Utzi auzoa bakean

Eñaut Alvarez Loidi
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Esku batekin ari naiz artikulu hau idazten, bestea zipaioek txikitu berri didate karga batean. Justu alboan zegoen laguna atxilotu dute karga horretan bertan; ni neu izan nintekeen. Hau idazten ari naizen momentu berean, bera Antiguako komisariako zulorik ilunenean daukate; kalabozoan. Laster besarkatu eta negar egingo dugu amorruz adina konbentzimenduz elkarrekin.

Zipaioek Donostiako Alde Zaharrean erabili duten indarkeriak komunikabide nahiz sare sozialetako titularrak hartu dituzte azken asteetan. Behin eta berriro oldartu da Polizia gazteon aurka... Botiloiaren aitzakia jarri dute behin baino gehiagotan, baina inoiz botiloi batean egon denak badaki ronkola eta txirrisklasa bereizten.

Auzoko Gazte Asanbladak ideia argi bat azpimarratu du hasiera-hasieratik:

Poliziaren inpunitatea inoiz baino gehiago areagotu da larrialdi egoeraren aitzakiapean. Manipulazio mediatikoa, bestalde, inoiz baino agerikoagoa bihurtu da. Baina errepresioa eta gezurra beti izango dira hankamotz.

Gazteok gaude jopuntuan, gazteok garelako etorkizunaren giltza eta baldintza. Horregatik, gazteon kriminalizazioak izurritearen bilakaeraren erantzule bihurtzeko helburuari erantzuten dio; atentzioa desbiatu eta agintari instituzional, politiko eta ekonomikoen arduragabekeria zuritzeko. Praktika sistematiko hau, gainera, erraz zabaltzen ari da. Jazarpen polizialari manipulazio mediatikoa gehituz gero, molotov koktel bikaina gazteriaren aurka. Baina denak ez du balio.

Irudi batek hamaika azalpenek baino gehiago balio omen du, eta gaurkoak ikusi ostean, Poliziaren interbentzioa justifikatuko duen bizilagunik ez du inork aurkituko. Errepresioaren aurrean, ezinbestekoa da elkartasuna antolatu eta elkarrekin erantzutea, bestela gureak egin du. Proposamen zehatz bat: erresistentzia kutxak sortu edota indartzea.

Gazteon aurkako kriminalizazioak eta Poliziaren jazarpen inpuneak beldurra sortzea bilatzen du; beldurra jipoi eta zauriei, beldurra isunei, beldurra atxiloketei eta, zergatik ez, beldurra espetxeratzeei. Baina urte luzeko bidearen ondorengoak gara, gazte konprometituak, egunez egun gure auzo eta herriak eraldatzeko lan egiten dugunak, eta, zorionez, gero eta gehiago gara.

Dena ETA zenean agian bai, baina, orain, guztiak ez die balio(ko).

Zergatik, baina, horrenbeste egur Donostiako Alde Zaharreko gazteei? Badakitelako, Euskal Herriko toki gehienetan ez bezala, mugimendu ezberdinetako kideok elkarlanaren beharraz aspaldi jabetu garela, elkarlanaren potentzian sinisten dugula eta, horregatik, elkarrekin antolatzen hasi garela. Gaur-gaurkoz gazteak soilik bai, baina ezker abertzalekoak, ildo sozialistakoak, autonomo eta anarkistak... guztiok elkarrekin; sinestezina badirudi ere, gaur-gaurkoz halaxe da. Azken finean, guztiok baikara feministak, ekologistak, errepublikanoak eta euskaldunak.

Hainbat zatiketa bizi izan ditut Euskal Herriko herri mugimenduaren baitan eta argi daukat elkarren arteko desadostasun taktiko nahiz estrategikoen gainetik kapitalaren aurka daukagun kontraesana lehenesteko gai ez bagara ez dugula gauza asko lortzerik. Ez gaurko Donostiako Alde Zaharrean behintzat. Burgesiak indar handia baitu, eta, batez ere, irabazi asko baitu jokoan auzo honetan. Auzotarrak edo turistak, multinazionalak edo betiko komertzio txikiak, nekazariak edo supermerkatu handiak...

Kontraesanak kontraesan, eta eman beharreko eztabaidak emanez (behar beste denbora eta merezi duten kalitatea eskainiz), antolatzen hasi gara guztion mesedetan eta helburu argi batekin: auzoko problematika orokor eta espezifikoei erantzun ez ezik, irtenbidea ere emateko. Horregatik, oraina baino hobea den etorkizunagatik borrokatzen zuelako Kijerak ere; eta horregatik erail zutelako Kijera gaur gu jipotzen gaituzten txakurren arbasoek ere. Kale berberetan.

Bide luzea dugu aurretik, eta gazteok bakarrik ez goaz urrutira. Hori bai, ez dezagun ahaztu gaurko gazteon borrokan dagoela biharkoen etorkizuna.

Alboan zaituztedan guztiei; eutsi eta egurra etsaiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.