Iñaki Martinez de Luna.

Zenbait gogoeta kitxua hiztunen harira

2014ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Qechua (euskaraz, kitxua) hizkuntza, Argentina, Bolivia, Txile, Kolonbia, Ekuador eta Peruko lurraldeetan hedatua dago. Parada izan nuen duela hilabete gutxi, Cuscon bertan, zenbait quechua hiztunekin hainbat ordu solasean emateko. Aukera paregabea, haiekin izandako ikuspegi eta iritzi trukearen harira, gogoetatxo batzuk egiteko.

Quechua hizkuntzaren hiztunak zazpi bat milioi dira guztira, baina kopurua ziztu bizian ari da jaisten. Euskaldunak ez bezala, asko gutxitu omen dira azken urteetan. Hango eta hemengo hiztunen kopuruek duten bilakaera kontrajarriaren atzean bada gako-elementu bat: quechuadunek ez dute beren altxor linguistikoaz kontzientzia irmorik garatu; ez, behintzat, gizarte mugimendu sendorik sortzera iristeko. Euskaldunok, aldiz, bai.

Bestelako herri bat osatzearen sentimenduari esker, batez ere, oinarri batzuk ezarri ziren aurreko mendean zehar, gure hizkuntzak biziraun dezan. Hizkuntza-diskurtso identitarioak, ordea, quechuadunengan ez du biderik egin. Euskaldunek, hizkuntza baliatu izan dugu askotan berariazko nortasuna zedarritzeko; euskararekiko aldekotasun hori instrumentala izan da, kasu batzuetan. Euskarak abertzaletasunaren babes sutsua izan du denbora luzez, eta, alderantziz ere, abertzaletasunak hizkuntzaren ikurra baliatu du. Baina quechua hizkuntzak ez du halako heldulekurik izan. Perun, adibidez, quechua hiztunak izan ala ez, denak sentitzen dira perutar; nortasun bera partekatzen dute. Hemen, euskararen eremua zabaltzeko asmoz argudio diskurtsiborako osagarriak garatzen ari diren une berean, oinarrizko argudio falta dute oraindik han, gizarteak quechuaren alde egin dezan.

Hortaz, modernotasunetik zein korronte ekonomiko nagusitik kanpo ez gelditzeko, gaztelaniarantz —edo ingeleserantz— erraz jotzen dute quechuadunek. Ez dezagun ahaztu, baina, joera eroso hori, intentsitate ezberdinez, ezaguna dela gure artean ere.

Bestalde, hezkuntza sistemak, hemen ez bezala, quechuaren transmisiorako oso eragin ahula du. Gainera, quechuak irakaskuntzan duen presentzia gorabehera politikoaren arabera aldatzen ei da. Hizkuntza ez da joko politiko interesatuaren aurrean blindatua izan; bere menpe omen dago. Gurean, euskararen defentsa joko politikoetatik erabat babestea oraindik lortu ez den arren, egonkortasun handiagoa badugu.

Gaiaz aldatuz, deigarria da ere quechuarekin kezkatuta daudenek corpusean jartzen duten pisua. Hizkuntza egoeraz hizketan hasita, gaztelaniatik hartutako mailegurantz azkar jotzen dute. Hiper-zuzentasun lexikala erraz gailentzen da quechuazaleengan; errazegi, nire ustez. Izan ere, hizkuntza gutxitu bateko komunitateak, mugatua dagoenez, zaila baino zailagoa du corpusa modu osasuntsuan elikatu eta garatzea; are zailago —ia ezinezko— mundu globalizatuan. Hizkuntzaren corpus kutsatua estatus makalaren isla da; sintomatologia eta patologia, hurrenez hurren. Akats handia izan daiteke mina uxatzen tematzea, oinazearen abiapuntuan dagoen gaixotasunari erreparatu gabe. Ongi pentsatzen hasita, gogoan izan behar da hemen ere horrelako ajeak (izan) ditugula; horretan ez (izan) omen gara horren ezberdinak quechuazaleak eta euskaltzaleak.

Perutik ekarritako beste kezka bat, agian larriena, hauxe da: euskaldunak ez gara munduan. Aspaldian ezagutu nuen Cusco, lehendabiziz; duela hogeita hamalau urte, hain zuzen ere. Garai horietan euskaldunak ezezagunak ginen, oro har, eta gaur egun ere antzera jarraitzen dugu, neurri handian. Horrek zeharo harritu nau. Hizkuntza gutxituak dituzten komunitateen artean leku nabarmenik egiteko gauza ez bagara izan, zertan ibili gara euskaldunak denbora tarte honetan? Zerbait egin da, bai; badira ahalegin pribatuen zein publikoen eskutik sortutako ekimen sortatxoa, baina, begi bistakoa denez, ez nahikoa.

Izan ere, quechua hiztunekin izandako solasaldietan oso garbi gelditu zitzaidan badugula elkarrengandik zer ikasi eta elkarri zer irakatsi. Eskarmentu-trukea bi aldeontzako litzateke aberasgarri. Harremanen ekarpena ez litzateke, hala ere, aberaste kultural horretan amaituko. Kultura eta hizkuntza gutxituen arteko sare trinkoa osatzeak bestelako onurak ere ekarriko lizkiguke. Nazioartean kultura eta hizkuntza erraldoien artean hizkuntza gutxituek leku bat izan dezaten, lobby gisako zerbait osatzea da bidea; bide bakarra. Jakina da, bestela, arrain handien eta txikien arteko hartu-emanetan zein den ondorioa.

Azken balantzea eta iradokizuna: urte luzeetako ahaleginen ondorioz, quechuaren komunitatea baino hobeto gaude zenbait puntutan; gurean, egindako lanaren emaitzak ikusi ikusten dira. Hala ere, amerikarrak edo europarrak izanda, globalizazioaren aurrean mehatxu bera jasaten dugu batzuek eta besteek. Hortaz, badugu elkarrekin hausnartzeko eta jarduteko premia. Hizkuntza gutxituen defentsan, komunitate bakoitza bere kasa ez, baizik eta beste planteamendu mota batera egin behar dugu jauzi. Zenbat eta lehenago, hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.