Abya Yalako-Latinoamerikako hainbat estaturen independentziaren 200. urteurrenean—teorian bada ere, izan ere, kontinenteko herriak oraindik ere borrokan ari dira bigarren eta behin betiko independentzia baten alde—, jatorrizko herriak beraien kultura eta nortasunari eusteko etengabeko borrokan ari dira, kapitalismoaren «modernitateak» inposatutako akulturazioari aurre eginez, eta, era berean, zenbait tresna berriak —Internet, esate baterako— beren beharretara egokituz.
Venezuelako Errepublika Bolivartarrean 2010eko udan egon garen Askapenako brigadako kideok garatze bidean dagoen iniziatiba berritzaile hori ikusteko aukera izan dugu. Zenbait egunetan Venezuelako Unibertsitate Indigenako (UIV) ekintzetan parte hartzeko beta izan dugu, pumé, jibí, e´ñepá, warao, piaroa eta jatorrizko beste hainbat herritako kideekin biziz.
Venezuelako Unibertsitate Indigena 2001ean sortu zuten, Causa Amerindia Kiwxik bultzatuta. Unibertsitatea Bolivar estatuko sabanan kokatua dago, eta hainbat ikasketa-gunez osatua dago—Internet sarea duen informatika gune bat barne—, baita ikasleak eta irakasleak bizi diren zenbait herrixkaz ere. Bertan, era askotariko ekintzak gauzatzen dituzte: basogintza, zurgintza, artisautza, kultur erakustaldiak, arrain-hazkuntza...
Unibertsitatearen jomuga komunitateetako kideen heziketa eta formakuntza da, etorkizunean euren komunitatean lider lanak gauzatzeko gaitasunak izan ditzaten. Hori xede izanik, formazioak hiru ardatz nagusi ditu: kultura—herrien historia, mundu-ikuskera eta espiritualtasun indigena, hizkuntza, sormena eta espresio artistikoa...—, kontzientziazioa—estatu eta politika nozioak, ekologia, ekonomia, baliabide naturalak...— eta ekoizpena —nekazaritza, erle-hazkuntza, arrain-hazkuntza, bufalo-hazkuntza...—. Ezagutza teorikoaz haratago, irakaskuntza alderdi praktikoan oinarritua dago batik bat. Irakaspena sei sehilekoz osatua dago, amaierako tesiaren —urtebete ingurukoa— ezarpenarekin euren komunitaterako hobekuntzaren bat erdietsi behar dutelarik.
Heziketa jasotzera hurbiltzen diren kide horiek, beraienkomunitatean aukeratuak izaten dira, eta nagusiki Apure, Bolivar eta Amazonas estatuetan dute jatorria; sarritan urrutiko herrixketakoak izaten dira, eta zenbait egunetako joan-etorriko bidaia egin behar izaten dute oinez edo kanoaz. Aurtengo ikasturtean 75 ikaslek eman dute izena unibertsitatean, eta horietatik zazpi emakumeak dira. Hasieran gizonezkoez soilik zegoen osatua, baina ahaleginean ari dira pixkanaka emakumeen parte-hartzea handitu dadin, neskak 17 urterekin sar daitezke Unibertsitatean —gizonezkoek 18 urte izan behar dituzte sartzeko—.
2010eko maiatzean Gobernu Bolivartarrak UIV ofizialki onartzea lortu zen. Horrek finantzaketa bermatuko du, haatik, ez du aldatuko Unibertsitatearen funtzionamendu autonomoa; komunitateetako kideek kudeatua izaten jarraituko du. UIVren onarpena berantiarra izan bada ere, agerian jartzen du gobernuaren jatorrizko herrien aldeko jarrera, kontraesanek hor badiraute ere: jatorrizko herrien eskubideen legearen ezarpen eskasa, eta eskubideen aldarrikapenak egiten dituzten herrien eta latifundista, kolono eta eskuin endogenoaren edo boliburgesiaren —Gobernu Bolivartarraren botere egituretan dauden oportunistak, zeintzuk ez duten herriaren ongizaterako lan egiten, baizik eta euren interes propioetarako— arteko norgehiagoka.
Horren adibidea izango litzateke Sabino Romero yukpa kazikearen (komunitatearen burua) espetxeratzea, Zuliako estatuan lurralde aldarrikapen liskar baten ondorioz. Beraz, anitz dago egiteke, aurrerapenak nabariak izan diren arren. Jibi gazte batek adierazi zigun moduan, aurretiaz ez zuten inongo gobernuren onarpenik jaso, eta gaur egun, konstituzio bolivartarrean jatorrizko herriak jasota egonda, euren eskubideak aitortuak izaten hasi dira.
UIV urteekin finkatzen doan esperientzia da, jatorrizko herriek nola antola daitezkeen eta beren hezkuntza propioa nola gestiona dezaketen erreferente batbilakatuz eta komunitateennortasunari eta kulturari eusteko buruzagien formakuntza nabarmenduz. «Irakasle-laguntzaile ibiltari» lanetan igaro dugun epe laburretan, merkantilismo akulturalizatzailearen presioaren eta espainiar eta frantses estatuen asimilazio etengabeko saioaren ondorioz, Euskal Herrian mendeekin galduz joan diren zenbait alderdi agerian geratu zaizkigu.
Xume-xume, gorde beharreko ezinbesteko hiru elementu erakutsi dizkigute. Batetik, norbere historiaren jakintzari eta kultura eta hizkuntzari eutsi beharra. Bestetik, komunitateari ematen dioten garrantzia, ardatz nagusia kolektibitatea izanik, hortik at norbanakoa kulturalki deuseztatu eta despertsonalizazioa eta kontsumitzaile izate hutsa izatea bultzatzen duen enajenazio kapitalistari aurre egiteko erreferentziarik gabe geratzen da. Azkenik, jatorrizko herriek, naturarekin bat eta bereiziezin bizi direla jakitun, gaur-gaurko errealitate bortitz bat agerian jartzen digute: naturaren suntsiketa, Ama Lurraren txikizioa, neurri gabeko kontsumismoaren eta ustezko modernitatearen mende.
Hiru osagai horiek gureformakuntzari gaineratzearen beharraz konsziente izateanahitaezkoa da gure herria ukatzen duten elementuen —barnekoak eta kanpokoak— aurkakoborrokan irauteko. Era praktikoan hori gogoraraztea izan da herri horiek egin diguten ekarpen solidarioa.
Venezuelako unibertsitate indigenaren irakaspenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu