Gizarte Gaietako Ministerioaren arabera, erresidentzia bat zera da: adinekoentzako zentro bat arreta integrala ez ezik zerbitzu pertsonal, sozial eta sanitario etengabea ere ematen duena, bakoitzaren mendekotasunaren eta laguntza premia jakinen arabera. Horrez gain, elkarbizitzari eta harreman pertsonalei bide ematen dien bizileku bat da, eta haren helburua da adinekoei eguneroko jardueretarako arreta oinarrizkoa bermatzea eta autonomiari eusten laguntzea, betiere errespetua eta duintasuna guztiz bermatuta.
Gaur egun, ordea, latza da errealitatea. Erakunde publikoek enpresa pribatuei azpikontratatu diete zaharren zaintza, eta, oraintxe, halako enpresek kudeatzen dituzte zahar etxeen %90 pasa. Bada, elkarlan publiko-pribatuak —baliabideak esku pribatuetara bideratzen direla ezkutatzeko erabiltzen den eufemismoa da hori— zeharkako biktimak sortzen ditu. Azken batean, enpresa pribatu guztien helburua etekina ateratzea da, eta, luzera begirako zaintzan, profesionalen soldatak ordaintzeko erabiltzen da aurrekontuaren %65 baino gehiago; horregatik, gizabiderik gabeko kudeatzaileentzat oso da tentagarria langileen ratioak apaltzea eta elikaduraren eta mantentze lanen arloetan diru gutxiago inbertitzea, batez ere ez bada behar bezalako ikuskapenik egiten. Halakoetan, langileak eta egoiliarrak izaten dira zeharkako biktimak.
Gaur egun, gauzak dauden bezala, ia ez da astirik izaten inori zuzeneko artarik emateko, eta, ondorioz, bidea zelaitzen zaie tratu txar instituzionalei.
Baina zer babes dute adinekoek halako tratu txarrei buru egiteko? Tamalez, diputazioari kexatu zaizkion senideek esperientzia lazgarriak izan dituzte maiz. Egoera larrietan, eta beste biderik ez bada, fiskaltzak betebehar zehatza du mendekoak eta zaharrak babesteko, baina, alde horretatik, gure elkarteak bizipen ezin etsigarriagoak izan ditu: seguruenik tratu txar gogorren bat izan dela salatu izan dugunean, inpresioa eduki dugu harresi hotz eta gaindiezin batekin topo egin dugula.
Aldaketa demografikoen ondorioz, familiak lehen baino txikiagoak dira orain, eta, globalizazioa dela medio, senideak sakabanatuta egoten dira sarri; horrek, noski, eragina du zahar askorengan, familiako loturak ahulduak baitituzte, edo guztiz deseginak. Erakundeen zentroetan dauden adinekoen %46rentzat, bakardadea bene-benetako kontua da gaur egun; egoiliarren %85ek ez dute bisitarik izaten udan, eta Bizkaiko zentro bateko berrehun egoiliarretatik ehun pasatxok bisita bakarra izan dute astean; 31 egoiliarrek bisita bat baino gutxiago izan dute hilean, eta beste zazpi bisitatzera, berriz, inor ez da joan. Hala, bakardadea faktore funtsezko bat da gaur egun, guztia izugarri baldintzatzen duena, eta ezin da konpondu adinekoak ordu luzez ohean edukiz, edo telebistaren aurrean bestela, batere xarmarik gabeko gela komunetan eserarazita.
Zuzeneko artarik ia ez, tratu txarretatik babesterik ez, bakardadearen mehatxua beti hor… eta, azak ontzeko, egoiliarrek eta senideek batere parte hartzeko aukerarik ez. Horrek denak panorama beltza ekarri du. Eta aipatutako azken gai hori, parte hartzearena alegia, funtsezkoa da egoera horri erantzuteko; hain zuzen, Asturiasko Printzerriko jardunbide onen gidak zera dio: «Parte hartzea, zahartze aktiboa egituratzeko ardatza izanik, funtsezkoa da mendekotasunen bat duten adinekoen erresidentzien kalitatea hobetzeko».
Parte hartzea indibiduala izan daiteke edo kolektiboa, eta, aldi berean, formala edo informala. Norbanakoak, adibidez, egoiliarraren arreta indibidualerako plana prestatuz parte har dezake, legeak ematen duen aukera baliaturik, eta, horretaz gainera, zuzeneko harremana izan dezake plan horren erreferentziazko profesionalarekin. Errealitatea, ordea, beti gailentzen da: arreta indibidualerako planak badirenik ere ez zaie jakinarazten egoiliarrei eta senideei —erabiltzaileek, berez, kopia bat eduki beharko lukete egiaztatzeko hor ezarritako konpromisoak betetzen direla—, eta, maizegi, ez da erreferentziazko zaintzailerik izendatzen modu esplizituan.
Era kolektiboan, bestalde, Egoiliarren eta Senideen Kontseilu bat eratuz parte har daiteke besteak beste, non zentroko langileek eta kudeatzaileek ere ordezkaritza izango luketen, biek berbera. Bestalde, era informalean parte hartzea erraztuko litzateke biltzeko tokiak jarriko balira senideen esku.
Osasuntsu zahartzeko, parte hartzea ezinbestekoa da. Egiaz, ordea, zahar etxeetako kudeatzaileek oro har ez ikusi egiten diote parte hartze formalari, eta parte hartze informala, berriz, etsaitasunezko ekintzatzat jotzen dute. Ez da batere erraztasunik jartzen senideek bilera informalak egin ditzaten, eta, batzuetan, are, debekatu ere egiten dira halakoak. Parte hartzeko aukera egokia emanez gero, kontrara, adinekoari bidea emango litzaioke bere zaintzan ezin hobeto integratzeko, baita bestelako sare sozialetan ere, zeinak baliagarriak baitira beste batzuen konpainian zahartzeko eta bide horretan sormenari eta osasunari eusteko. Pertsona pasiboz ezin da etxerik osatu.
Bene-benetako babesgabetasuna, demokrazia parte-hartzailerik eza eta horren ondoriozko bakardade mehatxua uztartuta —hori guztia baitakar kudeaketa pribatuak—, egoera gaiztoa sortzen da adinekoentzat: parte hartu ezinaren, babesgabetasun sentipenaren eta bakardadearen ondorioz, lastertu egiten da menpekotasuna, eta, hori gutxi balitz bezala, kudeaketa pribatuak azpijana egiten die tratu gizatiarrari bide ematen dioten baliabideei… Azkenean, gaur egungo sistemak tristura horizonte bat dakar, zeina, profesionalen enpatiak ez ezik, familiaren babesak baino ez baitu arintzen —eta aurreikus daiteke, gainera, babes hori gero eta apalagoa izango dela—.
Erresidentzietan autoritarismoa baldin bada nagusi, eta bestek pentsatutako zaintza planen hartzaile pasibo hustzat hartzen badira adinekoak, arriskua dugu zahar etxeak uharte sozial prekario bihur daitezen. Hala bada, egoiliarren bizimodua gain behera joango da, inolako pizgarririk gabe; gizarteak, bizkarra emanda, ez ditu batere kontuan hartuko, eta hainbat jende mututuren etsipenerako baino ez da tarterik geratuko; gehienez ere, zorterik badute, langileen ahaleginari esker soilik errespetatuko zaie gizatasuna.
Beharbada, geure buruari galdetu behar genioke ea gure zaharrek, gizarte hau eratzeko motor eta material sendoa izan diren horiek, merezi ote duten deskribatu berri dugun patu hori.
Gizarte sano batek, bere adinekoak errespetatzen dituen gizarte batek, erantzun bakarra baino ezin du eman: ahaleginak egin behar ditugula sistemak arreta emozionalik onena ziurta diezaien guztia eman diguten horiei.