Familia medikua Osakidetzan

Ur txikitan adimen urriak

Aitor Montes Lasarte
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esan ohi da gizakia dela harri berarekin behaztopatzen den izaki bizidun bakarra; hau da, ikasten ez omen duen bakarra. Jakinda beste animalia guztiak baino askoz urrunago joan garela, mundua gure neurrira aldatzerainokoan. Ikasi, ikasi egiten dugu; ez duguna onartu nahi oso bestelakoa da; gure ahuldadea, gure ezintasuna, batzuetan gure alferkeria.

Hori, eta, beharbada, kritikarik ez onartzea. Kritika ezinbestekoa baita aurrera egin nahi badugu, kritika horren asmoa pentsamendua eta ikusmoldea aberasteko bada eta ez kritikatzen dena gutxiesteko soilik. Eta hemen kritikatzen dena itzultzaile automatikoa da. Ez lagungarria izan daitekeen aplikazio informatiko bezala (adimen artifizialak bere alde onak izango ditu) baizik eta azpian, oinarrian dauden euskaltzaleen konplexuak eta kontraesanak. Nahiz eta gogorregia izan, esaldi batean labur zitekeen: ur txikitako arrastreroak.

Euskalduntze berantiarrik izan bada, osasun arloarena izan da. Hasiera berantiarra izateaz gain gaizki hasi zen, hizkuntza eskakizunetan jarriz indar guztiak (zeuden apurrak). Orain badakigu ustezko langile elebidunen batezbestekoak ez duela berez euskarazko arretarik bermatzen, aldez aurretik jakinda osasun arreta (euskarazkoa edo larrialdietakoa) ezin dela ausaz banatu, loteriarekin egiten den bezala. Medikuntzaren oinarrien aurka dago, eta kito.

Berriro ere hanka sartu dute, itzultzaile automatikoa lehenetsiz, horretan indarrak bilduz, jakinda horrek idatzitako arreta ausazkotzen duela. Euskaraz idatzi nahi duen medikua tokatzen bazaizu, ondo. Bestela, gaztelaniaz jasoko duzu arreta. Loteria, berariazko eta ganorazko protokolorik ez baitago itzultzailea erabiltzeko; lehen mailako arretatik ospitaleko arreta espezializaturako zirkuituak, alegia. Adibide bat jartzearren, Itzulbide martxan jarri omen da, baina azken hilabetean ez da alta txostenik euskaraz eman Debagoieneko ESIan, eremu euskaldun batean, non langile gehienek dagokien hizkuntza eskakizuna bete duten. Izan ere, han ez dago euskarazko arreta zirkuiturik. Aramaioko paziente guztien alta txostenak gaztelaniaz daude, orain arte bezala.

Itzultzaile automatikoaren helburua euskara baztertzea da; bazter batean bakan batzuek erabiliko duten eta derrigorrezkoa izango ez den hizkuntzaren erabilera mugatua, baketsua, konfrontaziorik gabekoa hobe beharrez, hilerriaren bake santuan. Itzultzaileak horixe egiten baitu: euskaraz dauden apurrak (indarrak bezain eskasak) gaztelaniara itzultzea eta ez, behar legez; alderantziz. Itzultzailearen sortze prozesuan langile euskaldunek lagundu dute, euren esfortzuarekin, alferrik eta debalde egindako lana, erdaldun elebakarren mesederako. Euskara ez da aurrerantzean derrigorrezkoa izango, ezta beharrezkoa ere, itzultzailea nahikoa izango da euskarari uko egingo dioten langileentzat. Langile euskaldunei, ordea, euskaraz idazteko baimena emango zaie, betiere euskaraz idatzitakoa gaztelaniara itzultzen badute, hasieran eurek eta gero adimen artifizialak berak, gaztelania derrigorrezkoa dela jada ikasi duen adimenak. Hori da itzultzaile neuronalak behin eta berriro gogoraraziko diguna: euskara hautazkoa izango da langileentzat, ausazkoa pazienteentzat, guztientzat baimendua.

UEMAko herrietan, euskararen arnasguneetan, herriko administrazioak gaztelania ere erabili behar duela badio epaitegiak, oldarraldi judizial bat dela esango dugu lasai. Bitartean, gure historia klinikoak derrigorrez gaztelaniaz ere egon behar duela defendatzen dute hori diotenek: euskaltzaleek eurek. Kritika gogorra da, badakit, baina kontraesana agerian uzteko balioko ahal du. Konplexuak agerian uzteko. Gaiarekiko hurbilpena, ikuspegia eta jarduteko era aldatzeko, hobetzeko, fintzeko.

Hau da oinarrian euskaltzaleek onarturikoa, oldarraldi judizialaren aurka kalera ateratzeko eskatuko diguten horiek onartu eta babestu eta berretsiko dutena: adimen artifizialaren itsas zabalean arrainontziaren neurriko otzantasuna, jangarria ere ez den arrainaren adimen urria. Edo, besterik gabe, euren utzikeria, ahuldadea, alferkeria edo kemen faltaren adierazlea, hori baita itzultzaile neuronala. Harri bera, hori bera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.