Egunero bezala, nire telefonoaren pantailari begiratzen denbora gehiegi pasatzen dut. Burumuinak segundo batzuetako bideoak katean irensten ditu irudiak digeritu gabe: Palestinako genozidioaren, janari errezeten, katakumeen, teoria maskulinisten, analisi soziologikoen eta haurren artean, nire neuronak zimeltzen uzten ditut.
Baina gaur, sare sozialek, maiz sentiarazten didaten etsipenetik at, nazka hutsa eta bortitza probokatu didate. Sentsazio azkarra nire esteak bihurritzera etorri zait. Noski, nahasia naiz informazio gehiegi jaso dudalako eta gure planetaren itxuraren parean gabezia bizitzen dudalako. Baina beste zerbait pasatzen da.
Gaur, sare sozialetan oldartu zaidanak ez du gerlarekin, misoginiarekin, homofobiarekin, arrazakeriarekin edo klase sozialekin ezer ikustekorik —bederen itxuraz—: eduki umoristiko bat begiratu dut eta badirudi, komentarioak irakurriz, gehienek irringarria atzeman dutela. Zergatik barrundatu ditut injustizia eta bakardadea?
Bideo arrunt honetan, heldu batek bi kartoi ditu eskuen artean. Lehenean Disneyland idatzia da, bigarrenean berinak garbitu. Hura bost urteko pertsona batengana doa (buraso eta alaba direla suposatzen ahal dugu) eta bi kartoien artean bat aukeratzea galdetzen dio. Azken horrek berinak garbitu hautatzen du, jakin gabe bi aukera horiek zein diren. Hurrengo planoan, txikia etxeko berina guztiak txukuntzen ari dela ikusten dugu.
Umorea.
Umorea non ote da?
Mindua sentitu naiz ume horren tokian eman naizelako. Hark printzipioz bere burasoei konfiantza egiten die, ez luke pentsatuko bere izaera erabilia izan daitekeela sare sozialetan bistak eta buzz-a egiteko. Horrez gain, bere aurpegia ikusten baldin bada, helduarena ez da agertzen... Zein praktikoa den azken horrentzat! Gainera, buraso horiek ba ote dakite pedokriminalek eduki horiek erabiltzen dituztela beren sare pornografikoetan zabaltzeko, edo berdin zaie? Segitzeko, arrazoirik gabe, handien artean dibertitzeko, txikitxoa zigortua da. Ez du ezer egin, lasaiki jostatzen ari da, baina izorratzeak irria sustatzen digu. Adinekoen arteko konplizitatea txikien kontra, hori da saldua zaigun irri mota.
Mindua sentitu naiz heldua naizelako eta beraz, ardurak baditudalako. Filmatzeko moduan, adina duenak gainean dela eta haurra azpian dela agertzen da, hierarkia sozialak azpimarratuz. Gainera, kartoietan idatzitakoa adinekoei baizik zuzendua da, biktimak ez dakielako irakurtzen. Bideo hori ez da kasu isolatua eta beste anitz atzeman daitezke. Adibidez, batzuek beren ninia filmatzen dute eta buru gainera gasna puxkak botatzen dizkiote. Besterik ez. Bortizkeria eta abusu horiekin bat egiten dut irudi horiek begiratzen eta komentatzen ditudalarik, irri egiten dudalarik edo isilik egoten naizelarik.
Mindua sentitu naiz umore modu horrek adierazten duelako gure jendarteak nola tratatzen dituen lagunduak izan behar direnak. Ez dugu azken horiekin irri egiten, haien kontra baizik. Gure sistemak irakatsi digun bezala, ahulez trufatzea baimendua da. Besteak esplotatzen ditugu eta kolektiboki umiliatzen ditugu askatasunaren, irriaren izenean. Zein harreman mota eskaintzen ote dizkiegu jadanik apalduak direnei? Ez ote dute barnatzen bortizkeria normala dela eta boterea duenak beti azken hitza ukanen duela? Non ote da maitasuna? Bell Hooksek dioen bezala, maitatzea bestea errespetatzea da;Â mintzen dugularik, ez dugu maitatzen.
Segur naiz askok pentsatuko dutela aspergarria, moralista edo erreakzionariora naizela. «Boooo, ezin da gehiago ezer egin edo erran!». Alta, guk nahi ote dugu gure onespenik gabe horrelako irudiak zabalduak izatea? Onartzen ote dugu talde oso batek gutaz irri egitea... existitzen garelako eta menpe garelako? Feministak baldin bagara, sistemak sortzen dituen hierarkiak eta bortizkeriak kritikatu behar ditugu beren osotasunean.
Bakoitzak bere arraileria daukala argudiatu daiteke, baina errazegia da beti pertsona berei erasotzea. Umeak, batez ere, kognitiboki ez dira beren burua defenditzeko gai. Ba ote zenekien frantses lurraldean aste guztiz haur bat bere burasoen eskuetatik eraila zela? Adingabeko bat hamarren gain intzestu biktima dela eta bere erasotzailea salatzen duelarik bi aldiz hiruren gain ez dela sinetsia? Zinez merezi ote du gure jendarteko klase sozial ahulena oraindik gehiago apaltzea? Nork babesten ote ditu? Noiz arte haurrak menperatzeko tresnak, tolesten ahal diren etsaiak bezala tratatzen ahalko ditugu, inpunitate osoan?
Zergatik ez ote gara gu baino indartsuagoez trufatzen? Aldatuko luke! Goazen gizon azkar, aberats, zuri eta boteredunen adarra jotzera! A, ez? Haien erreakzioaz beldur zarelako? Ez da dudarik erosoago dela defendituko ez den pertsona baten buru gainera gasna botatzea eta jendartearen botere harremanak birsortzea...
Claude Lévy-Straussen arabera, zibilizazio bat epaitzen ahal da ikusiz bere zaharrak nola tratatzen dituen. Jakinez nola gure haurrak kontsideratzen ditugun, esango nuke gure zibilizazioa karrika arroila baino beherago kokatzen dela.