Zenbait pertsonak, oraintsu manifestazio batzuk debekatu direla-eta kezkaturik, manifestazio bat antolatu dute urriaren 2rako, hurrengo larunbaterako. Manifestatzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, beste bi aldarrikapen ere egin nahi dituzte: «Inolako inposiziorik ez, inolako indarkeriarik ez», eta «bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei».
Idatzi hau sinatzen dugunok Elkarbide unibertsitateko irakasleen elkarteko kide gara, eta bat egin nahi dugu manifestazio deialdi horrekin, gure ustez gaur egun Euskal Herri guztian behar duten tokian jartzen dituelako lehentasun politikoak: bakearen eta justiziaren aldeko jarreran.
Barajasko aireportuko T4 terminalean bonba bat jarriz ETAk aurreko bake prozesuari hil-kanpaiak jo baino aste batzuk lehenago, Elkarbidekook lau neurri proposatu genituen, herritarren bake eta justizia nahiei bidea emate aldera:
-Gatazka humanizatzea: ETAren eta eskuin muturrekoen atentatuen biktimak ezagutzea, ETAko presoak Euskal Herrira hurbiltzea, inkomunikazioa kentzea eta polizia etxeetan atxilotutakoentzako berme protokoloak betetzea.
-ETAren ekintza armatuak behin betiko bukatzea, mota guztietakoak, baita kale borroka ere.
-Alderdien Legea indargabetzea eta, beraz, ezker abertzalea legeztatzea eta pertsona guztiek eta joera politiko guztiek eskubidea izatea bizitza publikoan aritu edo ordezkari izateko, inolako mehatxurik gabe.
-Bide juridikoak jartzea euskal herritarrek modua izan dezaten banatuta dauden administrazioen arteko harremanak erabakitzeko, baita bere inguruko nazioekin eta herriekin izan beharreko harremanak erabakitzeko ere.
Komeni da gogoan izatea su-eten hura oso hondatua zegoela, nahiz eta Loiolako Hitzarmenek aurrerapen handiak ekarri zituzten, eta Madrilgo gobernuaren geldikeriak zerikusi handia izan zuela horretan. Horregatik, adierazi genuen eragile politiko bakoitzak (Espainiako eta Frantziako gobernuak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, alderdi eta joera politikoak eta ETA) bere kasa hartu behar zuela bakoitzari zegokion erabakia. Adierazi genuen, era berean, ona izango zela eragile politiko horien artean akordioak egitea, baina hori ezin zela aitzakia gisa gehiago erabili bakea eta justizia atzeratzeko, itzulbiderik gabeko erabakiak ezinbesteko bermeak baitziren, nahiz eta banakakoak izan.
Beharbada, Administrazioko bazter batean esango dute horrelako manifestazioek mesede egiten diotela ETAri. Ez dugu uste, egiatan. Urriaren 2ko manifestazioan aurrera emango diren pauso guztiek jokaleku politikotik kanpo utziko dute ETA, politikatik kanpo, Estatuarekin indarkeriaren bukaera eta armen eta presoen gaia baino konpondu behar ez duela, eta manifestazioko pauso guztiek eskatuko dute ETAk mehatxatutako inor ez egotea. Eta aurrerapauso horietako bakoitzak eskatu eta inposatu egingo du jokaleku bat: jokaleku horretan, ezker abertzaleko inolako sektorerik ez da geratuko adierazpen eskubiderik eta ordezkaritza politikoa izateko eskubiderik gabe, eta ez da inor atxilotuko, kartzelatuko edo zigortuko eskubide horiek erabiltzeagatik. Horixe izango da urriaren 2ko manifestazioa, eta horrexegatik babesten dugu.
Era berean, gure Unibertsitateari ere begiratu nahi diogu, eta gogora ekarri nahi dugu gaur egun bakearen eta justiziaren alde egin behar duen lana. Unibertsitateko erakundeek beren tokia izan behar dute prozesuan, modu publikoan eta, ahal den neurrian, publifikatuan: toki horrek, batez ere, etikoa, zibikoa eta intelektuala izan behar du, indarkeriaren bukaera eta giza eskubideen erabilera erabatekoa sustatzen duten neurrien aldekoa, eta hori lortzeko elkarrizketa eta gizartearen parte-hartzea bultzatzen duten neurrien aldekoa.
Gainera, Unibertsitatean, bertako komunitateko kide guztien konpromiso aktiboarekin, bakearen eta justiziaren defentsa publikoa eta aktiboa egin beharko litzateke, bertako kideek erabat parte hartuta horretan -eta ez bertako erakundeek bakarrik-, elkarrizketaren eta akordioen bitartez. Dokumentu hau izenpetu dugunok konpromiso berezia dugu unibertsitate eginkizun horrekin.
(Erredakzioan itzulia)
Unibertsitatetik, bakearen eta justiziaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu