Laikotasuna kolektiboa

Zerga aitorpenaren laukitxoak

Imanol Zubizarreta
2026ko apirilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtero bezala, apirila iristerakoan, Foru Ogasunaren aurrean gure zerga aitorpena aurkezteko betebehar saihetsezina daukagu. Eta urtero bezala Eliza katolikoa, bere betiko ildoari jarraituz, berriro ere Elizaren laukitxoa markatzeko publizitatez josiko gaitu alde guztietatik, horrela gure zergen %0,7 jasoko bailuke; edo beste aukera bi laukitxoak markatzea dela esango du (Eliza katolikoena eta gizarte helburuenekoa), zeren eta azken hautu horretan gure zergen %0,7 berbera jasoko luke, eta beste horrenbeste (hau da beste %0,7) gizarte helburuetako izango litzateke. Hori dela eta, Laikotasuna Elkarteko kideok gai honi buruzko gure iritzia aurkeztu nahi dugu: gure aburua da zerga aitorpenean bi laukitxoetatik ez bata ez bestea ez markatzea, ez Elizarena ezta gizarte helburuena ere.

2024ko errentaren kanpainan, 2025eko udaberrian aurkeztutakoan, estatu osoan Eliza katolikoaren laukitxoa markatu zuten aitortzaileen %30,08k, eta, beraz, 429 milioi euro jaso zituen. Ehuneko hori apurka gutxituz joan da, 2011. urtean %35,71koa baitzen. Aldiz, laukirik markatzen ez duten zergadunen kopurua (hori da Laikotasunak defendatzen duen aukera) 2014an %28,85 izatetik 2024an %39,51 izatera pasatu da.

Gipuzkoan, 2025ean aurkeztutako aitorpenetan, Eliza katolikoaren laukitxoa markatu zuen zergadunen portzentajea %18koa izan zen, eta hortik Elizarentzako bost milioi eta erdi euro baino gehiagoko ekarpena atera zen. Eliza-Estatua akordioen arabera, diru-kopuru hori ez du Gipuzkoako Elizak jasotzen, baizik eta, Ekonomia Itun sistema aplikatuz eta kupo bidez, oso-osorik Espainiako Estatuari transferitzen zaio, Espainiako Elizari emateko.

Eta Eliza katolikoak zertan gastatzen du jasotzen duen hori guztia? Elizak egiten duen propagandan, gizarte eta laguntzan egiten duen lanak nabarmentzen dira, zergadunen sentimenduak hunkituz haren laukia marka dezaten. Baina hori baieztapen engainagarria da. Eliza katolikoak 2024an jaso zituen 428 milioi euroen xedea ez baitzen ongintzazko laguntza lana, ezta bere helburu pastoral edo kultuetarako ere. Espainiako Gotzainen Biltzarrak berak emandako datuen arabera, %63 bideratzen du bere apaiz eta gotzainen soldatak eta gizarte segurantza ordaintzeko. Beste %1,5 publizitateari, %1,4 artzain-lanari. Eta gainerako %34a bestelako gastuetarako, beren proiektuak finantzatzeko erabil dezaketenak.

Bere dirua Eliza katolikoari edo GKE jakin bati edo gizarte erakunderen bati eman nahi dionak eman dezala, baina bere patrikatik, aurrekontu publikoetatik guztiona den dirua kendu gabe

Bestalde, Eliza katolikoak ez du betetzen 1979an Estatuarekin sinatutako akordioak jasotzen duen autofinantzaketa konpromisoa; akordio horretan, Eliza katolikoak adierazi zuen «bere kabuz bere beharrei erantzuteko behar adina baliabide lortzeko» borondatea zuela. Hau da, bere autofinantzaketa, PFEZaren esleipena kenduz. 48 urte geroago, konpromiso hori bete gabe dago oraindik, baina unean uneko gobernu batek ere ez dio eskatu. Gainera, ez dugu ahaztu behar Eliza katolikoak PFEZaren bidez jasotzen dituen 429 milioi horiek Estatuak Eliza katolikoari bide batetik edo bestetik urtean ematen dizkion 13.000 milioi euroen zati txiki bat baino ez direla, zerga batzuk ez ordaintzeko salbuespen fiskalak barne, diru publikoaren kopuru horrek gardentasunik eta fiskalizaziorik izan gabe. Eta ez aipatzearren immatrikulatu dituzten 100.000 ondasun baino gehiagoren eskandalua….  

Horregatik guztiagatik, Laikotasuna elkartetik irmo eskatzen dugu zerga aitorpenetik solidaritatearen aurkako diren bi laukitxoak kentzea. Eta kentzen ez dituzten bitartean, ez bata ez bestea ez markatzeko: ez Eliza katolikoaren eta ezta gizarte helburuena ere.

Gizarte helburuena laukitxotik jasotzen denaren %35-40 Eliza katolikoarekin lotura duten erakundeentzat izaten dira. Hortik Eliza katolikoak bere publizitatean bi laukitxoak markatzea adierazteko duen interesa, horrela bietatik lortzen baitu diru publikoa. Egia da jende askok laguntza behar duela. Egia da boluntario asko ere badaudela besteen bizitza goxatzen laguntzen dutenak. Baina, gure iritzian, zerbitzu publiko lagungarriak era unibertsalean kudeatuko dira soilik botere publikoa arduratzen bada, horren beharretara egokitutako aurrekontuekin. Erakunde pribatuen edo norberaren borondate onaren menpe daudenen eskuetan uztea pribatizazio eta kanpoko kontratuak sustatzea da, karitatearen azoka zabaltzen dutenak, gehienbat erlijioen eskuetan.

Besterik da erakunde partikularren edo GKEen izaera, gizarte helburuko hainbat eginkizunez arduratzen direnak, interes orokorrekoak izanik, bere baliabide eta emaileenak ez ezik administrazioaren kontrolpean laguntza publikoak ere jasotzea, ekonomikoak edo gaietan, gardentasun osoz kudeatuko direnak.  

Gai honi buruz zera bakarra geratzen zaigu esateko: bere dirua Eliza katolikoari edo GKE jakin bati edo gizarte erakunderen bati eman nahi dionak eman dezala nahi duen adina, baina bere patrikatik, dagokion zergak ordaindu ondoren, modu gehigarrian, aurrekontu publikoetatik guztiona den dirua kendu gabe. Alde horretatik, Iparraldeko biztanleen egoera berean egotea gustatuko litzaiguke, 1905etik Frantzian dagoen eredua Eliza eta Estatua bereiztea baita. Elizak ez du Estatuaren diru-laguntzarik jasotzen, eta fededunen dohaintzen mende dago soilik,  zergen aitorpenean Elizari buruzko aipamenik egin gabe.

Uste dugu aukera solidarioena inolako laukitxoa ez markatzea dela, zeren hori da biderik ziurrena zerga oro guztiena den kutxan geratzeko, gero denon intereseko diren benetako beharretan era errealistan banatzeko.                                                     

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA