Goizean, etxetik atera eta jarraian konturatzen naiz kalea ezagutzen ez dudan egun horietako bat dela. Begiratzea baino egiten dudan lehenengo gauza entzutea da: gurpil txikiak espaloian. Maletak, bata bestearen atzetik. Ateen hotsa, ireki-itxi. Kafe-makinak, hizkuntza batean edo bestean. Argazki-klik bat. Bideo biral baterako barre urrun samarrak. Kalea, kalea beharrean, norbaitek aurretik markatutako ibilbide bihurtzen denean. Euskal Herria bisitatzen ari dira.
Badu lasaigarria den zerbait esaldi horrek. Bisitak gehienetan iragankorrak dira eta iragankorrak direlako etxeak ez dira aldatzen. Bisitariak etorri eta joan egiten dira. Gu, berriz, hemen gaude. Zer gertatzen da bisita egunerokoa bihurtzen denean? Zer gertatzen da gure kaleak, gure etxeak, gure paisaiak edo festak beste norbaiten aisialdirako antolatzen hasten direnean? Orduan, turismoa jada ez da etortzen den zerbait. Turismoa hemen geratzen da. Gurekin gosaltzen du. Gure etxebizitzekin espekulatzen du. Gure auzoko denda souvenir bilakatzen du. Gure plazaren erdian esertzen da, eta guk ertzetik begiratzen diogu, deseroso, norberaren bizitzan gonbidatu bagina bezala. Gu geu bisitari bilakatu bagina bezala.
Denok gara turista. Edo ez. Askok migratu egin behar dute, eta beste askok ezin dute sorburua utzi bestelako lekuetako esperientziak bizitzeko, lana dela, dirua dela, zaintza dela. Egiturazkoa den eztabaida bat dago zurrunbiloaren atzealdean: turismoa egitea nahia edo eskubidea da? Zaila egiten zait eskubideak pribilegio bilakatu dituen sistema kapitalista batean honen inguruko iritzi borobilak ematea. Argi daukadana da masifikazio turistikoaren auzia ez dela momentu zehatz batean turismoa egiten ari den pertsona baten aurkako haserrea. Norbait, aldizka, beste leku batera joatea, hizkuntza ezezagun bat entzutea, janari berria dastatzea edo paisaia berri bat mirestea ez da, berez, auzia. Kontua beste nonbait dago: bisita horiek mugagabeko kontsumo direnean, kontsumoa merkatua bihurtzen denean, merkatua eredu bihurtzen denean eta eredu hori bizitza guztien gainetik jartzen denean.
Gernikako jaietan, gida turistiko bat entzun dugu turistei azaltzen txosnak «kalean dauden diskotekak» direla. Bi hitzetan hustu du herri bateko mugimendu politikoen eragiletza. Eta horrela bilakatzen da herria esperientzia-pack: festa, argazki. Euskara, dekorazio
Aurten, Gernikako jaietan, gida turistiko bat entzun dugu turistei azaltzen txosnak «kalean dauden diskotekak» direla. Bi hitzetan hustu du herri bateko mugimendu politikoen eragiletza. Eta horrela bilakatzen da herria esperientzia-pack: festa, argazki. Euskara, dekorazio. Auzoa, apartamentu turistikoen atze-oihala. Horixe da turistifikazioaren mekanismorik sotilena: ez ditu gauzak desagerrarazten, esanahiz husten ditu. Kultura ez da objektu bat. Kultura ez da behin eta betiko gordetako zerbait, ezta iraganeko irudi garbi eta ukiezina ere. Aldatu egiten da, nahastu, borrokatu, uztartu eta berriz asmatu. Kultura edo identitate hori postal bilakatu nahi denean sortzen da arazoa. Postalak ez du zaratarik. Ez du gatazkarik. Ez du alokairuaren kezkarik, ezta lanera joateko autobusa galtzen duenik ere. Postalak ez du hizkuntza baten neke historikoa erakusten, ez du esaten norentzat den kalea eta norentzat geratu den kale horretan bizitzea ezinezkoa. Postalak ez du gorputzik. Horregatik da hain erraza saltzea.
Federico Garcia Lorcak etxeko balkoia zabalik uzteko eskatu zuen bere azken agurrean. Bazekien etxeko balkoitik bizitza sartzen dela, barruraino. Etxe bakoitzak badu usain bat, soinu bat, arratsaldeko argiaren moduren bat. Etxeak baditu bakarrik bizi diren pertsonak, elkarrekin bizi diren lagunak, familiak, adinekoak, logelak partekatu behar dituzten langileak. Merkatuak baina ez dio lekurik uzten laranjondoari, are gutxiago segalariari. Eta hala, etxeak desagertzen dira. Ez hormak erortzen direlako baizik barruan inor bizi ez delako. Leihoak irekitzen dira, baina ez dute inorena den airerik sartzen uzten.
Turistifikatutako lurraldeak bere burua galtzen du ez derrigorrez bere ikur guztiak desagertzen direlako, baizik eta ikur horiek norbaiten begiradarako prestatzen direlako. Herri batek bere hizkuntza hitz egiten jarrai dezake, baina hizkuntza hori kartel turistiko batean bakarrik agertzen bada, zer ari da esaten? Herriak bere horretan iraun dezake, baina inor ezin bada han bizi, herri bat da hori? Agian hori da egin beharreko galdera: noiz uzten dio leku batek leku izateari eta noiz bihurtzen da eszenatoki? Eszenatokiek ikusleak behar dituzte. Lekuek, berriz, bizilagunak. Ez dugu Euskal Herri hermetiko bat nahi, identitate garbi eta bakar baten izenean. Baina ez dugu, era berean, Euskal Herria marka bihurtzerik nahi. Ez dugu gure herria jatetxe bateko ingelesez idatzitako menua izatea nahi, gure kultura esperientzia-pakete bat, gure hizkuntza argazki baten azpiko testu txikia. Turismo eredua ez dute gutxi batzuek erabaki behar, haien irabaziak kontuan hartuta. Herritarrek erabaki behar dute, herri eta auzoetan bizi direnek eta etorkizuna hemen irudikatu nahi dutenek. Eta turismoa ezin da neurrigabeko hazkundearen izenean defendatu, hazkunde horrek jendearen bizitza bera txikitzen badu.
Guk ere balkoia zabalik nahi dugu, baina ez edozein haize sar dadin. Ez merkatuaren haizea, ez irabazien usaina, ez hiria barrutik hustu eta kanpotik argazki bihurtzen duen korrontea. Balkoia zabalik, kaleko zaratak sar daitezen, auzoko sukaldeetako usaina, borroken oihuak zein larunbateko poteoko elkarrizketak, igande arratsaldeko barealdia eta kresala. Utzi balkoia zabalik, bizitza arnas dezagun.