Adreiluaren eta finantzen burbuilek aurpegian eztanda egin dietenean, Espainiako eta Euskal Herriko hainbat politikarik —hain zuzen, ekonomia porlanean oinarritu duten politikariek— beren diskurtsoa eta jokabidea moldatu behar izan dituzte. Hegazkinik gabeko aireportuak, autorik gabeko errepideak, bidaiaririk gabeko Abiadura Handiko Trenak, bisitaririk gabeko eraikin ultra modernoak... horiek guztiak eta askoz gehiago eraiki, finantzatu eta hedatu nahi izan dituzte, harik eta funtsek eta maileguek bere hondoa jo duten arte.
Mundua bera finitua da, diru iturriak finituak diren bezalaxe; baina hori horrela dela kontuan hartu gabe, Espainiako gobernuan eta Hego Euskal Herriko gobernu autonomikoetan aritu diren alderdi politikoetako kideek (PSOE, PP, UPN, PSN, PSE eta PNV) emari handiko iturri publikoetara etengabe jo dute jendarte ikuspegitik zentzurik ez daukaten azpiegitura erraldoiak egiteko. Eta, bat-batean, xoxak amaitu egin direla konturatu dira.
Azkar bilatu dute, hala ere, erruduna: mundu mailako krisia. Eurek, alderdi horietako politikariek, ez omen daukate inolako erantzukizunik pairatzen ari garen krisi ekonomiko eta sozial honetan; haien esanetan, herritar xumeenak izan omen gara bekatari, guztiok bizi nahi izan omen dugu gure ahalmen ekonomikotik gora. Langile eta herritar xehe guztiok omen gara errudun. PSOEk, PPk, UPNk, PSNk, PSEk eta PNVk garatu dituzten politika sozioekonomiko neoliberal basatiek ez omen dute inolako eraginik izan bizitzen ari garen maila orotako krisia sortzen eta areagotzen. Herritarrok omen dugu horren guztiaren errua eta, beraz, guri ordainarazten dizkigute, larrutik, euren kudeaketak eta kapitalarekiko menpekotasunak eragindako sarraskien ondorioak.
Badirudi politikari horiek tontotzat gauzkatela herritarrok. Baina gure aldetik, Ezker Abertzaletik, badakigu herritarron ehuneko handi batek argi daukagula porlanean oinarri izan duten azpiegitura eta operazio horiek guztiak interes jakin batzuen arabera egin direla. Diru publikoak, gu guztion diruak erabili dituzte horiek aurrera eramateko, baina egindako «inbertsio» horiek ez dira herritarron interesei erantzunez egin; are kontrara, diru xahuketa horiek enpresaburu gutxi batzuen eta haien morroi leial diren alderdi politiko batzuen interesen arabera egin dira, PSOE, UPN, PP eta PNVren interesen arabera.
Horren adibide argia dugu Abiadura Handiko Trena. AHTak, jendartea oinarri duen ikuspuntu sozioekonomikotik, ez du zentzurik, ez orain, ez atzo, ezta bihar ere. Kapitalismoan sakontze-bidean, administrazio publikoek ez dute herri interesa eta garapena helburu duen inolako plangintza ekonomikorik izan. Egindako burugabekeria horien guztien atzean dagoen plangintza bakarra kapitalarena izan da, merkatuak eta enpresa erraldoiak ardatz hartuta diru-kutxak, hau da, herritarron diruak eta etorkizuneko belaunaldienak xahutu dituen plangintza.
AHTaren kilometro bakoitzaren mantentze-lanek 200.000 euro balio omen dute. Hego Euskal Herrian 400 kilometro eraiki nahi dituzte. Atera kontuak. Hego Euskal Herriko aurtengo inbertsio «publikoen» %60 AHTko zati batzuk eraikitzeko erabili nahi dituzte eta, oraindik, proiektuaren laurdena gauzatzera ere ez dira iritsi. Ez Eusko Jaurlaritzak, ez Nafarroako Gobernuak, ez Espainiako Gobernuak (Sustapen Ministerioak 40.000 milioiko zor aitortua omen du) ez dute AHTak Hego Euskal Herrian egunen batean izango lituzkeen bidaiari kopuruen inguruko azterketa seriorik kaleratu, eta zer esanik ez hainbestetan aipatu baina inoiz argitzen ez duten merkantzien garraioari dagokionez.
Gaur egun, etorkizuna erabat baldintzatuko diguten murrizketa sozialen aroan sartuta, guztiontzat izan daitezke datu horiek iraingarriak. Horrexegatik ez dituzte kaleratzen. Hori dela eta, gaia sakonki aztertu duen herri mugimenduak eta ezkerreko alderdi subiranistok erronka berria dugu aurrean. Errealitatearen krudeltasunaz konturatzeko zirrikitua areagotzen ari da, iruzurrari mozorroa erabat kentzeko aukera paregabea eskaini zaigu, kapitala ardatz duen eredu desarrollista zaharkitua paradigma-aldaketara doa halabeharrez.
Orain arte adreiluan eta gure herrian, nagusiki, porlanean oinarri izan duen ekonomia eredua aurrera eraman duten alderdi politikoek gastu sozialen murrizketa eredura pasatu nahi dute. Ekonomia eredu hori erakunde publikoak eta haiek eskaintzen dituzten zerbitzu sozialak pribatizatuz gauzatzen da. Herritarrok eta ezkerreko indar politiko subiranistok ezin dugu hori onartu. Ezin diegu utzi, berriro ere, kapitalaren eta merkatuaren interesak herritarron interesen gainetik jartzen.
Halaber, ezin dezakegu ahantzi ulertezin bilakatu diguten finantza-sistema ilunak ere sekulako irabaziak eskainiko dizkiela hainbat enpresa erraldoiri. Azter dezagun sakonki erakunde publikoek jendartea oinarri duen plangintza ekonomikorik gabe bultzatu duten eredua. Jar ditzagun eredu hori gauzatzen dutenen izenak eta interesak mahai gainean. Ariketa hori eginda, egun ematen ari diren pausoak ulertuko ditugu eta ulermen horrek ofentsiba berriari aurre egiteko tresnak eskainiko dizkigu.
Azterketa eta irakurketa hori egin dugunok argi dugu PNVk, PPk, PSEk, PSNk eta UPNk eskaintzen diguten eredu sozioekonomikoak ez duela jendarte onura bilatzen. Badakigu haien eskaintza ekonomia sozial eta ekologikoaren aurka dagoela. Haien eskaintzek ez gaituzte krisitik aterako; are kontrara, etengabeko gainbeherara garamatzate.
Ezker Abertzalearen ikuspegitik, lehen ere esan dugun moduan, AHTak eta haren pareko azpiegitura erraldoiek, alegia, jendartearen behar eta interesei erantzuten ez dieten azpiegiturek, ez daukate zentzurik; ez gaur, baina ez atzo, ezta bihar ere. Jakin badakigu gure herrian gai honen inguruan iritzi ezberdinak daudela. Horregatik eskatu dugu, behin eta berriro, horri buruzko eztabaida sakona; orain arte egin ez den eztabaida. Baina eztabaida hori egin gabe, aurtengo aurrekontuetan, jendarte ikuspegitik zentzurik ez daukaten AHT bezalako azpiegitura erraldoietarako, 500 milioi eurotik gorako inbertsioak dauzkate onartuta Iruñeko eta Gasteizko gobernuek. Diru horiek ezinbestekoa dugun gastu sozialean inbertituko balira, krisia larrien pairatzen ari diren pertsonen egoerari buelta emateko egoeran geundeke.
Horregatik, Ezker Abertzaleak ekainaren 2an Hernanin egingo den manifestazioan parte hartuko du, AHTari beste behin ere ezetz esanez eta jendartearen onura helburu izango duen plangintza ekonomiko publikoa aldarrikatuz.
Zentzugabekeria gelditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu