Ukrainako inbasioak ez du etenik

Luis Olano, Joxe Larrañaga, Michaela Fortova eta Olatz Aranguren
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Errusiar armada Ukrainan egiten ari den etengabeko sarraskiak otsailean bete zuen urtebete. Gerra berehala gelditzea izan beharko luke gure lehentasuna, «Errusiar armada Ukrainatik kanpora» oihukatuz eta exijituz. Baina ez dugu uste irteera negoziatu baten aldeko jarrerak gerraren amaiera ekarriko duenik Vladimir Putin bezalako inperialista kriminalak tartean direnean. Inozokeria galanta iruditzen zaigu helburu hori lortzerik dagoela ustea, Errusian gerraren aurkako herri mugimendu indartsu eta internazionalista lehertu eta mundu osora zabaltzen ez den bitartean.

2022ko otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, gerraren aurkako manifestazioak eta protestak piztu ziren Errusia osoan, eta Errusiako agintariek errepresioa eta zentsura gogortuz erantzun zieten ekimen horiei. Martxoaren 4an, Errusiako Parlamentuak Errusiako armadari eta haren operazioei buruzko «informazio faltsua» zabaltzeagatik hamabost urte arteko espetxe-zigorra ezartzen duen lege berri bat onartu zuen. Ondorioz, inbasioaren aurkako edozein adierazpen segurtasun nazionalaren aurkako delitu bihurtu da.

Bere historia ia osoan errusiarrak estatu autokrata eta inperial baten menpean izan dira. Izu estalinistaren urteak oraindik presente daude gizartean, eta Putinen gobernua arduratzen da horrek horrela jarrai dezan. Inbasioa hasi zenean esan genuen: komunikabideetan agertzen diren geopolitikaren adituek eta antzeko sasijakintsuek diotena ez zaigu axola. Aldiz, gerra pairatzen ari direnek, bai Ukrainan eta baita Errusian ere, diotena bilatu, bildu eta zabaltzea da gure zeregina.

Errusian 18 urtetik gorako gizonezkoentzat derrigorrezko soldaduska ezarrita dago. Putinek iazko irailaren 21ean 300.000 lagunen mobilizazioa agindu zuen. Egun horietan 600.000 soldadugai inguruk ihes egin zuten Kazakhstan, Mongolia eta Georgia bezalako herrialdeetatik barrena. Beste herritar asko errekrutamendua salatzera atera ziren kalera, sekulako errepresioari aurre eginez.

Kartzela zigorrak ezartzen ari zaizkie kartel soil batekin kalera irteteko ausardia dutenei. Are gehiago, gerraren aurkako mobilizazioetan atxilotutako hainbat lagun zuzenean frontera eraman dituzte. Manifestazioen errepresio basatiak ekintza klandestinoen igoera ere ekarri du berarekin: dozenaka errekrutatze-guneren erreketa, tropen mugimenduak oztopatzeko trenbideen aurkako sabotajeak, Putinen aldeko fanatikoen ibilgailuen aurkako erasoak... Borrokarako Erakunde Anarko-komunistak, BOAK-ek, hartu ditu bere gain hainbat ekintza. Esparru antiautoritarioko gaur egungo talde handiena Ekintza Autonomoa da, eta haien zereginak dira gerraren aurkako propaganda egitea, berriak zabaltzea, kaleetan mobilizatzea, presoei sostengua ematea eta antzerakoak.

Emakume feministen papera ere aipatzekoa da, Gerraren Aurkako Erresistentzia Feminista sarearen bidez, berauek arduratu direlako gerraren aurkako oposizioa antolatzeaz.

Era berean, errusiar armada Ukrainan gauzatzen ari den inbasioaren aurrean mugimendu antimilitaristak erakutsi duen irizpide faltak edo geldotasunak agerian utzi du antimilitarismoak momentu honetan bizi duen egoera larria. Ukrainaren txikizioa eta suntsipena hain da handia, non sinesgaitza egiten zaigun inbaditzailearen logika inperialaren zuriketan erortzea edo bakearen aldeko diskurtso hutsalekin bueltaka ibiltzea. Errusiar armada Ukrainatik kanporatu beharra aipatu ere ez dute egiten eta mendebaldeko estatuek ukrainar erresistentzia hornitzearen kritika bihurtu dute, aldiz, beraien jarreraren ardatz.

Erasotuei armak ukatzeak eta erasotzailea presionatzeko mundu mailako mugimendu zabala eta eraginkorra sortzeko ezer ez egiteak Kremlinaren bota ukrainarren lepo gainean bermatzearen konplizitatea suposatzen du. Bakezaletasuna eta antibelizismoa ez dira balio absolutuak. Bigarren Mundu Gerrako sarraskiaren ondoren sortutako egungo nazioarteko zuzenbideak, eraso baten aurrean erasotuaren defentsa zilegia suposatzen duen gerra, justifikatutako gerra bakartzat jotzen du. Ukrainakoa, gure ustez, kategoria horretan sartzen da, zalantza izpirik gabe.

Errealitate gordin horri gure betiko leloak errepikatuz ezin diogula aurre egin gauza nabaria izan da guretzat. Inbasioa salatzea, Errusian bertan hori egiten ari direnekin elkartasuna kaleratzea eta ukrainarren erresistentzia babestea dira, orain eta hemen, antimilitariston zeregin nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.