Gure unibertsitate publikoan —nirea EHU da baina NUPen ere antzera izango da— sarri-sarri ikusten ditut doktoretza egiteko eskaintzak. Ikerketa-taldeek ikerlari gazteak ikerkuntzara erakarri eta horretan trebatu behar dituzte. Baina ez edozein gazte: argienak, bizkorrenak, emaitza onenak lortzen dituztenak. Laburbilduz, ikasketetan nota onenak ateratzen dituzten horiek nahi eta bilatzen dituzte. Gure ekonomiak, gure industriak, azken finean gure sistemak, atzean geratu nahi ez badu, ikerketa behar-beharrezkoa du. Eta unibertsitatearen ardura da lan horri ekitea; unibertsitateari eskatzen zaio jarduera horretan emaitzak lortzea.Â
Beraz, unibertsitateak lan hori ere bere gain hartu behar du: egoera orotara moldatuko diren pentsalariak, ingeniariak, enpresariak, medikuak edo dena delakoak trebatu eta prestatu behar ditu, baina, horrez gain, ikerketan aurrerapenak lortuko dituzten ikertzaileak ere ondu behar ditu. Azken horretara, alegia, ikerketara, ikasle onentsuenak bideratu beharra dago; izan ere, aurrerapenak lortzeko pertsona argia, irudimentsua, bizkorra eta iaioa izatea komeni baita.Â
Ikerketa-taldeak saiatzen dira ikasle finenak ikerketaren bideetara eramaten, baina prekaritatez betetako bidea da eskaini dezaketena. Graduko ikasketak bukatu ondoren, beste sei urtez prekaritatean jarraitzeko eskaintza besterik ezin dute egin. Ikerketara bideratuko den gazte batek, unibertsitateko gradua bukatu ondoren, doktoretzara bideratutako masterra egin behar du tesiari heldu aurretik. 24 urterekin bukatuko du masterra, eta, graduko ikasketen gastuaz gain, masterreko bi kurtsoak gutxienez beste 4.000 euro ordaindu behar izango ditu. Pribatuan askoz gehiago! Eta etxetik kanpora joan beharrak eragiten dituen gastu guztiak ere kontuan hartu behar dira. Sei urte dira, graduko lau eta masterreko bi, egoera oso prekarioan.Â
Ikerketa-taldeak saiatzen dira ikasle finenak ikerketaren bideetara eramaten, baina prekaritatez betetako bidea da eskaini dezaketena; graduko ikasketak bukatu ondoren, beste sei urtez prekaritatean jarraitzeko eskaintza
Gure inguruan familiaren babesari esker ordaintzen dira urte horietako gastuak. Horrek jende asko, gehiegi, ikerketaren bidetik kanpo lagatzen du. Aberatsenentzat da bide hau. Masterraren ondoren, tesia egiteko lau urte inguruko epea dauka ikasle fin horrek. Hor sartzen dira ikerketa-taldeak: tesia egiteko eskaintzak egiten dizkiete ikerlari gazte horiei. Arrantzan dihardute. Ikerketa-talde batzuek goiz hasten dute ikasleen arrantza: gradua ikasten ari diren bitartean fitxaketa goiztiarrak egiten saiatzen dira, edo masterra egiten ari direnean limurtzen dituzte, eta, besterik ezean, iragarki bidez beren tesi-proiektu zoragarriak eskaintzen dituzte, ea ikasle finen batek amuari heltzen dion.Â
Baina zer da eskaintzen dieguna hain ikasle onak diren gazte horiei? Prekaritate gehiago. Sei urte ikasten jardun ondoren, lau urte gehiago egoera prekarioan egotea eskaintzen diegu. Tesia egin bitartean, 1.250 eta 1.400 euro bitarteko soldata. M-17an gutxieneko soldatak 1.500 eurotik gora izan behar duela-eta greba egin berria dugun honetan, gure ikasle onenei gutxienekotzat jotzen dugunaren azpitik dagoen soldata miserablea eskaintzen diegu. Lau urte luzetarako! 28 urterekin bukatuko dute bide hori. 28 urterekin doktore izatea lortuko dute. Bitarte horretan nekez landu ahal izango dute bizitza independente baterako, edo familia bat osatzeko, edota etxebizitza propioa izateko proiekturik. Eskerrak aberaskumeak diren! Ondoren unibertsitatean bertan lan egiteko aukera daukate; horretarako, irakaskuntzan esperientzia hartu beharra daukate, esate baterako, ordezkapenak eginez; 1.000 eurotik behera ordaintzen diren ordezkapenak! Urtebete ere ezin da horrela iraun.Â
Irakasle doktore laguntzaile plaza bat lortu beharra dauka, lehiaketa publiko bidez. Horrek bost urterako lana emango dio, eta 2.200 eta 2.300 euro bitarteko soldata. Beraz, 29 urtetik 34 urte bitartean hasi ahal izango du soldata izenda daitekeena lortzen. Baina ikasle onenak direnek hain sari gutxi eskaintzen dituen eta hain zaila den bidea hartuko al dute? Hori baldin bada gure ikasle onenei eskaini diezaiekeguna, jai daukagu. Joxe Azurmendik aspaldi esan zuen: unibertsitatea edukitzea garestia da, baina ez edukitzea garestiagoa da. Badirudi Jaurlaritza oraindik ez dela horren jakitun, nahiz eta EHUko errektore izandako bat bertan aritu.