UPN eta euskara: horregatik ere, aldaketa behar dugu

Uxue Barkos, Manu Ayerdi eta Patxi Leuza
2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Politikari eta komunikabide batzuk Nafarroako D ereduaren aurkako kanpaina egiten ari ziren egunetan, gerra ondorengo lehen ikastolak 50 urte bete zituen. Gipuzkoako ikastolek urratzen hasitako bideari jarraituz, Jose Antonio Mugerzak Iranzu Ikastola sortu zuen 1963an. Azaroaren 15ean zen zabaltzekoa Iruñeko Agoitz karrikako ikastetxea. Itziar Arbea irakaslea prest zegoen izena emana zuten hogeita zazpi haurrei eskola emateko.

Goiz hartan bertan, ordea, gobernadoreak polizia ikastolara bidali eta itxiarazi zuen, ikastolako guraso batzuk «politikoki susmagarriak» zirela argudiatuta. Pentsatzekoa da, jakina, orduan ere Guardia Zibilaren txostenen bat tartean izanen zela, hain bizitza laburreko ametsari hegoak mozteko…

Oztopoak oztopo, nafar euskaltzale haiek ez ziren kikildu. Handik bi urtera, Uxue Ikastola sortu zuten, eta haren zatiketatik jaio ziren gaur egungo bi handienak: San Fermin eta Paz de Ziganda. Geroztik, ikastolak Nafarroan barna zabaltzen hasi ziren, egoera oso penagarrian zegoen euskararen pizkundearen sinbolo alai eta eder bihurturik.

Hamarkada bat geroago, euskara ikastetxe publikoetan sartzen hasi eta 1986ko Euskararen Legea onartzean prozesua azkartu egin zen. Lege hori eskasa eta zikoitza izanagatik —besteak beste gure lurraldeko zona handi batean bizi diren familiek ezin dutelako euskara aukeratu—, D eredua sendotu egin da azken urteotan. Lana txukun eginez, euskarazko eredua kalitate handikoa dela frogatu da. Eta, aldi berean, hizkuntzaren berreskurapenerako gako nagusienetakoa dugu.

Agian horrexegatik erasotzen diote D ereduari, kanpaina lotsagarri eta arduragabeen bidez. Izan ere, UPNk jomugan izaten du euskararen egoera hobetzen duen guztia, ikastolak izan edo euskara batua izan, garai batean bezala. Deigarria da, alde horretatik, bere burua «nabarristatzat» hartzen duen alderdi bat beti gure hizkuntza sustatzen duen ororen aurka egotea.

UPNk nekez proposatuko du euskararen aldeko neurririk. Alderantziz: euskararen aitzinamendua ahalbideratzen duenaren aurka eginen du sutsu, Euskararen Lege eskasari ere muzin eginez, dekretu bidez «zona mistoa» izenekoa «ez-euskalduntzat» hartuz eta «euskaldunean» ere eskubideak murriztuz.

Horretan Barcina presidentearen jokamoldea oso argigarria da. Iruñeko alkate zelarik, euskara ikusezin bihurtzeko ahalegin guztiak egin zituen, edonor lotsatzeko moduko neurriak hartuz: kartelak bi hizkuntzetan jartzera beharturik, euskarazko testua askoz txikiagoa agertzen zen; karriken izenak—ordu arte elebidunak— gazteleraz besterik ez idaztea erabaki zuen. Aipagarria da Maya oraingo alkatea haren jarraitzaile fina dela tema horretan, berriki frogatu dugun bezala.

Argi esan dezagun: euskarari dagokionez, UPN maila politiko oso eskasa eta arduragabekeria handia erakusten ari da. Nafarroako arazo larriak eta egoerari erantzuteko ahalmen falta ezkutatu nahian, ohiko obsesioak aireratzen besterik ez daki, elkarbizitza ere arriskuan jarriz.

Euskara gure kultur altxor handiena da. XIX. mendean Euskara Elkargoa sortu zuten Campion, Iturralde y Suit, Ansoleaga, Altadill eta gainerako intelektualek argi zuten hori. 1932an Iruñeko lehen euskal eskola bultzatu zuten Euskararen Adiskideak elkartekoak ere iritzi berekoak ziren; eta beste horrenbeste esan daiteke, noski, gerra ondorengo ikastolen eta azken asteotan kriminalizatu duten D eredu publikoaren bultzatzaileez.

Nafarroan eta Euskal Herriko beste lurraldeetan ere zorte handia daukagu Europako hizkuntza zaharrenak gurean bizirik segitzen duelako. Bizirik eta etorkizunari begira, munduko hainbat unibertsitatetan jakin-min handia sortuz, teknologia berrietan ere bere tokia hartuz.

Eta bitartean, zertan ari da UPNren gobernua? Betikoan: utzikeria eta euskararen aurkako erasoak tartekatuz. 25 urte bete dituen Euskalerria Irratiari lizentzia behin eta berriz ukatuz; ETB ikusi nahi duten nafar gehienen nahia oztopatuz; euskaltegiak diru-laguntzarik gabe utziz; ingelesa euskararen gainetik jarriz, hizkuntzen arteko lehia ergela sortu nahian, euskara ahultzeko, noski, D eredua eleaniztasunean aitzindaria dela ezkutatuz.

Aurretik esandako guztiagatik ere, Nafarroak aldaketa politikoa behar du, lotsagarria baita euskara bizikidetzari kalte egiteko erabiltzea. Geroa Bain bestelako jokamoldea behar dugulakoan gaude: euskara nafar guztion ondasuna da, norbere bizitokia edozein izanda, eta horri eutsiz segituko dugu lanean. Gaur egungo egoera hobetzeko, ekimen agian ez oso ikusgarriak baina sendo eta eraginkorrak bultzatuko ditugu: ETB LTDren bidez ikus dadin; Erriberako ikastolei arnasa emateko asmoz, ikastetxeen finantzaketan parte hartzen dutenendako kenketa fiskalak proposatuz; eta Iruñeko karriken izena euskaraz idaztera behartuz, hiriko Udalak berriki onartu duen bezala.

Nafar gehienok argi daukagu gizarte moderno eta kulturadunak bere hizkuntza zaindu eta bultzatu behar duela, Nafarroako kultur altxorrik preziatuenak gure artean bizirik segi dezan. UPNk sekula ez du lezio hori ikasiko. Horregatik ere, aldaketa behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.