Konpetentzietan oinarritutako probak izatea lehenetsita, Historiako USaP azterketak aldaketak izan ditu aurtengo ikasturtean: lau galderatik hiru berriak izan dira. Datorren ikasturterako azterketa eredua berriro ere errotik aldatuko dela jakinarazi digute (ekainaren 20an), eta horrek erabat baldintzatuko du 2025-2026 ikasturteko Historia ikasgaia. Berrikuntzek kezka handia sortu dute irakasle, ikasle eta familien artean.
USaP azterketan konpententzialtasuna bermatzeko aldaketak beharrezkoak dira, baina aldaketak modu planifikatuan eta progresiboan gauzatzea ezinbestekoa da, hauen lanketa modu esanguratsu eta baliozkoan egin nahi bada —izan ere, aurtengo Historiako USaP azterketako galdera bat bera ere ez da errepikatuko 2025-2026 ikasturtekoan—.
Koordinatzaileek azaldu dutenez, aurtengo azterketak ez du lortu konpetentziala izatea, epigrafeen kausak eta ondorioak memorizatu baitituzte ikasleek, eta iturri historiko batean akatsak identifikatzeak eta zuzentzeak ere ez du beteko, hori ere kendu baitute. Hori kentzearen justifikazioa? Hurrengo urteko azterketari begira 52 epigrafe berrietako baten garapenak lortuko du konpetentzialtasuna? Ala 2026-2027rako hori ere aldatuko da ikasleek memorizatu egin dutelako? Aldaketak indarrean sartu aurretik, sor litezkeen eragozpenak identifikatu eta hauetaz ohartzeko, beharrezkoa da aurreikuspena, eta irakasleokin bilera irekia egitea.
Batxilergoko 2. mailako ikasleek Filosofiaren Historia edo Euskal Herriaren eta Espainiaren Historia aukeratu behar izan dute USaP-en. Aurten Historia 4.548 ikaslek aukeratu dute eta Filosofiaren Historia 8.035 ikaslek. Beste urteetako datuekin alderatuta aldaketa nabarmena izan da; izan ere, 2023-2024an Historiako proba egin zuten ikasleak 7.753 izan ziren, eta Filosofiaren historia egin zutenak, 4.368. Filosofiaren aukera egin dute ikasleek aurten. Hausnartu beharko litzateke joera aldaketa horren zergatia, ez baita kasualitatea: USaP-eko Historiako azterketa-eredu berriaren eskakizun maila altua, eredu berriaren aurkezpena kurtsoa hasita zegoenean egin izana, ikasgaia lau ordukoa izatetik hiru ordukoa izatera pasa izana... Zer gehiago?
Eta, orain, azken uneko aldaketa berriekin aurtengo irakasleen prestaketa eta lana hankaz gora jartzeaz gain, ziurgabetasuna eta kezka nagusitu dira, adierazi baitute irailaren erdian deituko dutela koordinatzaileekin zalantzak argitzeko bilerara, egunik zehaztu gabe. Urduritasuna nagusitu da hezkuntza komunitatea osatzen dugun kideon artean; izan ere, azterketa berriaren eskakizun-maila altua da Batxilergoko 2. mailako ikasleentzat, eta luzea 90 minututan amaitzeko. Gainera, Historiako irakasleek egokitzeko tarte nahikorik ez dute iraila bitarte: azterketa eredu berriari erantzuteko gaitegia sortu, moldatu, eta ikasleek galdera eredu berriei modu egokian erantzun ahal izateko estrategiak prestatu behar dituzte. Horrek guztiak eragina izango du ikasleen emaitzetan.
Egoera ikusita, hau da eskaera: 2025-2026 ikasturtea trantsiziorako izatea, eta guztizko aldaketa 2026-2027 ikasturtean ezartzea. Historiako USaP azterketa konpetentziala bihurtzeko urratsak pausoz pauso ematea, batez ere, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuko kideen beharrak eta eskubideak bermatuz eta aintzat hartuz.