Zenbait hausnarketa martxoaren 8aren ostean

Nadia Perez - Maitane Urkola
2026ko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pozgarria da martxoaren 8an kaleak jendez beteta ikustea, are gehiago faxismoa eta matxismoa normalizatzen ari direnean. Aldiz, berdintasunaren aldeko borroka edukiz hustuta dago eta hori egikaritzeko proposamen estrategiko baten falta nabaria da.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak joera erreakzionarioen eta inperialisten aurkako mugimendutzat aurkeztu du feminismoa, baita emakume migranteen eskubideen aldekotzat edota indarkeria matxistaren aurkakotzat ere. Nola da posible, ordea, mobilizazio horretan zaintza sektorearen pribatizazioaren arduradunak diren, emakumeon pobrezia sustatzen duten, eta ultraeskuinari alfonbra gorria jarri dioten PNVko ordezkariak egotea?

Aurten, batetik, transfeminismoa eta, bestetik, feminismo abolizionista ikusi ditugu mobilizaturik. Baina ikuspegi politikoen arteko eztabaida gaiztotuta dago, ohikoak direlako elkarrekiko karikaturizazioak eta akusazioak; finean, eztabaida arrazionala blokeatzen duten jarrerak. Gure ustez, ikuspegi ezberdinak egotea legitimoa eta beharrezkoa da, baina eztabaida arrazionala behar da, emakumeon zapalkuntzaren inguruko proposamen eraldatzaileak konplexutasunez eta eraginkortasunez garatzeko.

Transfeminismoak, norbanakoaren genero-identitatearen eraldaketa lehenetsiz eta instituzioetatik lan pedagogikoa eginez, gizartean genero zapalkuntza gainditzea proposatzen du. Baina klase sozialetan banatutako gizartea da emakume langileon zapalkuntza beharrezko duena, eta beraz, genero subordinazioa betikotzen duena. Bi auzi azpimarratu nahi ditugu: lehena, emakume langileon askapenaren auziak borroka integralari atxikita joan behar du, sozialismoari, hain zuzen. Bigarrena, osotasunaren ikuspegia berreskuratu behar dugu, eraldaketaren ikuspegi indibidualek eta intersekzionalitateak bere mugak erakutsi baitituzte.

Feminismo erradikalak emakumearen eskubide juridikoak defendatzeko apustua egiten du, estatuaren erreforma hauspotuz. Eta proposamen horrek, nahitaez, emakumeon arteko klase bereizketa alboratu du, emakume burgesen eta erdi mailakoen interesak lehenetsiz. Gainera, proposamen horren mugak agerian geratu dira, besteak beste, prostituzioaren auzian. Prostituzioaren abolizioa ez da dekretu bidez gauzatuko; kontrara, proposamen horrek prostituzioan jarduten duten emakumeak kriminalizatzen ditu. Hain zuzen, eztabaida horretan botere ereduaz hitz egin behar dugu; estatu sozialistaren beharraz prostituziorik eta zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko. Horrez gain, emakumeon estatus juridiko propioa defendatzearen norabidean, kasu batzuetan, pertsona transen diskriminazioa ukatu dute. Ez da orokortzea komeni. Hori bai, transfobia ez dugu onartuko eta pertsona transen eskubideak defendatzen ditugu.

Eman lezakeen baino antzekotasun gehiago dituzte feminismoaren bi ikuspegiek. Biek estatu kapitalista hartzen dute eraldaketarako motor, ikuspegi iraultzailea alboratuz eta emakume auzia ebazteko ikuspegi interklasista indartuz. Zapalkuntza oro amaitzeko, klase ikuspegia geureganatu behar dugu.

Eraldaketa politikoa batez ere instituzioetatik ulertu ordez, militantzia politikoa eta ikuspegi sozialista-iraultzailea jarri behar ditugu erdigunean: batetik, faxismoari eta matxismoari aurre egingo dien borroka, kulturala eta kalekoa, indartuz. Bestetik, estatuen militarizazioaren eta autoritarismoaren aurrean emakume langileon artean sozialismoaren aldarria gailenduz. Emakume langileon borroka indartu dadin, antolakuntza eta borroka sustatu behar ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA