Irakaslea

XX. mendea eta gero

Patxi Zubikarai
2026ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

XX. mende brutal eta interesgarritik irakaspenak atera behar genituzke. Badirudi, baina, errezeta zaharrak ezin ditugula atzean utzi eta oso okerrak izan diren parametro ideologiko batzuk errepikatzea gustuko dugula. Azken adibidea segurtasun publikoaren gaia lantzen duen artikulu bat da, Poliziaren desagerpenerantz deitua.

Poliziaren fenomenoa neutroa ez dela baieztatzen da aipatu artikuluan eta hori ziurtatze aldera hain estimatua dugun Joxe Azurmendiren Teknikaren meditazioa saiakera aipatzen da. Saiakera horretan Zegamakoak dio teknologia ez dela neutrala. Bada, gai honetan ados ez garela esango dugu, alegia, marxismo tradizionalak kontrakoa badio ere, batzuk uste dugu teknologia badela neutroa. Gure ustez, pistolaren adibidea baino interesgarriagoa da edozein objektu hartzea, boligrafo bat adibidez, eta ikustea ea zer gertatzen den. Boligrafo bat ona edo txarra da? Eskutitz bat idazteko erabiltzen badugu tresna ona dela esango dugu, baina gauza bera aldamenean dugun pertsonaren lepoan behin eta berriz sartuz gero pertsona odolustu eta hil egingo da. Orduan, ona edo txarra da? Ez da ez ona ez txarra: objektua neutroa da, subjektuak egiten duen erabilpenean dago gakoa.

Berdin poliziarekin. Segurtasuneko antolakundeak gobernuen tresna hutsak dira. Euskaldun askok pairatu zituzten torturatzaileak, adibidez, ez ziren sadiko kuadrilla bat, ondo formatutako funtzionarioak ziren, instrukzio zehatzekin. Ez ziren pertsona onak edo txarrak, funtzio instrumentala zuten (benetan latza, hori bai). 

Nork edo zerk ordezkatuko luke gaur egungo egitura hori? Denon artean asanbladan aukeratutako komunitateko kide entusiasta eta benetan eskuzabalek, laguntzeko prest daudenek? Boluntario horiek pixka bat euren artean antolatu eta lanean hasi bezain pronto ez al ginateke konturatuko lehen polizia deitzen genion egituraren berrasmatze hutsa edo oso antzekoa dela?

Badirudi aipatu artikuluan defendatzen den oinarrizko tesia zera dela: Polizia soilik kapitalismoaren produktu gisa ulertu behar da, eta boteretsuenen interesak defendatzeko tresna baino ez izaki, helburu zentzuzkoa bere desagerpena izan behar litzateke eta ez azaleko aldaketak proposatzea. Agian Marxek ezagutu zuen XIX. mendean deskripzio hori nahiko zuzena izango zen, baina 150 urte ez dira debalde pasa eta bizitzako beste arlo askotan bezala, fenomeno politikoek mutazioak pairatzen dituzte eta atzo txarra zena gaur ona izan daiteke edota alderantziz (gure herriaren azken hogei urteak horren adibide garbia dira).

Poliziaren desagerpena bada proposatzen dena, hurrengo galdera, zentzuzkoa, segituan datorkigu: nork edo zerk ordezkatuko luke gaur egungo egitura hori? Denon artean asanbladan aukeratutako komunitateko kide entusiasta eta benetan eskuzabalek, laguntzeko prest daudenek? Boluntario horiek pixka bat euren artean antolatu eta lanean hasi bezain pronto ez al ginateke konturatuko lehen polizia deitzen genion egituraren berrasmatze hutsa edo oso antzekoa dela? Logika honek gure herrietan jada badu kristalizazio maila bat. Segurtasuna gizarte ororen atal funtsezkoa da eta hemen ezkerreko agente asko oso deseroso mugitzen dira.

Bada ezkerrarentzat tabua den zerbait, baina gure ustez aipatu behar dena: akaso kapitalismoa ez da munduko arazo guztien iturri. Klabe feministak dena azaltzen ez duen bezala, ziur aski defizit nazional edo identitarioak ere egiten ez duen bezala, batzuk uste dugu klase borroka ere ez dela gai arazo guztien azalpena emateko. Badakigu Marxek hori esaten zuela, baina XX. mendea joan zen eta bada akaso han ikusitako gauza askorengandik lezioak ikasi eta ondorioak ateratzeko garaia. 

Finago josi behar genuke. Adibidez, mikrokapitalismoak funtzionatzen duela uste dugu (auzoko okindegia eta fruta denda Maiderrek eta Joxek kudeatzea hobe Estatuak kudeatzea baino) eta era berean makrokapitalismo globala benetan da arriskutsua estatuaren erregulaziorik gabe. Biak dira egiak.

Irizpide sozialistei eutsi behar genieke, baina helburuok lortzeko agian tresna ez-marxistak erabili beharko dira, ikusitakoak ikusita. Zertan diren aipatu tresnok? Momentuz ziurtasun handirik ez dugu (zantzu batzuk bai), baina erantzuna ezin da izan zerbait egin behar da egiten denak arazoa konpondu beharrean okertzen badu. Ortodoxia horretatik burututako teorizazio asko eta gai zehatzen kalibrazio hainbatek ez dute funtzionatu, are: disparate hutsak izan dira. Horrelako modeloak nahi al ditugu Euskal Herrirako?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA