Bizkaiko EH Bilduko batzarkidea

Ura eta lurraldea: tututik haratago, burujabetzarantz

Iratxe Arriola
2026ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizi dugun ziurgabetasun garaian, iraunkortasunaz ozen hitz egiten dugu, baina ekintzek ez diote hitzari jarraitzen. Ezin diegu etorkizuneko erronkei aurre egin atzoko formula berberekin. Klima aldaketak eta aldaketa globalak gure paradigma guztiak kolokan jartzen dituzte, eta uraren kudeaketak, ezinbestean, sakoneko norabide aldaketa bat behar du: urrats bat egin behar dugu uraren ikuspegi sektorialetik lurralde ikuspegi integral batera. Ura ez da elementu isolatu bat, ez da hari huts bat; ura lotura da (ura lokarria da). Naturan eta gure gizartean dena harremanetan jartzen duen konektorea da.

Gaur egun, esaterako, Lea-Artibai, Busturialdea eta Karrantza eskualdeetan alerta gorrian gaude. Administrazio publikotik kontzientziazioa exijitzen zaigu: hondartzetako dutxak ixteko, kaleak ez garbitzeko eta baratzeak ez ureztatzeko. Mezua zentzuzkoa da, baina tranpa handi bat dakar: herritarrei erantzukizun indibiduala leporatzen zaie, baina noiz erabaki du gizarte zibilak baliabide horren kudeaketa eredua? Erabaki handienak herritarron parte hartzerik gabe hartzen dira goiko bulego ilunetan, eta guri obedientzia soilik uzten zaigu. Bada garaia norabidea aldatzeko eta zero kilometroko ur politika exijitzeko

Gure lurralde lotura erabat galduta dago. Bizkaiko uraren %80 inguru Arabako Zadorratik eta Burgosko Orduntetik dator. Are larriagoa dena: Zadorra Espainiako Iparraldeko Konfederazio Hidrologikoaren barruan dago. Horrek esan nahi du Madrilgo mahai teknokratiko batean erabakitzen dela zenbat ur dagokion Euskadiri. Bertako ibaiak eta iturburuak abandonatu ditugu urruneko ura ekarriko duten azpiegitura erraldoiak eraikitzeko. Baina antzinako zibilizazio bat bera ez zen finkatzen uretatik urrun; guk, ordea, ura guregana ekartzen dugu naturari bizkarra emanez. Urrunetik ura ponpatzeak argindar izugarria eskatzen du. Ura eta energia txanpon beraren bi aldeak dira. Zenbat diru publiko desbideratzen da uraren kudeaketatik energia fosilen kontsumora? Nor ari da irabazten joko honetan?

Bizkaiko uraren %80 inguru Arabako Zadorratik eta Burgosko Orduntetik dator. Are larriagoa dena: Zadorra Espainiako Iparraldeko Konfederazio Hidrologikoaren barruan dago. Horrek esan nahi du Madrilgo mahai teknokratiko batean erabakitzen dela zenbat ur dagokion Euskadiri

Uraren ziklo integrala ez da plastikozko tutu batean hasten; basoan hasten da, hantxe egiten baita ur bilketa naturala. Eta basoan gertatzen denak zuzeneko eragina du uraren kantitatean eta kalitatean. Zein espezie landatzen dugun ur harguneen inguruan eta mendiak nola kudeatzen ditugun funtsezkoa da: espezie autoktonoen aldeko apustua egin behar da, eta basogintza eredu intentsiboak (tala osoak edo matarrasak) albo batera utzi, lurzorua higatzen dutelako eta ura iragazteko gaitasuna suntsitzen dutelako.

Hori dela eta, planteatzen dugun trantsizio ekologikoak hiru zutabe nagusi behar ditu: lehenik, autosufizientzia eta hurbiltasuna. Eskualde edo arro bakoitzak bere ur baliabide propioak aprobetxatu behar ditu. Muturreko beharra dagoenean bakarrik jo beharko litzateke kanpoko baliabideetara, elkartasun nahiz ingurumen inpaktu txikieneko kriterioekin.

Bigarrenik, baliabideen zirkulartasuna. Ur grisak eta euri ura berreskuratu beharko lirateke industria edo kaleak garbitzeko, ur garbia xahutu eta depuradoreak kolapsatu beharrean. Sareen ur galerak eta iruzurrak ere zorrotz kontrolatu behar dira nahitaez. Hirugarrenik, kudeaketa publikoa eta burujabea. Esternalizazioak poliki-poliki amaitu behar dira, zerbitzu propioen kontrola berreskuratuz. Kanporatzeak amaitzeak gure uraren kontrola berreskuratzea dakar.

Bizkaian, gaur egun, bizkaitarron %92 Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hornitzen du. Ur zerbitzua negozio gisa ulertzen du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak. Paperean publikoa bada ere, bere kudeaketa ereduan enpresa pribatuen irizpide berberen arabera arautzen da. Partzuergoa gero eta urrunago dago tokikotik. Bere egitura oso urrun dago udal eta eskualde eskalatik.

Gobernantza eredu berrian, eskualdeak jarri behar dira piramidearen oinarrian. Udalen eskumena da ura, baina eskualde mailan antolatzea komeni da, gaur egungo zentralizazioari aurre eginez, Bizkaian behintzat. Ura kudeatzeak ez luke izan behar enpresa handien negoziorako bide, baizik eta demokrazia eta subiranotasun ariketa bilakatu behar dugu. Gure baso eta eskualdeetatik jaioko den kudeaketa hurbila behar dugu, ez bulego urrunetako interesen tutuetan harrapatuta dagoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA