Zer egin dezakete administrazio publikoek euskararen alde?

2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Jada ez naute harritzen Jaurlaritzatik datozen proposamenek, azken urteotan idatzi bakoitzak aurrekoa gainditzen badu ere, fikzioaren eta baikortasun muturrekoaren lanketari dagokionez. Patxi Lopezen (h)agintaldian hasitako joerari jarraikiz, euskararen etorkizuna norbanakoen borondatearen eta, batez ere, gazteen «aukera librearen» mende omen dago, Administrazio publikoak «ia eraginik ez luketen» begirale eta herritarron diruen banatzaile «neutral» bilakatuta.

Ahoa bete hagin uzten naute, ostera, euskalgintzako gero eta eragile gehiagok. Eta hemendik aurrera zer? txostena babestu zutenek bai, eta Euskararen eguneko adierazpen bitxi hau sinatu dutenek ere bai, «Euskara hazkunde nabarian jarri dugu... gazteen hizkuntza izatera igaro da... Europako hizkuntza zaharrena izatetik (domina noiz galdu du ba?) hizkuntza modernoa izatera igaro da... euskararen zabalkundea gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker gertatu da... konpromiso publiko eta pribatuari esker... hizkuntza (zein?) gizarte-elkarbizitzaren funtsezko osagai egin dugu...» eta gisa bereko hauteskunde-kutsuko esaldi eztabaidagarriz josita egon arren.

Adierazpeneko esaldi badaezpadakoei heltzeko gogorik ez zait falta, baina luzeegi joko luke. Hori bai, Administrazio publiko gorenak luzatzen digun galderari erantzuten saiatuko naiz, hau da,zer egin dezakete Administrazio Publikoek euskararen alde? Eta zehazkiago, zer egin dezake Eusko Jaurlaritzak euskararen alde? Jaurlaritza baita ondoen ezagutzen dudan administrazioa.

Bat. Bere ardurei heldu behar lieke Jaurlaritzak, eta ez herritarron artean zozketatu. Jaurlaritzak kudeatzen ditu herritarron diruak, ezartzen ditu arau askotarikoak, herritarroi zuzenean eragiten diguten baliabide askoren jabe da (EiTB besteak beste), hortaz, galdera egokitzetik hasi beharko luke.

Bi. Aurreak erakusten duenez atzea nola dantzatu, euskararen normalizazioaren branka behar luke Jaurlaritzak, baina inondik ere ez da horrela. Popa erakusten diote EAEko erakunde publiko nagusiari hainbat gizarte ekimeneko erakundek eta udal txiki askok, kasurako.

Hiru. Jaurlaritzan bertan euskararen normalizazioak aurrera egingo badu, langileekin elkarlanean jardun beharko lukete agintariek, baina ez dituzte sindikatuak ezertarako aintzat hartzen.

Asko jota urtean behin deitzen den Euskara Planen Jarraipenerako Batzordean ere, sail guztietako ordezkari politikoei bai, baina langileen ordezkari bakarrari egiten zaio leku, atera kontuak!

Lau. Herritarrok (langileok barne) euskara erabiltzearen aldeko hautua egin dezagun nahi badu, oztopo izateari utzi eta bidelagun bilakatu beharko litzateke Jaurlaritza alor askotan. Adibidez: sindikatuen ordezkariokin bizpahiru astez behin biltzen dira Jaurlaritzako ordezkari gehienetan erdaldunak. Helarazten diguten dokumentazioa ere erdara hutsez dator beti, behin eta beste behin euskaraz helarazteko eskatzen diegun arren. Ertzaintza, Osakidetza, edota Justiziari buruz zer esan...?

Bost. Itzulpengintza masiboaren bitartez mozorrotzen du Jaurlaritzak erdara ia hutsezko langintza. Horregatik ere, oso gutxi aurreratu da euskararen erabileran Administrazio nagusiaren ohiko jardunean. Egungoak (inon aplikatzen badira) baino itzulpen eta erabilera irizpide askoz ausartagoak ezarri behar lituzke Jaurlaritzak, sailez sail, eta erakunde autonomotik autonomora.

Sei. Gazteek lehendik ere ardura gutxi zituztenez (errebalidak gainditu, euskaldun eleanitz bilakatu, gizarte hobea eraiki, lan duin bat aurkitu, bizitzaz pixka bat gozatu...) euskararen normalizazioaren ardura ere leporatu diegu behin betiko, antza denez. Hori bai, euren izerdi hutsez burutu beharko dute balentria. Izan ere, erdarazko dozenaka telebista, baina (ez beti) euskarazko kate kaxkar bakarra eskaintzen zaie. Irrati-kateen eskaintza duinagoa bai, baina oso urria eta Internetekoa zer esanik ez...

Ikastaro, kirol-jarduera, jardunaldi, antzerki, zinema, literatura, sukaldaritza, musika, komiki eta abarren eskaintzari dagokionez ere zer esan? Gazte gaixook zein hizkuntzaren aldeko apustua egingo duten (egiten ari diren) asmatzea ez da ariketa zaila, asmatu barik, begiak eta belarriak piztu besterik ez baita egin behar. Esan gabe doa, aipatutako horien guztien eskaintzan eta kalitatean erraz eragin dezake Jaurlaritzak, horretarako dirua bainoago, borondaterik izango balu.

Euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko, «nork bere neurriko eta nork bere ahalen araberako» konpromiso bat hartzea bada xedea, zertara dator erakunde publikoak, arduradun politikoak, gizarte ekimeneko erakundeak eta herritar xumeak galdera beraren inguruan dantzan jartzea? Nori egiten dio mesede Urquijoren PP, Mendiaren PSOE, UGT, CCOO edota Vocento «euskaltzale porrokatuen» sinadurak biltzea, bihar bertan euskaldunon subordinazioa betikotzeko lanean jarraituko badute?

Nork, dagozkion ardurei heldu eta erantzun behar die behingoz, agintean daudenetatik hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.