Errezilgo iturrien erabiltzaileak

Uraren Euskal Agentziari zuzendutako erreklamazioa

Xabier Uzkudun, Susana Gonzalez eta Maitane Loinaz
2026ko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Idatzi honen bitartez, mendiko ura erabiltzen dugun baserri eta etxeetan bizitzen ari garen egoeraren berri eman nahi dugu, Uraren Euskal Agentziatik etxean jaso ditugun gutunen harira. Eskutitzak banaka ari dira iristen eta elkarrekiko desberdinak dira, nahiz eta funtsean gauza bera eskatzen zaigun. Horrek nahasmena, beldurra eta konfiantzarik eza sortu ditu.

Gutun horiek adierazten dutenaren arabera, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzaldiko Errege Dekretua betearazi nahi digute, Eusko Jaurlaritzaren 2017ko apirilaren 24ko agindua aplikatuta. Agindu hori, jarraian azalduko dugun moduan, ez da inolaz ere berdintasun printzipioetan oinarritzen, ordea, eta, hori dela eta, Uraren Euskal Agentziaren jardunaren aurkako sinadura bilketa egin dugu Errezilen, gure desadostasuna eta haserrea adierazteko helburuarekin. Guztira 108 baserri eta etxetan sinatu dute erreklamazioa, eta 333 sinadura bildu ditugu; hau da, herritarren %73 inguruk sinatu du. Sinadura horiek 2025eko abenduaren 29an aurkeztu genituen, zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bidez, Uraren Euskal Agentziari zuzenduta.

Gutun horietan exijitzen zaigu gastuak gure gain hartzeko eta indibidualki kontagailuak jartzeko eta mantentzeko; kontagailuaren datuen irakurketak egiteko eta horiek Ura Agentziari bidaltzeko; uraren osasun txostena egin eta helarazteko; eta ura erabiltzeagatik kanona ordaintzeko. Eskakizunok erabat bidegabeak eta neurriz kanpokoak dira, eta baieztapen hori egiteko honetan oinarritzen gara:

Lehenik eta behin, jakinarazi nahi dugu iturri horietako ura etxeetara ekartzeko lanak guk geuk egin eta ordaindu ditugula, baita ur biltegiak eraiki eta hainbat urtez mantendu ere. Esan gabe doa instalazio horietara guztietara iristeko bideak (badauden kasuetan, beste batzuetan ez baitaude) garbitu behar izaten ditugula. Hoditerian arazoak izaten dira (hodiak zikindu, puskatu, zahartu, eta abar) eta horien konponketa lanak ere guk geuk egin eta ordaindu behar izaten ditugu, eta gertatu izan zaigu arazo horien ondorioz hainbat egunez urik gabe egon izan beharra. Gainera, iturrien emaria ez da ziurra eta ur hornidura guk gauzatu behar izaten dugu, ura zisterna kamioien bitartez ekarrita. Agerian geratzen den moduan, guk etxean ura izan dezagun egin beharreko lanak eta gastuak handiak dira.

Agentziak, ordea, ez du inolako ardurarik hartu, eta ardura horiek oraindik ere gureak eta geure gain hartu beharrekoak diren arren, eskakizunak gehitu eta urtero ura erabiltzeagatik ordaintzera behartzen gaitu. Lege ororen aurrean pertsona guztiok berdinak bagara, nola liteke agindu honek horrelako desberdintasunak ezartzea herriko ura eta mendikoa jasotzen duten herritarren artean? Herriko ura kontsumitzen dutenek ordaindu behar izatea ulertzen dugu, zeren jasotzen duten zerbitzua erabatekoa da. Ordaindu egiten dute eta ura etxeraino iristen zaie. Ur horniduran arazoren bat izanez gero, ziurtatuta daukate hornidura berreskuratuko dutela. Gure kasuan, aldiz, hori ez da horrela; lan eta gastu guztiak gure gain baitaude, eta aurrerantzean ere hala egongo baitira. Eta esandakoari gaineratu nahi diogu exijitzen zaizkigun lan guztiak ez direla edozein herritarrek egiteko modukoak; Ura Agentziaren kasuan, teknikariek (kontagailua jartzea, ur txostena egitea) eta administrariek (datuen kudeaketa) egiten dituzte. Zer dela eta behartzen gaituzte gutunetako eskakizunak bete eta kanona ordaintzera, ordainetan ezer jaso behar ez badugu? Ura publikoa da, eta denok behar-beharrezkoa dugu bizitzeko; guk ere bai.

Beraz, hona hemen Ura Agentziari egindako eskaerak: prozesu honetako arduraduna herritarrekin biltzea eta herritarrak entzutea nahi dugu, gure egoera zein den ulertzeko; eta, gure eskubideak urratzen ari direla agerikoa denez, prozedura guztiak bertan behera uztea elkarrekin zuzenean hitz egin eta gaia argitu arte. Izan ere, gutunetan Ura Agentziak adierazten digunez, eskakizunok betetzen ez baditugu, zigortu egin nahi gaituzte isunen bidez.

Badakigu egoera hau ez dela Errezilgo herritarrena soilik, eta beste herrietan ere bizitzen ari zaretela. Beraz, denon artean indar handiagoa egingo dugulako ziurtasunarekin, dei egiten dizuegu egoera berean zaudetenoi, bidegabekeria honen aurka elkartu eta ekiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.