Zaborra, irabazi handien iturri

Neskutz Rodriguez, Josean Elgezabal
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gure arreta merezi duen krisi sozial eta ekologiko batean murgilduta dago mundua. Zergatik? Hondakin gehiegi sortzen da; Bizkaian, egoera are okerrerago joan daiteke: Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala mahairatu da, eta plan hori ez dago benetako premietara egokituta.

2016ko abenduaren 31n amaitu zen 2015ean indarrean sartu zen Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala, BUHKPI ere deitua. Bizkaiko Foru Aldundiak plan horren indarraldia luzatzeko erabaki aldebakarra hartu du, planaren gutxieneko ebaluazio, berrikusketa edo balantze bat ere egin gabe. Hori dela-eta, BUHKPI planaren emaitzak kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren balantzea zein zen galdetu genion azaroan Rementeria jaunari, posible izanez gero, datu errealetan eta kanpoko azterketa objektibo batean oinarrituta. Baina ez zen posible izan.

Hala ere, datu batzuk argi geratu zitzaizkigun, dirudienez, 2014an, erabateko birziklapen indizea 2013ko %62,5etik 2014ko % 67,7ra igo zela, adibidez. Baina datu hura ez zen egiazkoa, eta, hilabete beranduago, onartu behar izan zuten birziklatze-maila % 42,7an dagoela, Europak planteatzen digun zifratik oso urrun. Gainera, zera entzun behar izan genuen Ahaldun Nagusiaren ahotan: «bere gobernuari eta herritarrei arreta eman behar zaiela, lurraldean birziklapen-mailak izan duen erritmo apalagatik». Hartara, herritarrei egotzi zien «birziklatzeko aztura alde batera utzi izana».

Hori gutxi balitz bezala, Zabalgarbi ere hor daukagu, instalaziorik polemikoena, birziklapenari dagokionez. Erraustegia ireki zen garaian, ingurumen-iraultza Bizkaira heldu zela «saldu» zigun EAJk, baina haizea saldu baino ez zuen egin. Jakin badakigu Zabalgarbik ez duela beti errausten: batzuetan «balorizazio energetikoa» sortzen du; beste batzuetan, aldiz, erraustu egiten du, eta kitto, Zabalgarbik D eta F funtzionamendu-moduak abiarazten ditu, alegia. Biohondakinaren bilketa bereiziak ez du funtzionatzen, borondate politikorik ez dagoelako. Errazagoa da erraustea. Eta errentagarriagoa, ekonomikoki. Hondakinak kudeatzeko politika alternatibo batekin, erraustegiak elikagairik gabe geldituko lirateke, eta hondakinak biltzeko eta tratatzeko azpiegitura handiak dituzten enpresak ere galtzaile aterako lirateke. Beste zalantza bat datorkigu burura: nolako tratamendua jasotzen dute erraustegi horretan sortutako zepek? 2014 arte, behatokiak birziklatutzat jotzen zituen, eta, gaur egun esaten dutenez, ez dakite non amaitzen duten. Zabalgarbi martxan egon den 12 urteetan, 600.000 tona eskoria sortu dira. Ehuneko handi bat Zallako eta Igorreko hondakin ez arriskutsuen zabortegietara eraman dira, haien arriskugarritasuna egiaztatu gabe; beste ehuneko handi bat ez da inoiz birziklatu.

Energia elektrikoa iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik ekoizteari ematen zaizkion primak jaso izan ditu Zabalgarbik, martxan jarri zen unetik bertatik. Prima horiei esker, diru ugari eskuratzen du Zabalgarbik: ia 20 milioi euro 2012an eta ia 19 milioi 2014an. Primak ilegitimoak dira, hondakin erraustuetatik eratorri gabeko frakzioari dagokionez, baina Zabalgarbik, gainera, ez du egiaztatu orduko kilowatt batek ere jatorri berriztagarria duenik, elektrizitatearen Jatorri eta Etiketatze Garantien Sistemaren aurrean.

Jakin nahi dugu zenbat tona beira, plastiko, paper eta hondakin organiko biltzen den udalerri bakoitzean. Izan ere, datu hori ez da inoiz ere eman izan. Jakin nahi dugu zenbat tona bereizi behar diren instalazioetan, eta, jasotako bolumen osotik, zenbat birziklatzen den. Zabalgarbiren emaitzak faltsututako datuz beteta daude, aztertu, kontsultatu edo konparatu ezin diren datuz, hain da handia proiektu horren inguruan dagoen opakutasunik eta gardentasunik eza. Ekologistak Martxan Bizkaiak auditoretza herritar gardena egitea eskatu zuen, datuak argitze aldera, eta Ahal Duguk eta EH Bilduk Batzar Nagusietan defendatu genuen eskaria; EAJk, PSEk eta PPk gaitzetsi egin zuten aukera hori.

Zabalgarbiri dagokionez, Batzar Nagusietan hainbat ekimen abiarazteko ahaleginetan jarraitzen dugu, ingurumenari buruz dauden zalantza eta erantzun gabeko galdera ugariak argitzeko asmoz. Gardentasun-maila urria beste oztopo bat da, iraunkortasunaren eta gardentasunaren kultura eraikitzeko interesa eta kontzientzia dugunontzat eta, kultura horren baitan, administrazioak herritarren zerbitzura egon behar direla uste dugunontzat. Informazio hori eskuragarri egotearen alde borrokatu behar dugu, hartara, edozein herritarrek hainbat datu hilean-hilean kontsultatzeko modua izan dezan: dagokion udalerrian zenbat hondakin jaso den, hondakinak nora joango diren, nolako bilakaera duten herritarren birziklapen-ekintza xumeek eta nolakoa den ezarritako helburuen betetze-maila.

Hondakinen esparruan, beste hainbatetan bezala, eskala txikiaren aldeko apustua egin behar da, gardentasunaren, hurbilekoaren aldekoa. Sentsibilizaziorik, gardentasunik edo partaidetzarik gabe, erakunde pribatuak atera ohi dira garaile. Hondakinak kudeatzeko beste plan integral bat prestatu beharra dagoela berretsi nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa dela partaidetza-prozesua eratzea, hainbat mailatan: maila instituzionalean, toki-administrazioan, herritarren mailan, lurralde-mailan, gairik gai, adituen mailan... Eta, aldi berean, prozesu hori hiru fasetan egituratu beharko da: prozesua aurkeztekoa, erabakiak hartzekoa eta emaitzak herritarrei itzultzekoa. Azkenik, positiboa deritzogu gure lurraldeko hainbat erakunde sozial, sindikal eta politikoren parte-hartzea duen Zero Zabor Plataforma sortu izanari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.