Zamorako apaiz kartzela

2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Durangoko euskal liburu eta diskoen azokan izan zen zita. Azken eguneko azken orduan, hain zuzen. Edo hain oker niretzat, ez nuelako ordu horretan han egoterik. Kontua da iritsi dela liburu hori nire eskuetara eta bai gustura irakurri ere. Nire gazte sasoiko gertaerak eta ezagun ez ezik lagun ere banituen askoren testigantzak haiengandik eta haien ikuspegitik jasotzea ez da baztertzeko kontua. Neuk ere hurbiletik bizi izan nituen eta gaztetako bizipen horiek asko markatu zuten geroko nire eta beste askoren ibilbidea.

Espainiar estatuko nazional-katolizismoan jaiotako umeak ginen eta abadegaiok sistema haren zerbitzari izateko hezi nahi gintuzten, erdara hutsean, norbere sustraiko izaera eta hizkuntza ahalik bazterren lagata. Sanchez Albornoz historialari espainiarrak esaten zuenez,tamalez erromanizatu gabe geratzea izan zen euskal gatazken arrazoia. Zorionez, diogu guk, ostera. Ez dute (dugu) gure hizkera gure izaera eta ezpainetatik baztertu, oraindino behintzat. Erromanizazioak aurrera darrai eta argi ibili.

Zer pentsatua ematen ditliburu horretan lekuko batek azken paragrafoan idatzi duenak: ..Gurasoen esana datorkit gogora: «Zuek gazteak zarete eta ikusiko duzue bueltia!». Haiek egoerak buelta noiz emango bizi izan ziren. Nik pentsatzen nuen ikusiko nuela buelta, baina ez dakit noiz etorriko den. Ez dago erraz.( 218.or.)

Kontrarreformak Euskal Herriagune garrantzitsu izan zuen. Euskaldun-fededun (katolikoa, noski) binomioa betiko kontutzat hartzerainokoa. Gero euskararen bazterketa ez ezik jazarpena ere nozitu genuen, batez ere diktadura sasoian. Gasteizko seminarioan batera zeuden Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako abadegaiak bakoitza bere eskualdeko ikasgunera aldatu zituzten, hirurak bat bera ere ahaztu genezan, akaso. Kontrakoa lortu zuten. Euskararen gunetik hurbilago jarri gintuzten, Derio, Zamudio, Lezama eta inguruetako baserrietan euskara entzuten genuen eta. Txoriek ere euskaraz Txorierrin.

Azken urteetan leihoetatik sartu eta ez euskara bakarrik, bertsotan ere erakutsi ziguten.

Industrializazioarekin iritsi ziren langileen antolaketa eta errebindikazioek gizartea lozorrotik atera eta gazteak mobilizatzeko bidea ekarri zuten. Ezkerraldean eta herri hazitxoetan JOC eta antzeko kristau taldeak indartu ziren eta Baserri Gaztedi (gero Herri Gaztedi) euskal guneetan. Euskara landu eta zabaltzeari ekin genion, hizkuntza bera erlijio bihurtu bailitzan. Euskerizare pauperibus missit me- aurpegiratzen ziguten, erdi broman eta erdi serio, arazo soziala baino ikusten ez zutenek. Denok ez genuen berdin bizi norbere kultur erroen galera, hizkuntzari hain lotua zegoena.

Ba, horixe. Liburu ederra dela orain dela berrogei urteko kontuak jasotzen dituen hori. Herriarekin eta euren buruekin leial jokatzen jakin zuten eta haien lanaren fruituak azken urteotako euskalgintzan ageri dira. Euskal gazte zein helduok badugu zer ikasi, zailtasunen aurrean gure lekukoa atzetik datozenei eskuz esku eman diezaiegun, herri lez irauteko indar eta guzti. Gomendagarria oso, lekukoen adierazpenak irakurtzea.

Zamorako apaiz-kartzela, eliza eta estatuaren presondegia (1968-1976) 2011ko azaroa. Txalaparta argitaletxea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.