Udagiroa, marmoka portugesa, izozkia, eguzkitako krema… ez, ez nator hondartza horietaz hitz egitera. El Trampolín hondartzaz eta Tarajal espigoiaz ari naiz. Han egon dira, estalpe gabe, osasun arretarik gabe. Hondartza kanpaleku inprobisatu bihurtuta, umeak eta nerabeak zain, norbaitek, nonbait, beraiekin zer egin erabakitzeko.
Gizarte erakundeek 140 hildako baino gehiago aipatu dituzte eta inoren kargura ez dauden milaka adingabe identifikatu dituzte Ceutan. Harrera zentroak beteta daude, eta Espainiako Gobernuak armadak kudeatutako behin-behineko lau zentro antolatu ditu 1.500 gazterentzat.
Uztailaren 30ean, Rabatek mugako zaintza lausotu eta pasatzen utzi zituen. Ez zen deskuidu bat izan: mezu bat izan zen. Hamar egun lehenago, Sanchezek gasari buruzko hitzarmen bat sinatu zuen Aljerren, Marokok eskualdean duen aurkari handiarekin. Patroia errepikatu dute. 2021ean ikusi genuen, Brahim Ghali Saharako Errepublikako presidentea Logroñoko ospitalean zegoelako Marokok muga ireki eta Ceutara masiboki sartu ziren etsi-etsian. 2022an ere, NATOren goi-bilera baino bost egun lehenago dozenaka pertsona hil ziren. Melillako hesia. Sahara, gasa, Gibraltar, Espainiak eta Marokok elkarrekin antolatuko duten 2030eko Munduko Futbol Txapelketa, itsasarteko pasabidea... geopolitika taulan eta ordaintzen duten peoiak adingabeen gorputz horiek dira, gaur egun kai-muturrean pilatzen direnak, inork irteerarik eskaini gabe.
Ez dago harrera planik, linbo burokratiko bat dago, hondartzan mantendu dituena, aire zabalean, norbaitek migratzaileak, errefuxiatuak edo, besterik gabe, arazo bat diren ala ez erabakitzeko zain. Eta bitartean, eskuin muturrak eta bere gorroto diskurtsoek bidea libre dute bizitza salbatu besterik nahi ez dutenak kriminalizatzeko.
Rifekiko elkartasuna, Sahararekikoa, Marokok Israelgo eta Saudi Arabiako teknologiaz eraikitako milaka kilometroko harresi batekin setiatu duen herria, eta Ceutako hondarretan lo egin duten gazte bakoitzarekiko elkartasuna. Baina euskal instituzioek zerbait egin dezakete? Urkulluren gobernupean, 2022an, 3.500 ukrainar artatuak izan ziren EAEn, familia eta babes etxeetan, 2.000 Nafarroako Gobernuak sustatuta eta 850 Ipar Euskal Herrian eta Akitanian, Les Ukrainiens du Pays Basque, Baionako elkartearen arabera. Haietako asko eta asko, umeak. Borondate kontua da.
Trukerako moneta gisa erabiltzen dituen geopolitika baten biktimak dira. Rabatek kanporatu egiten ditu eta Europak baztertu. Zigor bikoitza, abandonu bikoitza. Aukera ezin hobea harrera herria garela munduari erakusarazteko.
Gazte hauek asteak eman dituzte hondartzan etorkizun duin batekin amesten. Azal zuri ta begi urdinak balituzte…