Zerga aitorpena eta elizaren dirua

2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Berriro iritsi da apirila, eta zerga aitorpena egiteko garaia. Jada abiatua da kanpaina, eta hasi zaigu Eliza eskatzen bere laukitxoan X jartzeko, ezinbesteko lan soziala egiten dutela adieraziz. X por tantos. Urtero izaten dira zerga aitorpena lehen aldiz egin behar dutenak ere, eta bereziki haiei komentatu nahi genizkieke zenbait puntu, agian ez dituztenak oso argi.

Askok uste dute fededunak bakarrik direla bere dirutik Elizari ematen diotenak. Hori, soilik igandeko mezan uzten dutena. Zergekin gertatzen dena da batzuek erabakitzen dutela denon artean bete dugun kutxako diruarekin zer gertatuko den. Beste herrialde batzuetan, Alemania adibide, fededunek zerbait gehixeago ordaintzen dute, eta geldikin hori estatuak elizei (edo sektei, ordaintzailearen arabera) ematen die; baina Espainiako Estatuan ez. Espainian fededunek ez dute besteek baino xentimo bat gehiago ordaintzen, baina bai X jarri. Kutxa betetzen denean, denon artean betetzen dugunean, estatuak X-k zenbatu, %0,7 kontuak atera, eta diru hori Elizari ematen dio inolako kasurik egin gabe sosak osasun bidetan, hezkuntzan edo errepideak mantentzen erabili nahi ditugunei.

Gauza bera gertatzen da euskal kupoarekin. Bateren batek esango du beste laukitxo bat ere badagoela, eta, beraz, bakoitzak bere diruarekin nahi duen helburuetara bideratu dezakeela; horrek aurreko erabakia zuritzen du, baina ez konpondu. Bai, bakoitzak bere dirua nahi duenean gasta dezake, ez gara horretaz ari, baizik eta denon diruaz ere zer egingo den erabakitzen dutela eta balitekeela guztiak ados ez egotea. Arazo hori konpontzeko gure proposamena laukitxoak kentzea da.

Ideia bat egiteko, 2020ko ekitaldi fiskalean, gipuzkoarrek Eliza Katolikoari egindako ekarpena 3,46 milioi eurokoa izan zen (295 milioi Espainiako Estatuan). Baina kontsolamendu bat geratzen zaigu: Gipuzkoan dago Eliza Katolikoaren laukitxoa X batez markatzen duen pertsona gutxien (%15,36).

Horri lotuta, beste okerreko ideia, Elizak berak sustatua: diru horrekin Caritas, Manos Unidas eta antzeko elizaren GKEak mantentzen direla. Ez dakit konturatu zareten, elizari dirua urrituko zaiola edo OIZ zerga kobratuko zaiela komentatzen denean, beti-beti erantzuna zera dela: «Eta orain nola mantenduko ditugu jangelak? Kaleko ume gaixoak». Ez dute erabateko egia esaten. Elizak ez ditu bere kontuak sekula argitaratzen, baina Caritasek bai, eta, horri esker, badakigu Caritasen kontuetatik elizak %2,3 baino gutxiago ematen duela. Aipatutako erakundearen aurrekontua 386.719.134 euro da, eta hierarkiak ematen diena, 6.724.809 euro.

Benetan horrelako erakundeei dirua eman nahi badiezue, edo zuzenean eman —zerga aitorpena arintzen duena—, edo gizarte helburu laukitxoan jarri X. Elizak sosik ere ez badie ematen, GKE horiek ez dute desberdintasun handirik nabarituko.

Badira ere Elizaren laukitxoa markatzen dutenak artea atsegin dutelako. Burgos, Toledo, Sevilla, Donostiako Artzain Ona katedralak onean mantentzea nahi dutenak. Oker berriro. Eraikin horiek edo Elizak dituen eskultura, margo eta liburuak konpondu behar direnean, denon artean ordaintzen dugu kontua, Espainiako Kultura Ministerioaren bidez. Eta hori, konpontzen badute, zeren ziur denok gogoratzen ditugula ermita txikiak apain baino apainagoak egoten zirenak auzoarenak ziren bitartean eta immatrikulatu ondoren goitik behera erortzen ari direnak. Edozein herri txikitako museo xumeena, sarrerak salduz dirua jasotzen badu, behartuta dago zerga aitorpena egitera; baina Eliza ez, zeren Kordobako meskita, Donostiako Andre Maria eliza edo Toledoko katedrala ikusteko ez dira sarrerak saltzen, baizik eta limosna eskatzen. Txartelak zera jartzen du: gutxieneko dohaintza eta prezioa. Gure borondatez gutxiengo hori eman ezean sartu gabe geratuko gara; hortik aurrera nahi adina eman daiteke, baina, ordainketa ez denez, Elizak ez du irabazirik ezta zerga aitorpenik egin behar.

Pentsa genezake dirua apaizen soldatak ordaintzeko erabiltzen dela, baina, esan bezala, Elizak ez ditu kontuak argitaratzen, eta, apaizek zerga aitorpenik ez dutenez egiten, zaila da jakitea. Ziurtatu dezakeguna zera da: eritegietan egoten direnei Osasun Ministerioak ordaintzen diela, eta armadako kapilauei, Defentsa Ministerioak.

Hau Eliza Katolikoarekin bakarrik gertatzen da. Beste federen batekoak edo ateoak izateak ez gaitu salbatzen hierarkia katolikoa mantentzeaz. Konkordatua izenpetu zenean, Elizak hitza eman zuen hau denboraldi baterako izango zela eta autofinantzaketara iritsiko zela, bataiatuak eta limosna emateko prest dauden fededunak gauza bera zirela pentsatuz. Ez, ez dira gauza bera. Umetan bataiatzen gaituzte, galdetu gabe, eta handitzerakoan askotan ez gaude gurasoen erabakiekin ados. Azken urteetan arazoa larritu egin da, bataiatuak ere gero eta gutxiago baitira. Egia da, baina, krisia hasi zenetik markatutako laukitxoen kopuruak gora egin duela, eta horregatik idazten dugu artikulu hau. Berriro, Caritasi dirua eman diozuenak ez markatu Elizaren laukitxoa.

Aspalditik, PSOEtik agindu digute Konkordatua deuseztatuko dutela eta Elizaren dirua amaituko dela. Orain arte aldaketa bakarra Zapateroren garaikoa da. Elizari ematen zitzaion ehunekoa %0,52tik %0,7ra igo zuen!!!

Estatua mantentzen dugu, gero arazoak ditugunean estatuak mantendu gaitzan, eta ez utzi borondate oneko jendeen eskuetan, trapu zaharrak bagina bezala, horretarako dagoen dirua auskalo zertan gastatzen duten gotzainei eman gabe. Laukitxorik gabeko zerga aitorpena eskatzen dugu, denon artean bete duguna denon onerako erabili dadin. Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan Kontzertu Ekonomikoa dugu; herrialde bakoitzeko Batzar Nagusiek nahi badute, hori egin dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.