Baserritar Bilgunea

Zerbitzu ekosistemikoak eta hitzen hustuketa

Joxe Ramon Arrieta Zialtzeta eta Lur Pagoaga Zaloña
2026ko ekainaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamenduak San Isidro eguna aukeratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean hurrengo erabakia argitaratzeko: Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategiek ematen dituzten zerbitzu ekosistemikoak konpentsatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko deialdia.

Bitxia egin zaigu agindu honen jatorriaren aipamenik eza. 2022ko azaroan abiatu zen Landa eremua eta klima izeneko Gipuzkoako Herritarren Batzarra. Ausaz aukeratutako 32 herritarrek osatu zuen bukaerako gomendio bilduma. Aldundiari emandako bederatzi gomendioen artean lehenengoa: «Landa eremuko jabeei konpentsazio ekonomiko bat itzuli zerbitzu ekosistemikoetan dituzten ekarpen kopuruaren arabera, eta gizarteari balio hauek zabaldu».

Maiatzaren 15eko foru aginduak dio: «Ondorioz, konpentsazio ekonomikoko tresna bat artikulatzen da, bai lurrari lotutako funtzio ekosistemiko eraginkor eta esanguratsua garatzen duten ustiategientzat, bai gure lurraldea baso baliabidez, lehengaiez eta kalitatezko elikagaiez hornitzen duten ustiategientzat ere».

Zerbitzu ekosistemikoen xehetasunei begiratzea besterik ez dago hitz hutsalez jabetzeko. Lau multzotan daude sailkatuta: euskarri zerbitzuak —gainontzekoen oinarriak: lurzoruaren eraketa, uraren zikloa edota espezietarako habitata...—, hornidura zerbitzuak —janaria, lehengaiak, baliabide genetikoak, ura...—, erregulazio zerbitzuak —ekosistemetarako prozesuak erregulatzetik lortutako onurak: hondakinen deskonposizioa eta desintoxikazioa, klimaren erregulazioa, izurriteen eta gaixotasunen kontrola—, eta zerbitzu kulturalak.

Ekosistemen zerbitzuak xehe aztertuta, nola ulertu profesionalki abeltzaintza eta nekazaritza ekologikoan ari diren asko konpentsazio sistematik kanpo gelditu izana? Are ulertezinagoa jarduera dibertsifikatuak dituzten baserrien kasuan; izan ere, horiek baitira zerbitzu gehien ematen dituzten proiektuak. Eta dena, orain ere, handitasuna saritu delako.

Bizitzaren zaintza ziurtatzeko tresnak bihurritu eta interesatzen zaion basozaintza, nekazaritza eta abeltzaintza eredu jakin baten alde egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, non ekosistemak eta natura, berriz ere, epe motzeko etekin ekonomikoa lortzeko tresnak baino ez diren

Nolatan Gipuzkoan gaztagintzara bideratutako artalde txikiek ekosistemei egindako zerbitzuak ez dira aintzat hartzen —zer esanik ez ekologikoan ari direnen kasuan—? Zer zerbitzu ekosistemiko eskain dezake lurrik gabeko nekazaritzak —ekoizpen integratua ere onartzen da—?

Basogintzari dagokion atalean ere, landatutako azalerari bakarrik erreparatzen zaio. Zer zerbitzu ekosistemiko dakar mota bakarreko konifero landaketa batek eta hori matarrasean ateratzeak? Non gelditzen dira bertako espezieek eta hostozabalek osatzen dituzten ekosistemen zerbitzuen aitortza?

Hau ez da Gipuzkoako Foru Aldundiak nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren kontra hartutako lehen neurria. 2025eko martxoaren 27an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako aginduan, GFAk, dirua falta zela argudiatuta, bertan behera utzi zuen klima eta ingurumen konpromiso berriei egin beharreko ordainketa –1.650.000,00 euroko aurrekontua zuten–. Aurten, berdin –Gaztenekekoak izan ezik–: ingurumen konpromiso berriak ezin kobratu. Diru falta ez da izango, behintzat, ekosistemen zerbitzurako milioi erdi euro gorde dituztenerako.

Agintariek, beste askotan bezala, hitzak mamiz hustu dituzte. Bizitzaren zaintza ziurtatzeko tresnak bihurritu eta interesatzen zaion basozaintza, nekazaritza eta abeltzaintza eredu jakin baten alde egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, non ekosistemak eta natura, berriz ere, epe motzeko etekin ekonomikoa lortzeko tresnak baino ez diren.

Zer pentsatuko dute batzar hartan lanean aritu ziren herritar haiek, beren lehenengo gomendioari nola traizio egin dioten ikusita?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE