Idazlea

Ukraina eta autodeterminazio eskubidea

2025eko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaldun gehienontzat kontzeptu sakratua da autodeterminazio eskubidea, independentziaren aurka daudenek ere onartu beharrekoa, Nazio Batuen kartak babestua, eta abar. Honen kontra dagoen oso jende gutxi topatuko duzu gure inguruan, teorian behintzat.

«Zer ikusi du honek Ukrainarekin?», galdezka da honezkero norbait. Ez gara urrunegi joango. Ez dugu gogora ekarriko Mendebaldeak 1991n OTAN Alemania baino ekialderago ez eramateko hartu zuen konpromisoa, bete ez zuena; ezta Estatu Batuek 2014an Ukrainan bultzatu zuten estatu-kolpea; ezta gerra orduan lehertu zela, ez 2022an, eta 14.000 hildako eragin zituela 2022a baino lehen, gehientsuak Donbasseko «herrialde separatistetan»; ezta Ukrainako Gobernuak ez zituela bete Minskeko akordioak, eta, akordioaren bermatzaile ziren Merkelek eta Hollandek geroago aitortu zutenez, Ukrainako armadari indartzeko astia ematea zela helburua.

2014an eta 2015ean autodeterminazio erreferendumak egin ziren Krimean eta Donbasseko bi errepublika «separatistetan». 2022ko irailean, gerra bete-betean, Errusiak partzialki kontrolatzen zituen Jerson, Zaporiyia, Donetsk eta Lugansk herrialdeetan, eta boto emaileen %90 inguruk Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten. Gerra baten testuingurua ez da onena horrelako kontsultak egiteko, bistan da. Baina bake garaian egin balira ere emaitzak ez ziren oso ezberdinak izango ziur asko. Ukraina ekialdean errusieraz egiten da gehienbat, eta estatuko parlamentua eta presidentea aukeratzeko orduan ere lehendakari eta ordezkari errusiazaleak lehenesten dira.

Euskal Herriko alderdi abertzaleek, eskuineko zein ezkerreko, badirudi ez dituztela gauza hauek aintzat hartzen. Errusiaren kontrako ebazpen guztiak babestu dituzte Gasteizen, Madrilen eta Bruselan, eta Espainiak armak bidaltzen dituenean ez dute ezer esaten, ados dauden seinale. Bruselatik behin eta berriz dioskute ezin direla herrialdeen mugak aldatu indarra erabiliz, «lurralde integritatea» sakratua dela. Eta guk irentsi eta irentsi, autodeterminazio eskubidea mugak aldatzeko eskubidea dela jabetu gabe. Mugak etengabe aldatu dira historian zehar.

Errusiaren aldeko analista ugari, eta batzuk oso onak, aurki daitezke Interneteko atarietan, baina ia inori ez diozu entzungo autodeterminazio eskubidea aipatzen. Izan ere, badakite kontzeptu horri hauspoa emanez gero, askok ulertuko luketela Espainiako Erresuman ere aplikagarria dela. Eta vade retro! Analista onak baina espainiazale zentralistak. Erresumaren batasuna ezin da zalantzan jarri. Ezagutzen ditugu eta ez gaituzte harritzen. Harrigarria dena da abertzaleak, eskuineko zein ezkerreko, batetik Europako erregimen ustelenaren alde egotea, eta bestetik ez jabetzea Ukrainako parte bati autodeterminazio eskubidea ukatzea, geure buruari ukatzea ere badela.

Egunotan gertatu dira Alaskako Trump-Putin goi-bilera eta Etxe Zuriko Trump-Zelenskiren artekoa. Ea zentzua nagusitzen den eta irtenbide logikoa ematen zaion auziari, Errusiak aspalditik planteatzen dituen puntuen bidetik. Nagusiki, Ukraina OTANen ez sartzea, mugan ziurtasun-eremu bat ezartzea, eta jakina, gerraren zein autodeterminazio erreferendumen emaitzak errespetatuz, aipaturiko lau oblastak Errusiar Federazioaren barnean geratzea.

Baina ezin itxaropen handirik izan. AEBk, Erresuma Batuak eta Europar Batasunak Errusiarenganako gorrotoa elikatu dute urteetan, diplomaziari zirrikitu txikienik ere utzi gabe. Berdin izan zaie mendebaldeko ekonomia lur jota uztea. Hortik datoz OTANi BPGren %5a emateko konpromisoa eta armagintzara zuzendu beharreko 800.000 milioiak. Dagoeneko pobretze prozesuan sartuta gaude EBko herritarrak, eta ez litzateke harrigarria izango joera horrek abiadura hartuko balu hurrengo urteetan.

Oso ekipo fidagarria daukagu: atezain Macron, Rothschild Bankako exekutibo izana; erdilari Starmer, London City finantza-zentroko kidea; aurrelari Merz, Black Rockeko ordezkari ohia Europan; eta entrenatzaile Von der Leyen, senarra Pfizer-en filial bateko burua duena. Hauek aspaldi autodeterminatu ziren, badakite zeinen zerbitzura dauden. Hauek gerrarekin jarraitu nahi dute kosta ahala kosta. Azken ukraniarreraino. Asko ardura zaie Ukrainaren lurraldetasuna! Aberats handiak izututa daude hurbil dirudien Errusiaren garaipenarekin. Munduaren nagusigoa arriskuan ikusten dute eta edozer gauza egiteko prest daude.

Jakingo al dugu euskaldunok egoera beldurgarri honen aurrean erreakzionatzen? Autodeterminazio eskubideaz baliatuz, ez ote da garaia BRICS izeneko proiektuari begira jartzeko?

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.