Asko ikasi dugu, duda izpirik gabe, larunbatetik astelehen iluntzera luzatu den asteburu zoragarri honetan. Ziur nago nire garuna ez dela iristen beste batzuk iritsiko diren punturaino, nago irakaspen gehiago eta interesgarriagoak aterako dituztela beste hainbatek, eta honako hauek eskas eta hutsal utziko dituztela, baina, kontxo, zer nahi duzue, beste batzuk baino kaxkarragoa izanagatik, neure aletxoa jarri nahi nuke baldin eta oraindik ere neure baitan bortitz sumatzen dudan zirrara iraunkor honek adimena zeharo lausotzen ez badit.
Heroien autobusaren iritsieraren zain-zain jarrita ginela, zein polita agertzen zitzaigun Kontxa gaina, gipuzkoarrok, euskaldunok, eta gurekin batean espainiar zein frantsesek hainbeste maite dugun zilarrezko kikaratxoa, Easo ederra, eguraldiak ere bere gala hoberenak erakusten zizkigula, egoeraren eta ekitaldiaren ederrak hunkiturik bezala. Gure bazter ederrak inoiz baino argiagoak eta inoiz baino txundigarriagoak ageri ziren. Zein itxarote eder-zirraratsua, baloi jokoan Espainiako onentsuenak ez badira hoberenetakoak direla erakutsi duten heroi andana ikusteko irrika urdurian geundela.
Hizketan hasi ziren herriko eta probintziako agintariak euskara hutsez, okasiorako mintzaldi ederrak buruturik; heroien kapitaina bera ere bai, eta halaber entrenatzaile miretsia bera ere, zeinak lauzpabost hilabetean Reala hondorik ilun eta sakonenetik gailur goreneraino altxarazten jakin duen, eta horregatik Trumpen naziotasun berberekoa izanagatik, gizanditzat daukagun guztiok. Alimaleko meritua duen mintzaldia egin zigun, etenaldi hala moduzkoak eta ahoskera ttipi batzuk gorabehera, neure jaioterriko Azkoitian nengoela egin nuen amets une batean, eta iruditu zitzaidan azken berrogeita bost urteotan lortu dugula euskara Donostian izatea nire gurasoen garaian Azkoitia haientzat zena linguistikoki, hots, guztiz hegemoniko etxeetan, kaleetan, elizan eta are plaza zabalean ere.
Ez zidan luzaro iraun ametsak. Banengoen susmoa hartuta neure artean: honek ez dik luzaroan horrela jarraituko, euskara hutsean! Ez baikaude horretara ohituak, tamalez, hain ezohiko izaki hori, non eta Donostiaren bihotzean! Zakar atera ninduen heroi taldearen bozeramaileak amets gozotik, aurreratu agertokian eta mikroa eskuan, gaztelaniaz egingo zuela adierazi zuenean, ametsa zapuzteagatik-edo barkamena eskatu ondotik. Realaren benetako arima eta kohesioa eta batasuna inork baino hobeki azaleratzen bide dituen jokalariak, hots, futbol-taldeak oso maitatua duenak, gogoz kontra bada ere, gaztelaniaz egin beharra ikusi zuen jokalarien bana-banako aurkezpena egiteko eta belarriak erne geundenoi taldeko jokalari estimatuen ezaugarri berezien berri emateko. Barkamena eskatu barik, euskaraz jarraitu balu!
Taldearen kohesio eta batasunerako denok gaztelaniaz eta, jakina, erabiltzen ez den hizkuntza ezin behar bezala garatu eta baliozko egin
Oker ez banago, badaude gaur egun Realean dozena erdi bat jokalari euskaraz txukun samar mintzatzeko gai direnak, eta mikrofonoa hartu zuena bera bat; orain euskaraz gaztelaniaz baino hobeto egiten dutenak seguru asko Urolako biak izango dira, eta haietako bati bozeramaileak burlaizez aditzera eman zionez, kostatu zaio erdaraz mintzatzen ohitzea: euskerate kantaren sortzaile edo bultzatzaile nagusia izatearekin kontentatu behar izan du, eta gainditu erdaraz mintzatzeko lotsa edo atzerakoa.
Horixe da benetako Reala, euskaraz natural egiten duena erdaraz egitera gonbidatzen eta behartzen duena, eta hasierako mintzaldi euskarazkoak sinbolikoak ziren, hots, «gu euskaldunak gara» harroki esateko balio zutenak, gaineko zarakarra, baina mamia erdalduna agertu ziguten; benetan zer diren ondo asko irakatsi ziguten eta ametsa zapuztu zitzaigun.
Zer nahi duzue? Gipuzkoan ere, lurralderik euskaldunenean, maila sinbolikoan euskara da nagusi, baina praktika errealean gaztelania. Erdal kateentzat pagotxa eta bazka, eta euskal telebistarentzat produktu usteldua; ala ez? Zenbatek jo genuen produktu usteldutzat?
Festa-ondoa erabat gainditzeke, non jakiten dudan Funtzio Publikoaren Legea ez dutela blindatuko euskararen aldetik PSEk eta EAJk, lehenbizikoak nahi ez duelako. Jeltzaleek jarraituko dute sozialista eusko-espainiarrekin adostasunera heldu nahian, baina hori ez da nahikoa motibo gobernu koalizioa hausteko. Askoz garrantzizkoagoa da nazio forala xede dela, eskumenak lortzen jarraitzea, eta gizartearen benetako arazoei irtenbideak topatzen lehiatzea: etxebizitza, enplegua, osasun-sistema...; euskarak, hots, euskaraz bizi nahi dugunok nahikoa dugu balio sinbolikoa duten ekitaldiekin eta erabilerekin, eta euskarate abestia kantatzearekin.
Beti larrialdian, baina larrialdiaren pertzepzio oso ttikia eta Realean bezala, gizarte zabalean —euskara erabiltzeko gizarte zabala mugatu behar!— taldearen kohesio eta batasunerako denok gaztelaniaz eta, jakina, erabiltzen ez den hizkuntza ezin behar bezala garatu eta baliozko egin, azpigaratua, eta gure nazioa ere autonomikoa, azpigaratua, legegintzaldiz legegintzaldi, gobernu koalizioa erantzule nagusia izaki, gure kolaborazioarekin. Benetan axola zaigu? Ala axolagabe uzten gaitu?
Erreala, Erreala, irakaspen handiak, ikasi nahi izanez gero!