harrigarria zen, inoiz ez dut ukitu itsasoko ur hain epelik). Gure ibilbide txikian muskuilutegiak ere bisitatu genituen. Egurrezko egitura batzuk dira, uretan sartutako zutoin armazoi batzuk. Hain beroa zegoen ura leku batzuetan, muskuiluak hil egiten baitziren, eta gaur egun, tegi horietako batzuk abandonatuta daude. Kayakean joateaz gustatzen zaidan gauza bat isiltasuna da. Isiltasun polit eta lasaigarri bat zegoen han. Talde nahiko handia zen, baina dena oso lasai joan zen, isilik, pixkanaka-pixkanaka denok.
Urrundu ginenean oraindik ere baziren muskuiluak hazteko erabiltzen diren eraikin berezi batzuk. Leku horien gainean etxetxo moduko batzuk zeuden, palafitoak bezalakoak, eta hango familia batzuk mahaia prestatzen ari ziren, kopa bat eskuan, konpainian, eklipsea ikusteko prest.
Zortzietarako atzera ur ertzera, lurrera itzuli ginen. Kayakak hondartzatxoan utzi genituen. Gure zain zeuden irtenalditxoaren antolatzaileak, edateko zerbaitekin, eta bizkotxo zatiekin, ume baten urtebetetzea balitz bezala. Beroak lasaitze aldera egin zuen. Bainujantzian ginela, eklipsea ikusteko betaurrekoak jarri genituen. Polita izan zen eklipsearen prozesua bera, eguzkia estaltzen ikustea. Baina minutuak joan, minutuak etorri, egia esan gauzak ez ziren hainbeste aldatu, inguruan guztiak nahiko antzera jarraitzen zuen. Eguzkia ia erabat estalita zegoenean ere, argi zegoen dena.
Ibis beltzen talde bat ikusi genuen pasatzen zeruan. Hegazti saldo horiek nora zihoazen ez dakigu. Misteriotsuak dira animaliak, hainbatetan.
Eta orduan, ilargiak eguzkia estali zuen erabat.
Betaurrekoak kendu genituen. Ez genuen argazki gehiagorik atera.
Ezin da ikuskizun harrigarri hori bakarrik, inguruan beste inor ez duzula, ikusi, ez da gauza bera. Zure jendearekin ziurtatu behar duzu ikusten ari zaren marabilla hori egia dela, ikuskizuna harrigarria dela, bai, benetan. Horretarako zeuden han gure alabak, ama, Carles, lehengusuak, Ibai, eta italiar bat (iruditzen zait txundidurarako sentikortasun berezia daukatela horiek, eta orduan, ondo dago momentu horietan italiar bat izatea aldamenean, jakin dezazuen).
Eta ze handi ikusten zen Eguzkia Ilargiaren atzean, bere su koroa eder horrekin.
Ze edertasuna, ze pozgarria, a zer zoriona guk, gure gain hori izateagatik, eguzkia hor izateagatik.
Txundidura hura nirekin egongo da, betiko.