Militante feminista

Zenbat gizonek eskatzen dizute barkamena ondotik pasatzen direnean?

Naia Kortaberria
2026ko otsailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Noiz bihurtzen da espazio bat norbaitena? Batzuentzat erantzuna erraza da: espazioa jabearena da; hau da, espazio horren truke ordaindu edo oinordetzan jaso duenarena. Baina jo dezagun pixka bat sakonago, lekuen jabe izateko eta horien gaineko kontrola izateko hainbat modu baitaude.

Zenbat aldiz gertatu zaizu, kalean zoazela, gizonezko talde batek pasillo moduko bat egitea, disimulurik gabeko begirada —edo komentario— artetik pasatzen zoazen bitartean? Eta, taberna batean egonda, zure ondokoari entzun ezin izatea, alboko gizonak futbol partida ikusten ari diren bitartean oihuka ari direlako? Eta, txosnaguneak gainezka daudenean, zenbat gizonezkok eskatzen dute barkamena zure ondotik pasatzen direnean? Eta zenbat neskak? Hurrengo parrandan zenbatu; emaitza oso adierazgarria da.

Gauza bera esan genezake leku baten parte ez izateari buruz: ez gara ari soilik sarrerak erosi ezin izateaz edo, fisikoki, leku batzuetan sartu ezin izateaz. Gauden lekuan txiki sentitzea edo alerta egoeran egotea ere badira horren adierazle. Adibide bat jartzearren, pasa den ostiralean taberna batean afaltzen nengoela gizon bat ondotik pasatu eta nire aurka jo zuen (ez omen ninduen ikusi). Barkamena eskatu beharrean, beste toki batean jartzeko esan zidan, edo, behintzat, aulkia aurrera botatzeko. Trabarik egiten ez nuen toki batean jartzeko esan nahi zidan gizonak. Ziur nago puntu honetan, jada, irakurleen artean arrakala bat egongo dela: askok nazka edo amorru aurpegia izango duzue; gizon askok, aldiz, pentsatuko duzue ez dela hainbesterako. Baina jarraitu irakurtzen.

Gutako zenbat sentitu gara deseroso, oso behatuta edo beldurtuta espazio askotan? Ba ez, ez dira sentsazioak, eta ez gara sentibera edo ahoberoak. Oinarri materiala du horrek guztiak: ahots tonuarekin, gorputzarekin, hitz egiten pasatzen dugun denborarekin edota tabernetan entzuten diren musika taldeekin espazio publikotik desplazatzen gaituzte. Eta oso ondo ikasten dugu txikitatik; bestela, jo jolastoki bateko patiora eta begiratu nork hartzen duen futbol zelaiak okupatzen duen %80 eta nor esertzen den alboetan baloien kolpeak jasotzen (futbolean jokatzen ari direnei traba egiten).

Zorionez, aspalditik gabiltza espazio publikoa eta haren erabilera problematizatu nahian, espazio seguruak sortzeko ez delako nahikoa erasoak gertatzen direla esan eta horiek kudeatzea; ostiralean ez ezik, larunbatean ere argi gelditu zitzaidan hori. Batzuetan pentsatzen dut errepikatzen ari garela, jendeak harrapatu duela mezua; baina, gero, errealitatearekin egiten dut talka. Parranda giroan gizonezkoek okupatzen duten espazioarekin oso lotuta, lagun batek jarrera erasokor bat pairatu zuen larunbatean, eta guk erantzun egin genuen. Berehala sortu zen, gizon horren lagunen aldetik, gure hitza zalantzan jarri eta gu zigortzeko katea. Jarrera hura izan zuen mutila defendatzea izan zen jaso genuen lehenengo erantzuna. Bere lagunek ondo ezagutzen omen zuten, eta, noski, bera ez zen horrelakoa. Hori gutxi balitz bezala, puntu hartatik aurrera indarkeria maila igotzen joan zen, eta, aurre egin genienean, beste jarrera biolento batzuk pairatu genituen, bai modu zuzenean bai zeharka: oihukatu eta liskar egin ziguten, mutilaren lagun taldea gugandik hurbil jarri zen, beldurtu nahian… Show bat. Kuadrillakoez gain, eszena hartan agertu zen gizon bakoitza izan zen problematikoa. Ze sorpresa.

Eskema sinpleak beharrezkoak direla uste dut. Mundua oso konplexua da, eta gizakiok ulertzeko beharra dugu; gure modura, noski. Agian, horregatik erabiltzen ditugu hainbeste dikotomiak; osotasuna bi zatitan soilik banatzeak gauzak ulertzen laguntzen digulako. Baina batzuetan gorroto ditut, errealitatea gehiegi sinplifikatzen dutelako, eta sarritan gorroto ditut errealitate hau betikotzeko tresna bihurtzen direlako. Horrela ulertzen zituzten larunbateko gizonek erasoak: arazo estruktural bat izatetik oso urruti, kontzientziarik gabekoek egiten dituzten ekintzak bezala, moralarekin —ona/txarra— eta penalitatearekin —legala/ilegala— lotuta. Beraiek, noski, ez ziren halakoak; gizon ezkertiarrak ziren, gaztetxeetan egoten diren horietakoak.

Amarekin telefonoz hitz egin nuen hurrengo egunean; dei laburra izan zen. «Zelan asteburua?», galdetu zidan, eta, bi aldiz pentsatu gabe, zera erantzun nion: «Nahiko ondo». «Beste bat izan da», pentsatu nuen. Ze normalizatuta daukagun indarkeria sufritzea.

Baina, noski, nire istorioa ez da bat etorriko gizon haiek kontatuko dutenarekin. Istorio sinpleak nahi ditugu, erraz posizionarazteko modukoak. Gizon hauek kontatuko duten istorioan gu histerikoak izango gara, eta beraiek, zentzudunak. Nire aurka tabernan jo zuen gizonak despistatu bat naizela kontatuko du, eta gau hartan lezio bat eman zidala. Eta erasoei buruz hitz egiten dutenean, haien sareetatik kanpoko gizon bat irudikatuko dute, eta beren buruak erasoa jasandako neska babesten imajinatuko dituzte. Delinkuentea eta heroiak.

Pasa den asteburuan banatu ziren Grammy sariak, eta Bad Bunny abeslariak gorrotoa baino boteretsuagoa den bakarra maitasuna dela esan zuen, ICEren indarkeria basatiaren testuinguruan. Gorrotoa/maitasuna, beste bat. Gaur, gorrotoa izan da garaile; asteburuko pasarteak haserretik kontatzen ditut: inpotentziatik eta minetik. Eta hauek guztiak ez dira nireak bakarrik, hainbat motatako indarkeriak pairatzen ditugunonak dira, salatu ditugunean zigortu gaituztenonak.

Agian horregatik da hainbeste erabiltzen ditudan dikotomiak ez gustatzearen kontua, bata edo bestea esan nahi duelako, eta, niri, batetik bestera jauzia egitea ahalbidetzen duten logikak gustatzen zaizkidalako, eraldaketak eragin ditzaketenak. Horregatik, mezua norbaiti iritsi bazaio, identifikatuta sentitu bada, zoratuta ez dagoela sentiarazi badiot, amorru gutxiago sentituko dut, eta maitasunak leku handiagoa izango du: asteburu kaxkar hau eraldaketa(txo) bat egiteko tresna bihurtu dudala adieraziko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA