BAMeko kidea

Zerbait aldatu, ezer ez aldatzeko

2026ko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte politiko berriaren hasiera hausnarketarako garaia izan ohi da, eta, ariketa hori bideratzeko, Korsikako egoerara jotzea komenigarria da, haiek, gu bezalaxe, bidegurutze garrantzitsu batean baitaude, eta beraien hausnarketak guretzat baliagarriak izan baitaitezke.

Aurtengo abuztuaren hasieran, Korsikako Corti hirian izandako Ghiurnate Internaziunale izeneko jardunaldien azken hitzaldia bereziki garrantzitsua izan zen, Frantziako Legebiltzarrak Korsikaren etorkizuna finkatuko duen estatus politiko berria adosteko proposamena eta bidea zabaldu baititu. Estatus politiko berria... Ezaguna egiten zaigu, ezta? Ba, Frantziako Estatuak zabaldu duen bide horren inguruko irakurketa politikoa plazaratu du Korsikako mugimendu abertzaleak.

Izan ere, datorren 2027an Frantziako Estatuan izango diren hauteskundeetan eskuin muturrak garaipena eskura dezake, Estatu espainolean eta Europako estatu askotan bezalaxe. Baina egoera politiko kezkagarri horren aurrean, korsikarrek beren beharrak zehazteari, artikulatzeari eta indarrak metatzeari eman diote lehentasun osoa, eta ez Parisen korsikarren eskubide kolektiboak aitortzen ez dituen frantziar gobernu progresista baten alde jokatzeari. Korsikarrek ez dute Frantziako Estatuko politikagintzan nagusi den dinamika horretan murgildu nahi, beraien lehentasuna, herri zapaldu gisa, beraien askatasun nazionala eta soziala bideratuko duen dinamika eta prozesua indartzea baita, gogoratu duten moduan.

Bide horretan, Ghiurnate Internaziunale jardunaldian bildutakoek onartu dute korsikar guztien beharra izango dutela, eta, bereziki, kontraboterea lantzen duten sindikatu eta elkarteena: «Denon artean gure proiektu politikoa, independentzia nazionalaren aldeko prozesua, ureztatzeko; kale eta landa ekintzen bidez jendarteratzeko; gure lurra defendatzeko; espekulazioari, desokupazioari eta populazioaren kolonizazioari aurre egiteko; nazio borrokaren errepresioari aurre egiteko; korsikarrek enplegurako, etxebizitzarako eta lurrerako dituzten eskubideak defendatzeko; korsikar bakar batek ere ez dezan, bere lurrean, bazterkeria, prekaritatea eta miseria ezagutu; garapen endogenoko eredu bat sustatzeko, giza tamainakoa, erronkei egokitua; auzoetan eta herrietan gure kultura eta bizimodua sustatzeko; gure murgiltze eskolak eta gure hizkuntzaren erabilera garatzeko». Horra helburu argiak.

Korsikarrek ez dute Frantziako Estatuko politikagintzan nagusi den dinamika horretan murgildu nahi, beraien lehentasuna, herri zapaldu gisa, beraien askatasun nazionala eta soziala bideratuko duen dinamika eta prozesua indartzea baita

Eta zergatik horrelako dei bat orain? Korsikar mugimenduak Frantziako Legebiltzarrean zabaldu den Beauvauren prozesua deiturikoaren helburua korsikar jendartea engainatzea dela pentsatzen dutelako: ezer ez aldatzeko, zerbait aldatu, eta kitto. Horrexegatik, mugimendu independentistaren ordezkari politikoek eta sindikalek, baita FLNC-UC erakunde armatuak ere, Beauvauren prozesuaren aurkako jarrera adierazi dute, eta «batasun estrategiko berri bat» eraikitzeko deia zabaldu. Helburua, Parisen aurrean elkarturik jokatzea da, zeinahi izango delarik Eliseoan nagusituko den presidente berriaren atzean egongo den gobernuaren kolorea, progresista ala eskuin muturrekoa.

Ghiurnate Internaziunale jardunaldien amaierako bileran, Jean-Guy Talamonik —Nazione mugimendu independentistaren erreferente politiko nagusienetako batek eta Korsikako Asanbleako presidente ere izan zenak— Korsikarako Autonomiari buruzko Lege Konstituzionalaren proiektuaren aurka hitz egin zuen —proiektu hori joan den ekainaren 23an onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak—. Halaber, Talamonik prozesu horren «etenaldia» eskatu zuen, funtsean proposamen horren helburu nagusia korsikar herriaren autodeterminazio eskubidea ukatzea baita.

Norabide beretik, FLNC-UC Korsikako erakunde armatuak ere egoerari buruzko irakurketa plazaratu du, erakundearen jaiotzaren 50. urteurrenean. Gogoratzekoa da Cortiko jardunaldien testuinguruan, 2023ko urrian, egin zuela bere azken ekintza. Orduan 45 bigarren etxebizitza eta zerga bulego bat zartatu zituen Aiacciu hiriburuan. Erakunde horrek «maskarada» gisa definitu du Korsikaren autonomia onartzeko Frantziako Estatuan egiten ari den prozesua. Datorren urriaren 21etik aurrera Frantziako Senatuan aztertzekoa den lege konstituzionalaren proiektuari buruz zera esan du erakunde horrek: «Gure herriaren existentzia ukatu eta azken hamarkadetako aldarrikapen nagusiak baztertzen ditu». Horrexegatik, Beauvauren prozesu hori babesten dutenak, korsikar herriarekiko aurrekaririk gabeko erasoa eta engainua egiten ari direla baieztatu du.

Askapen prozesu eta errealitate politiko guztiak ezberdinak direla onartuta ere, aitortu behar dut korsikarrek eginiko hausnarketa horiek zer pentsatua eman didatela. Nola jokatu behar dugu badatorkigun eskuinaren zikloaren atarian? Zein dira gure lehentasunak eta betebeharrak? Ceutan eskuin mutur espainolistak nola jokatu duen ikusita, Euskal Herrian aurrera egin nahi badugu badakigu zer datorkigun... Faxismo berriari ezin zaio aurre egiten nagusiki arlo instituzionalean arituta. Euskal espazio antikapitalistaren artikulazioan, kontraboterean, desobedientzian eta ekintza batasunean dago irtenbidea. Presta gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA