Pertsona osotasunean begiratu, ikusi ahal izatea eta bere horretan onartzea gauza handia da. Handia, begiradaren zabaltasuna eta eskuzabaltasuna adierazten duelako. Handia, begiratzen duenaren jakinduriaren eta gizatasunaren adierazgarri delako.
Izan ere, pertsona osotasunean begiratzeak bere ahuleziak bai, baina bere indarguneak ere ezagutzeko aukera ematen digu. Eta guztiok, gure indargune eta ahuleziekin, gure komunitatea sortzen dugu: elkarri behar duen horretan lagunduz eta laguntza eskatuz. Bietatik behar baitugu gure bizitzako ziklo ezberdinetan zehar:Â eman eta jaso.
Aurten, urriaren 10eko leloak Zaurgarritasuna partekatzen dugu, gure buruko osasuna defenda dezagun dio.
Munduan zehar gerrate, suntsipen eta bestelako egoera zailen ondorioak jasaten dituzten milioika pertsona daude, baina gertuagoan ere buruko gaixotasunen bat pairatzen duen kiderik ere badugu. Izan ere, une honetan osasuna izateak ez du etorkizunean osasuntsu egongo garenik ziurtatzen. Denok gara zaurgarriak eta bizitzaren gorabeheretan erantzun ezberdinak ematen ditugu.
Horregatik, OMEk dioen moduan, osasuna modu integralean zaintzea eta defendatzea garrantzitsua da. Buruko osasunaz ahaztu gabe.
Erakunde horren azken txostenetako baten arabera, munduan buruko nahasmenduren bat duten 1.000 milioi pertsona daude eta, nahiz eta herrialde batzuetan neurriak hartzen eta baliabideak jartzen ari diren, buru osasuneko zerbitzuen eraldaketa da erronka nagusia. Gogoan izan behar dugu buruko osasun ona izatea ez dela pribilegio bat, eskubide bat baizik. Eta horrela azpimarratu dugu aurreko urteetan ere.
Gaur egun, enpatiaz eta komunitateaz asko hitz egiten da. Itxaropenak mugitzen gaitu, pertsona enpatikoz osaturiko gizarte baten itxaropenak. Gure zaurgarritasunak ezkutatu gabe, komunitatearen laguntzaz, bata bestearen sostengu izanez, indartsuagoak izango garen pertsona ezberdinez osatua.
Gizaide fundaziotik ere, duela hogeita bost urte baino gehiagotik hona zerbitzurik onena ematen saiatzen gara: pertsona zaurgarriak laguntzen, entzuten, haiengandik ikasten eta, batez ere, haien duintasuna berreraikitzen. Profesional eta boluntario guztiok egiten dugun lanaren beharra dute, noski, baina, era berean, sendotze prozesuan aurrera egin ahala, hainbat gaitasunen jabe egiten dira eta gizarteari euren onena eskaintzeko ere moduan izaten dira. Hori baita komunitatea: guztion artean eraikitzea.
Xalotasunean ere ezin gara erori, eta jakin badakigu erronka horrek administrazio eta eragile ezberdinen apustu sendoa ere eskatzen duela. Egin beza norberak, dagoen tokitik, egokitzen zaiona. Gizaide fundazioak hasitako ibilbidetik jarraitzeko asmo irmoa du, baita datozen erronka berriei erantzutekoa ere.