Zenbait arrazoi azaroaren 14an borrokatzeko

Joseba Barriola eta Joxe Iriarte, 'Bikila'
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Krisiak eztanda egin zuenetik ia lelo bera errepikatzen tematu gara,eta ez dugu etsiko: Ā«kapitalismoak eta bere instituzio ekonomiko eta politikoek (Troika moduan osatuak) aurrea hartu dute, eta gerra deklaratu digute (gerra soziala, klaseen artekoa); eta horri, maila berean erantzutera daude behartuak ezkerreko partidu politikoak, sindikatuak edota kalteturiko mugimendu sozialak. Hau da, erresistentzia eremu guztietan globalizatuz. Maila lokalean, nazionalean eta internazionaleanĀ».

Grezian azaroaren 6an eta 7an greba orokorra; azaroaren 14ean Portugalen, Espainiar estatuan, Txipren eta Maltan greba orokorra; Italian lau orduko greba. Frantzian, Alemanian eta beste zenbait tokietan mobilizazioak. Zergatik ez Euskal Herrian? Zaldieroaren De Rerun Natura binetan adierazten den bezala, guri ere ulertezinak iruditzen zaizkigu ELAk eta LABek 14ko grebarekin bat ez egiteko eman dituzten arrazoiak. Are, uste dugu okerreko bidea hartu dutela eta mingostasun puntu batez gogoratu nahiko genuke beste garaietan antzeko jarrerak zein eragin kaltegarria izan duten langile mugimenduan.

Gure uste apalean, Europa osoan (oso bestelako moduan bada ere) langile eta herritar guztiei erasotzen digun indar kapitalisten diktadurari denok bat eginik erantzuteko premia dugula. Eta gauza guztietan ezin badugu adostasuna lortu, guztion premia dela, gutxieneko batasun bat lantzea. Sindikatu bakoitzak bere norabide politikoa dauka, horren aldarrikapena libre da. Baina irtenbideari buruzko ikuspegi desberdinak egonik ere, borrokarako bada, sindikatu guztien ekintza batasunaren alde egon beharko genuke. Azaroak 14koa horretarako okasioa genuen. Greba egun bateratua bakarra egin dugu orain arte, eta haren balantzea (ondorengo gestioa penagarria izan bazen ere) ona izan zen. Ez al zen (da) 14koa hau, berriro ere, esperientzia horretan sakontzeko unea?

Norabide politiko-sindikaletan desberdintasunak badaude, eta garrantzitsuak dira. Horregatik Euskal Gehiengo Sindikalaren jarrera gogokoagoa izan dugu besteena baino. Baina ez itsu-itsuan, askotan pedagogia baterakoi baten falta antzeman baitugu. Ikuspegi horrekin koherentzian, bat egin dugu, delako Euskal Gehiengo Sindikalak bultzaturiko greba orokor guztiekin eta baita, 14osterako antolatuta dauden mobilizazioekin, baina ez gaude ados 14an paso egitearekin. Hutsegite galanta iruditzen zaigu. Uste dugu Europan zen Espainiako estatuan grebara joko duten milioika langilek jadanik gertutik ikusten ari garen sarraski sozialari ezezko gordina emateko mugituko direla. Eta ez zenbait sindikatu deitzaileren aldarrikapenetara mugatuz (gure kasuan CCOO eta UGTrekin). Esate baterako, Espainiako estatuan jada, beste motako sindikalismoak burua altxatzen ari da. Klase Sindikatu Alternatiboaren Kordinakundeak aldarri propioa egin du zeinarekin euskal sindikalismoak adostasun maila handi ukan beharko lukeen!

Uste dugu gauden ataka honetan, 14ko greba orokorra eraso ekonomiko sozialaren aurka mugitzearekin batera, beste eredu ekonomikoaren alde eta gure nazioaren erabakitze eskubidearen aldeko borroka eguna beharko genukeela egin. Hortik, gure kexa Euskal sindikalismoaren zati nagusiarekin (ESK-k behintzat bere neurria eman du). Dena den, eta arazoak arazo, ikas dezagun hutsegiteetarik eta hurrengorako denok batera jo dezagun eta suertatu den zatiketa honetatik ahalik eta zauri gutxiekin atera gaitezen. Bestela jai dugu, herri bezala eta langileria bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.