BOPAko kideak

Urkulluren eta Sagarduiren promes faltsuak gorabehera, errealitatea agerian

Jose Ignacio Martinez eta Jose Manuel Castaños
2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Zenbait galdeketa, txosten eta mobilizaziotan argi geratu da gizartea gero eta haserreago dagoela ikusita Osasun Publikoa desegiten eta pribatizatzen ari direla.

2022an, Arartekoak nabarmendu zuen sisteman «tentsio» handia dagoela, eta pandemiak larriagotu baino ez zuela egin «lehendik ere bazegoen arazo bat, etorkizuneko beharrei begirako plangintza eskasa egiteagatik sortua». Adierazi zuenez, Osakidetzaren funtzionamenduari buruzko kexak %220 ugaritu ziren 2022an, 2020koen aldean. Osakidetzan jarritako kexa eta erreklamazioek zenbait marka hautsi dituzte. Osasuna Babesteko Elkarteen Federazioak 2023an egindako txostenean bildutakoaren arabera, Osakidetzako itxaron zerrendak okertu egin direla uste dutenen kopurua 30 puntu handitu da 2019tik.

Kexa horiei indarra kentzeko, Urkullu eta Sagardui komunikazio kanpaina handi bat egiten ari dira, mamirik gabeko adierazpenez eta bete gabeko promesez josia. «Lehen Arreta indartzea izan da legegintzaldi honen helburua» (Urkullu, 2020). 2022an, berriro iragarri zuen Lehen Arreta indartuko zutela. 2023an, hitzeman zuen «behar adina ahaleginduko» zirela, eta berriz esan zuen «aurten Osakidetza hobetzea lehenetsiko» zutela. Irailean, hau esan zuen: «Pertsona bat artatzeko orduan, egun bat gutxiago itxarotea erabakigarria izan daiteke, egun bakoitza baita garrantzitsua, oso garrantzitsua».

Baina ez hark ez Sagarduik ez dute neurririk hartu horretarako. Aitzitik, Lehen Arreta are gehiago okertu da. Langileak falta dira, batez ere familia medikuen arloan eta pediatrian; arreta orduak murrizten dituzte etengabe; itxaron zerrendak ezin luzeagoak dira...

2023ko ekainetik irailera, Lehen Arretan ez zen pediatrarik izan zenbait osasun etxetan gutxienez 1.737 txandatan. 6.000 lagun baino gehiago telefono bidezko arretarik gabe geratu ziren dagozkien larrialdi zerbitzuetan. 200 egun baino gehiago behar ziren logopedian kontsulta bat lortzeko (gehienak zentro pribatuetara bideratzen dira). Osasun etxe askotan medikuen %50 ari ziren lanean, eta beste batzuetan ez zegoen medikurik, eta abar. Eta bai, Urkullu jauna, horrek kalte egiten dio osasunari.

Hitzeman du ahaleginak egingo dituztela, baina asmo horiek ez dira ageri 2024ko aurrekontuetan. Izan ere, adierazpenak adierazpen, aurtengo inbertsioa 2023koa baino 3,4 puntu txikiagoa da, eta, Urkulluk ziurtatu duenez, «arazoa ez da diru falta; ez du zerikusirik aurrekontuekin». Beraz, murrizketak erabaki politiko bati dagozkio.

Itxaron zerrenden auzia konpontzeko, Urkulluk iragarri zuen milaka paziente zentro pribatuetara bideratuko zituztela. 2023an, 2.700 baino gehiago izan ziren, eta 5,5 milioi euroko gastua ekarri zuen horrek. Lehen Arreta indartzeko modu bitxia eta susmagarria.

Bi agintariek ukatu egin dute Osakidetzan pribatizazioak izan direla. Hala ere, arlo pribatura bideratu dituzten kontsultak alde batera utzita, gero eta zerbitzu gehiago pribatizatu dituzte (proba diagnostikoak, osasun garraioa, ostalaritza, segurtasuna, garbiketa, mantentze lanak eta abar). Osakidetzako lantaldea %10 handitu da 2012tik, eta osasungintza pribatukoa, berriz, %60; hala, irabaziak ere handitu egin dira pribatuan. Osakidetza, beraz, enpresak kontratatzeko bulego bilakatuko da.

Sagarduik adierazi zuenez, 2024ko aurrekontuetan ez zen izango «pribatizazioen arrastorik». Izan ere, gainerako gehienok pribatizaziotzat jotzen dugun hori «publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioa» da Sagarduirentzat. Egiatan, hori esaten zuen bitartean, Plataforma Logistiko Korporatiboa pribatizatu zuen, eta kolokan utzi hura kudeatzeaz arduratzen ziren Osakidetzako 180 langileak. Sistema digitalizatzeaz arduratuko den Herritarren Kanala ere pribatizatu du, aurrez aurreko arretaren kalterako, eta baita Dialisi Zerbitzua eta Txagorritxuko ospitaleko kafetegiak ere.

Bidenabar, enpresa adjudikaziodunetan Osakidetzako, Jaurlaritzako eta EAJko goi kargudun ohi batzuk ari dira. Gainera, enpresa horietako batzuk zigortu egin dituzte kontratuak manipulatzeagatik edo medikuak sobornatzeagatik.

Horrez gain, ziurtatu zuen itxaron zerrendak nabarmen laburtu zirela, pandemia aurreko datuak lortzeraino. Nekez sinestekoa. Osasun Ministerioaren arabera, 2022ko ekainetik 2023ko ekainera handitu egin zen espezialista batekin lehen kontsulta izatea eskatua zutenen kopurua: 39.034 ziren hasieran, eta 69.523 gero. 2019ko ekaineko (pandemiaren aurreko) datuen aldean, 35.311 lagun gehiago zeuden, eta, inongo azalpenik eman gabe, Sagarduik desagerrarazi egin zituen itxaron zerrendetatik, bost hilabetean!

Nolanahi ere, gardentasun ariketa bat egiteko, dei itzazu agente sozialak eta jakinaraz itzazu zure datuak, eman ezazu itxaron zerrendak estaltzeko erabilitako protokoloen berri, eta entzun ezazu gure iritzia.

Urkullu, Sagardui, Eusko Jaurlaritza: guk Osakidetzako egoeraren berri ematea ez da alarmismoa, ezta katastrofismoa ere. Herritarrok jasaten dugun errealitatea nolakoa den kontatu dugu, eta bereziki sektorerik zaurgarrienek jasaten dutena, osasun sistema publikotik kanpo geratu baitira, interes pribatuen mesedetan, izan kolektiboak edo pertsonalak.

Osasun Publikoa pribatizatzeak ahuldu egiten du sistema bera, okertu artaren kalitatea, eta handitu hildakoen kopurua: hori ondorioztatu dute Erresuma Batuan egin eta The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Enpresa adjudikaziodunei eta aseguru pribatuei baino ez die mesede egiten.

Ez diegu utziko gure osasuna lapurtzen. Salatzen eta mobilizazioak egiten segituko dugu, egoera larri honen erantzuleak seinalatzen eta egoera berehala errotik aldatu dadila exijitzen, pertsonak eta osasuna egon daitezen osasun sistema publikoaren erdigunean.

Erredakzioan itzulia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.