Itziar Aizpurua Egaña.

Zer moduz zaude? Ondo!

2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erantzun hori ematen diete euskal preso politiko guztiek bisitara joaten zaizkienei. Arropa txukunena soinean, eta irribarre zabal batez agertzen denean «lokutoriora» lehen agurren segidan: ongi nago, egon lasai!

Han oporrak pasatzen egongo balitz bezala... urruti... kanpoan... ikasketak egiten edo...

Minutuak ziztu bizian doaz! Etxekoaz galdezka: haurrak ikastolan pozik? Nitaz galdetzen al dute? Amona ondo al dago? Neba-arrebak? Sendatu al zen honelako...? Lanik aurkitu al zuen? Eta... agur esateko ordua heltzen da: kontuz ibili, elurra iragarri dute igaro behar duzuen mendatean eta. Gaizki ikusten baduzue bidea, hobe herriren baten gaua pasatzea. Kontu izan... eta deituko dizuet bihar bertan etxera, behar bezala heldu zareten jakiteko. Aditu al duzue? Agur, maitea, zaindu zeure burua, agur bihotza, agur...

Musuak kristaletik. Eta bihotzak kristalezkoak balira bezala hautsita, birrinduta... Hala eta guztiz, barruko errealitaterako itzuleran indarberrituta sentitzen da presoa, egia da. Maite dituen aurpegiak ikusi ditu, sentitu ere bai, nahiz ezin izan duen haien azala ukitu, elkar besarkatu eta musuen beroa bereganatu, baina bai haien maitasuna, haien poza begietan ikusi «ondo» esan dienean.

Dena «normal» doala esango dio bere buruari ez-normaltasun honetan. Eta aurrera egingo dio kartzelako egoera lardats eta jasanezinari, lagunak ondoan baditu, eta... ez baditu ere. Ondotxo dakielako zergatik dagoen kartzelan, eta kartzela barruan beste kartzela batean, eta etxekoengandik urrun baino urrunago... Euskal Herria gogo-bihotzean daukalako.

Garbi dauka zigor erantsia eta mendeku zitala izango duela gainean, euskal preso politiko militantea delako. Etsaiek, etsaiak izaki, ezin dutelako jasan Euskal Herriko gehiengoa euskal preso politikoen egoeraren aurka dagoela.

Honek erakusten digu jende askoren hausnarketa gertatzen ari dela Espainiako zein Frantziako kartzeletako erregimenari buruz, eta oso poliki bada ere, egoera honen aurkako indarrak metatzen doazela.

Baina izugarri gogorra egiten zait, pentsatze hutsak ere min ematen dit, honetarako euskal militanteen heriotzak behar ditugula kartzelan, konturatzeko norainoko krudelkeria erabiltzen ari diren euskal preso politikoen eta beren familien aurka.

Sinestezina, horrenbeste urtetan begi bistan zegoena: jipoi ikaragarriak; amaigabeko mehatxuak; kartzelazainen nagusikeria gero eta handiagoa; kartzela aldaketak maiztasun handiz Euskal Herritik urrutien dauden kartzeletara; familiekiko jarrera bortitzak, hau da, eskuak libre nahi dutena egiteko euskal preso politikoekin. Sinestezina, bai, honek guztiak ostrukaren ibilbidea egitera bultzatu gaituela, ez dugula ikusi nahi izan gero eta euskal preso politiko gehiagoren heriotza edota bueltarik gabeko gaixotasuna zekarkienik, alegia.

Arduradun sentitzen naiz Arkaitzen heriotzagatik. Abertzale, euskaltzale, ezkertiar edota demokraziazale zaretenoi esaten dizuet, garbi: gehiago egin behar nuen espetxe-politika hiltzaile honen aurka. Eta ozen esaten dizuet urtean behin manifestaldi erraldoia izan denera joanda ere ez ditugula kartzeletako erregimena eta kartzelazainak errotik aldatuko. Beraz, horrela jarraituz gero, heriotzak eta betiko gaixotasunak ziurtatuta dauzkagu.

Konpromiso sendoagoa behar dugu benetan euskal preso politikoak etxeratzea badagoela sinesten badugu.

Ondotxo dakit sakabanaketaren diseinatzaile eta arduradun politikoak zein izan ziren: EAJ-PSOE-PPko zuzendaritza, eta denen gainetik EAJko buruzagi ohi Arzallus, eta alderdi bereko Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Ardanza.

Egia esan behar badut, azkenengo hogei urteotan EAJren jarrera ikusi ondoren, zer esanik ez PSOE eta PPrena, ezer gutxi espero dudala hauengandik espetxe-politika bere hondotik aldatu ahal izateko, eta zerbait mugitu izan direnean, etekin politikoa bereganatzeko mugitu dira, orain arte bederen.

Beraz, majo presionatu beharko dugu inguru guztia, pertsona bezala, bakoitza bera dena egin eta eman dezan euskal preso politikoak etxean izan ditzagun.

Hogeita hamar urte inguru bete dituzten hainbat euskal preso etxeratu berri direnean, bost, sei eta zazpi urte bete behar zuten «kondena» baino gehiago eginda, pozak bildu gintuen, blaitu hobeto esanda. Bazirudien segidan zetozela gainontzeko bostehunetik gorakoak.

Baina errealitate gordina Madrildik datorkigu beti: berrogei gazte ingururen aurkako epaiketa bukatu berri denean, gehienek espetxeratzeko asmoa dutela, alegia.

Gazteak dira, Arkaitz bezala; pertsona konprometituak bere Herriarekin, Arkaitz bezala; Euskal Herria maite dute, eta irribarrea dute ezpainetan, Arkaitzek bezala; beraz, guztiz arriskutsuak dira...

Ez diot neure buruari buelta gehiago eman nahi Joxe Arregiren hilketaren hogeita hamahirugarren urteurrena oraintxe betetzen denean.

Ordutik hona zubi azpitik ur asko pasatu da; inoiz ez ur bera, baina ubidea bai. Noiz hasita zenbat euskal preso politiko pasatu diren/garen polizia, guardia zibil, ertzainen komisaldegietatik eta espetxe berberetik...

Ordutik hona ur bera ez bada, iturburu bera izan du, eta ubidea ere, itsasora heltzeraino.

Halaxe goaz, itxaropenik galdu gabe Askatasunaren itsaso zabalera heldu arte. Oraingoan, euskal preso politiko guztiekin eskutik helduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.