Irakaslea

Une itxaropentsuak

Garazi Perez Peña
2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Gaur Euskararen Eguna da, euskaldun guztiontzat egun berezia da, baina ba al dakizu nolakoa izan den euskararen ibilbidea orain arte? Euskararen egoerak hamaika gorabehera izan ditu eta gaur egun haren biziberritze prozesuan dihardugu. Prozesua, luzea ez ezik, konplexua izan da, eta, horregatik, euskara bizirik mantentzeko ahalegina egin behar dugu. Horren eredu ditugu ikastolak, frankismo garaian inolako babesik gabe eta klandestinitatean euskara irakasten jarraitu zutelako. Hezkuntzaren egitekoa berebizikoa izan da euskarak gaur egun arte bizirauteko, eta oraindik ere lanean dihardu euskal gizartea euskaldundu nahian. Horrekin batera, Euskal Etxeek euskara edozein egoeratan irakats daitekeela erakusten digute. Inolako babesik gabe euskara irakasten dute, eta Euskal Herriko zazpi probintzietatik kanpo, euskara lau haizeetara zabaltzeko ahalegin handia egiten dute. Beraz, haiei esker ere, euskarak beste egun batez argia ematen digu.

Hala eta guztiz ere, ahalegina eta gogoa ez dira nahikoa, hizkuntza batek, bizirauteko, ezinbestean estatus ofiziala behar duelako. Euskara estatu mailan oraindik ez da hizkuntza ofiziala eta Frantzian euskara hizkuntza ofiziala izatetik oso urrun dago. EAEn eta Nafarroa iparraldean euskara hizkuntza koofiziala da, baina, hegoaldeko eskualdeetan, euskarak babes gutxi izateaz gain, haren presentzia eta transmisioa oso txikiak dira. Argi dago euskarak beste hizkuntzek duten erabilgarritasun berdina izan dezakeela, baina horretarako administrazioek haren garrantzia aitortu behar dute, haren ofizialtasuna aitortuz.

Bestalde, jende askok euskara eskolan bakarrik erabiltzen den hizkuntza dela uste du, eta horrek euskarari ez dio batere mesederik egiten, haren erabilera mugatzen duelako. Horregatik, euskarak duen erronka nagusienetako bat haurrak ikastetxetik kanpo euskalduntzea da, haiek izango baitira etorkizunean euskara bizirik mantendu beharko dutenak. Hain zuzen ere, haur eta gazteek euskaraz jakin arren, ikasgelatik kanpo eta zenbait kasutan ikasgela barnean ere gaztelaniaz hitz egiten dute.

Beraz, euskararen etorkizuna itxaropentsua da, baina hainbat erronka ditugu: adibidez, euskararen ofizialtasuna. Hala ere, erronka handiena erabileran dugu. Eskolan irakasten den euskarak kalean erabiltzeko balio behar du, eta, horretarako, euskaraz gozatzeko aukerak eskaini eta zabaldu behar ditugu. Azken finean, lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz hitz egiten saiatzen ari denari laguntzea; euskal kultura eta komunikabideak kontsumitzea... handitasuna lor dezaketen ekintza txikiak dira, eta zuk ere zure hondar alea jartzen baduzu, guztion artean gure hizkuntzaren biziraupena lortuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.