Urtarrilaren 3an Ameriketako Estatu Batuek Venezuelako zenbait gune militar bonbardatu zituzten, eta Nicolas Maduro presidentea bahitu zuten. Eraso inperialista anker horren bidez, AEBek iruzurrez eta bidegabekeriaz beteriko kanpaina mediatiko, politiko, ekonomiko eta militarra biribildu nahi izan dute, Venezuelan erregimen aldaketa eragiteko eta iraultza bolivartarra suntsitzeko asmoz.
Azken eraso hau, ordea, oldarraldi luze baten jarraipena da. Iraultza bolivartarra hasi zenetik, Venezuela etengabe egon da AEBen eta, oro har, inperialismoaren jopuntuan. Horren erakusgarri argienak azken hiru hamarkadetako gertakari jakinetan aurki ditzakegu, hala nola Chavezen aurkako 2002ko estatu kolpean, 2014 eta 2017ko guarinbetan edota Juan Guaidoren 2019ko auto-izendapenean. Denak ala denak barne oposizio ultraeskuindarraren protagonismo mediatikoarekin, baina Ameriketako Estatu Batuetatik diseinatuak eta zuzenduak. Nolanahi ere, gertakari jakin horietatik haratago, prozesu bolivartarrak ordena inperialistari aurre egiteagatik jasan duen jazarpena etengabekoa eta erabatekoa izan da, plano ekonomikoan, politikoan zein mediatikoan. Venezuelako herri langileak Hegoalde Globaleko herri gisa inposatzen zaion zapalkuntza egoera onartzeari uko egin eta bere subiranotasuna defendatu baitu, sozialismoranzko urratsak egitearekin batera.
Bizi garen garai historiko honetan, sistema kapitalistaren egiturazko krisia egitate ukaezina da. Irabazi-tasaren beheranzko joera gelditu ezineko fenomenoa da, eta ustiatu gabeko tokiak gero eta urriagoak dira. Horrez gain, potentzia ekonomiko berrien agerpenak eta hazkundeak inperialismoaren hegemonia unipolarra auzitan jarri du.
Gainbehera horren aurrean, klase menperatzailea baliabide bortitzenak erabiltzeko prest dago bere gailentasuna bermatzeko, eta Venezuelako azken egunotako gertakariak horren erakusgarri dira. Testuinguru horretan, eraso inperialistak salatu eta erasoak jasaten dituzten herrialdeen erresistentziarako eskubidea aldarrikatze hutsa ez da nahikoa. Antolakunde politikoen funtzioak haratago joan behar du. Argitasun ideologikoa erakutsi behar da, eta, batez ere, lerrokatu beharra dago, anbibalentziarik gabe. Irakurketek eta mobilizazioek posizioak argitzeko balio behar dute, herri langilearengan aktibazioa sustatzeko, haren kontzientziazioan aurrerapausoak emateko, hura ere argiki lerrokatu dadin.
Sistema kapitalista globalizatuak mundu osoko langileriaren esplotazioa du lege, baina, klase arteko dominazio harremanez gain, herrialdeen arteko dominazio-harremanak ere garrantzi handiko faktorea dira. Sistema kapitalistaren fase inperialistan, Hegoalde Globaletik Zentro Inperialistarako aberastasun-transferentzia elementu zentrala da, eta horrek kontraesan osagarriak eta borroka-marko espezifikoak sortzen ditu. Ondorioz, klase gatazkak forma eta ezaugarri ezberdinak hartzen ditu testuinguru bakoitzean.
Horrek guztiak, Venezuelara ekarrita, prozesu bolivartarra ezbairik gabe defendatzea eskatzen du. Venezuelar herri armatua, gobernu bolivartarra eta proiektu komunala inoiz baino irmoago babestea. Izan ere, prozesu bolivartarrak, venezuelar herriaren baldintza material objektiboak hobetzeaz gain, ezinbesteko sostengua ematen du bertako langileria iraultzailea antolatzeko eta garatzeko, antolakuntza eredu komunalean aurrerapausoak emateko eta iraultza sozialista arrakastaz egiteko beharrezko baldintza objektibo eta subjektiboak sortzeko.
Horrenbestez, Venezuela jasaten ari den erasoaldi inperialistaren aurrean, elkartasun internazionalista antolatzea eta Venezuelako herriari eta iraultza bolivartarrari gure babes osoa helaraztea dagokio Euskal Herriko mugimendu iraultzaileari.
Ikusi, ikasi eta lerrokatzea dagokigu. Prozesu iraultzaileak ez dira idealak, ezta puruak ere. Kontrara, materialak dira, eta kontraesanak gaindituz egiten dute aurrera. Erraza da prozesu horiek ez babesteko aitzakiak topatzea, nolabaiteko zuzentasun ideologiko bati helduta. Horrek, ordea, iraultza ezinezkotzat jotzeko besterik ez du balio.