Oihane Amantegi (L)

Urte erdiz, zortzi astez eta egun batzuk gehiagoz

2026ko otsailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamnet ikustera joan nintzen aurrekoan zinema-aretora, eta negar egin nuen. Bueno, Hamnet ikustera joan nintzen banekielako negar egingo nuela, edo zuzen-zuzenean negar egin nahi nuelako joan nintzen Hamnet ikustera. Faktoreen ordenak ez du azken emaitza aldatzen. Azken emaitza: negarraldia, alimalekoa. Bere sasoian, Maggie O´Farrellen liburua irakurri nuenean, egia esanda kosta egin zitzaidan pixka bat hari eustea, baina liburuan oinarritutako filmaren trailerra ikusi orduko hartu nituen kasik zinemarako txartelak. Chloé Zahoren azken filmak Agnes Hathaway eta William Shakespeareren arteko harremana du ardatz, eta bikotekidearen semearen heriotzak bakoitzarengan jorratzen duen zauria kontatzen du. Horrela, labur esanda, ze hemen garrantzitsua malkoak dira.

Pelikulak berak, garai historikoak, haurdunaldiak eta erditzeak, amatasuna eta geografia tarteko, beste figura ingeles batengana eraman ninduen hurrengo egunetan: Margery Kempe. Margery Kempe 1373an jaio zen, Norfolk konderrian, Hathaway eta Shakespeare baino bi mende lehenago. Berea omen da hizkuntza ingelesean idatzitako lehen autobiografia, The book of Margery Kempe (1430eko hamarkada buelta horretan idatzia), nahiz eta esaten den ez zuela berak zuzenean idatzi; jatorri burgesekoa izanagatik ere, irakurketa eta idazketa eskura izan arren, diktatu egin omen zituen bere oroitzapenak, ahanzturatik jaso eta salba zitzaten. Erdi Aroa bezalako garai nahasi batean 14 seme-alaben ama izanik, Margeryk argi hitz egiten du erditze osteko aldian pairatu zuen sufrimendu psikikoaz, gaur egungo medikuntzak erditze osteko nahasmenduen multzoan diagnostikatuko lituzkeen pasarteak xehetasun handiz deskribatuz.

Gutako askok ez du laguntzarik eskatzen, hein handi batean entzungor egiten jarraitzen delako ama bihurtu berri den emakumearen sufrimendu psikologikoaren aurrean. Tabuak izugarria izaten jarraitzen du

Liburuan, ikusmen- eta entzumen-haluzinazioez dihardu, bere burua zauritzera eta suizidioaz pentsatzera eraman zutenak; horregatik, hilabete luzez itxita eduki zuten: «kreatura hau guztiz atera zen bere onetik eta modu izugarrian aztoratu eta oinazetu zen izpirituen erruz urte erdiz, zortzi astez eta egun batzuk gehiagoz. Denbora horretan, bere ustez, deabruek beren ahoak zabaltzen zituztela ikusi zuen, sutan eta suzko sugar biziez beterik, bera irentsi behar balute bezala (…)». Kempek haluzinazio horiek deabruari egotzi zizkion, eta bere ondoezaren azalpena erlijio-ikuspegi baten barruan kokatu, mundua eta bere bizipen pertsonala ulertzeko zuen moduan. Mistiko kristaua izan zen, erromesaldi luzeak egin zituena, eta bere debozioak negarraren bidez aditzera ematearren egin zen ezagun. Esan dizuet, hemen garrantzitsua malkoak dira.

(ID_17709797272515) Ilustrazioa
Irati Eguren

Gaur egun, gure ikuspegi mendebaldarretik eta medikuntzaren kontzepzio modernotik —eta deabruez harago—, erditu ondoren ager daitezkeen ondoezak izendatzeko hitzak izan baditugu: erditze osteko tristezia, erditze osteko depresioa edo erditze osteko psikosia, besteak beste. Umea munduratu ondorengo sasoi horretan, arazo psikikoak hain dira ohikoak, ezen hamar emakumetik bik pairatzen dituztela esaten den; hori, behetik jota, naturaltasun osoz onartzen baitu espektro medikoak diagnostiko asko eta asko ez direla egin ere egiten, emakume askok, muga-mugan egonda ere, ez dutelako laguntzarik eskatzen. Pentsa azpidiagnostiko feminizatu horretan, eta egin negar nahi beste.

Gutako askok ez du laguntzarik eskatzen, hein handi batean entzungor egiten jarraitzen delako ama bihurtu berri den emakumearen sufrimendu psikologikoaren aurrean. Tabuak izugarria izaten jarraitzen du —aurrerapausoak egin badira ere—; lotsak, erruak, beldurrak eta aurreiritziek, amatasunaren ikuspegi idealizatu monolitikoarekin batera, ez dute laguntzen erdibitu berri den emakumearen haustura emozionalari izenik jartzen. Kemperen testigantza behar dugu, sufrimenduaren estatistiketan modu ofizialean agertzen ez diren horien guztienarekin batera, urte erdiz, zortzi astez eta egun batzuk gehiagoz malkotan ito eta gero onik bueltatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA