Oihane Amantegi (L)
Zazpi ahalak

Zain urratuak

2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Dena al daukagu debekatuta, salbu eta besoak gurutzaturik gelditzea?»

Galdera hori, eta beste asko eta asko, jasotzen dira Eduardo Galeanoren jatorrizko Las venas abiertas de América Latina liburuan. Egun hauetan jakin dut, liburura itzultzea erabaki dudanean —asmatu zerk bultzatuta—, euskarara ekarri zuela Udako Euskal Unibertsitateak duela lau urte pasatxo, Iñaki Alegriaren itzulpenaren eskutik; izan ere, 2021aren hondarretan argitaratu zen geurean Latinoamerikaren zain urratuak, efemeride edo omenaldi hartuta noiz eta originalak berrogeita hamar urte betetzen zituenean. Berrogeita hamar, bai, 1971koa baita Galeanoren liburu ezagunenetako hau, zeina kolonialismoa eta inperialismoa ulertzeko bibliatzat, liburu santutzat edo, gutxienez, erreferentziatzat hartua izan den.

Alegria itzultzaileak berak esan bezala, gauzak asko aldatu dira azken berrogeita hamapiko urte hauetan, baina beste gauza askok bere horretan diraute. Liburu bati egin diezazkiokegun —-eta Galeanok berak bizirik zela egin egin zizkion— berrirakurketa, proposamen eta kritikez gain, ni neu nago uruguaitarraren obrak gertakizun jakin batzuk esplikatzeko eta testuinguruan jartzeko kapazidadea daukala oraindik egun. Eta aktore, faktore eta enperadoreak beste batzuk badira ere, liburuan aurki ditzakegun argumentu batzuek ondo azaltzen dutela oraino iragan urtarrilaren 3an Ameriketako Estatu Batuek Venezuelaren aurka egindako eraso militarra.

Horregatik itzuli nintzen, haluzinazio fasea igaro eta gero, testura; ze batzuetan plazerez bueltatzen gara liburuetara, nezesidadez bestetzuetan, eta aurreko biak batuta ere bai, oraingo honetan. Eta tira, gauzak ulertzeko beharrizana daukagulako oraindik ere, nahiz eta batzuetan zoro bakar baten handikeria guztiz ulergaitz, arbitrario eta aurretik sumatu ezinezkotzat aurkezten dizkiguten gertakizun batzuk. Tamalez, denak izaten du logika bat, makabroena baldin bada ere; eta Trumpen logika horren atzean dagoen guztia zertxobait ulertzeko ariketa historiografiko konprometitu interesgarri eta argigarria iruditzen zait Latinoamerikaren zain urratuak, egungo presidente yankia ez baita zerrenda luze baten azken katebegia baino.

Saiakera da izatez liburua, mendeetan Latinoamerikak pairatu behar izan duen kolonialismoaren, deskapitalizazioaren eta esplotazioaren kronologia ekonomiko-materiala egiten duena, baina, aldi berean Galeanoren poetikaren zipriztinak ere jasotzen dituena. Nik neuk, testuaren gorputza baino, autoreak berak publikatu eta zazpi urtera hari egindako apendizea erreskatatu diot aurtengo lehenengo berrirakurketa behartu honi —berrirakurketa guztietan erreskatatzen dugu-eta unean-unean interesatzen zaigun eta aurrekoan aintzat hartu ez genuen zerbait—. Apendize horretan, argi utzi nahi izan zuen autoreak jendearekin mintzatu ahal izateko idatzi zuela berak liburua; ordurako, erbestean zen idazlea, eta zenbait diktadura militarrek debekatua zuten haren lana. Debeku horietan aurkitu zituen Galeanok bere obrak jasotako iruzkinik aldekoenak, eta ezein berripaperetako literatura-orrietan baino, kalean gertatu zitzaizkion gertaera errealetan topatu zuen idatzitakoaren defentsarik behinena.

«En el tiempo transcurrido desde la primera edición de Las venas la historia no ha dejado de ser, para nosotros, una maestra cruel» (Zain urratuak liburuaren lehenengo edizioaren argitalpenetik igaro den denbora honetan guztian, maisu anker bat izaten jarraitu du historiak). Eta hala izaten jarraitzen du, tamalez, Ameriketako Estatu Batuen azken —eta milagarren— oldarraldi biolentoaren ondoren. Eta Washingtongo Etxe Zurian venezuelarren petrolioaren kontura gutxi batzuek —eta tarteki honetan irakurri zuek irakurri nahi duzuena— negozioa nola egingo duten ikusi eta gero. Eta orain arte hala izaten jarraitu badu ere, kontuak izan beharko luke ea hala izaten jarraituko duen edo jarraitu behar duen halabeharrez. Ze mundua basati dago, bai, baina gu ere bagara, izan ere, «y porque en la historia de los hombres cada acto de destrucción encuentra su respuesta, tarde o temprano, en un acto de creación» (gizakiaren historian, suntsipen ekintza bakoitzaren ondoren sorkuntza ekintza bat iristen da, berandu baino lehen).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA