Euskalgintzaren Kontseilua «hizkuntza larrialdia»bizi dugula ohartarazten ari da azken asteetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera «bidegurutzean», «errotondan», «ez atzera ez aurrera»eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek «jauziaren» beharra zutela azpimarratu zenetik.
Azken urtean zehar, UEMAren eskutik, Iñaki Iurrebaso bere ikerketa mardularen ondorioak sozializatzen aritu da, herriz herri eta eragilez eragile. Jada, jakin nahi izan duenak badaki non gauden: «heriotzatik askoz hurbilago, osasun beteko egoeratik baino», «minorizazio gorrian». Egoera horretan, euskaldunok gure larritasun-egoeraren kontzientzia hartzea ezinbesteko pausoa dela proposatu du, egoera irauli eta euskalduntze-aldi berri eta indartsu bat zabaltze bidean. Kontzeptu hori erabiltzen, ordea, ez gara ez lehenak ez bakarrak, izan ere, Katalunian eta Galizian aurretik ere azpimarratu dute larrialdi linguistikoan daudela. Ez baita gure arazo partikularra, mundu mailako hizkuntza gutxituen joera orokorra baizik. Hori da sistema kapitalista patriarkal eta neokolonialaren garapenak globalizazioaren eskutik dakarrena.
Larrialdi-egoeraren diagnostikoa oldarraldiaren eskutik azkartu dela ere agerikoa da gure kasuan, irabaziak genituen eremuak zalantzan jartzen eta emandako pausoak atzerarazten ari baitzaizkigu azken urteetan. Lehendik ere —beti— parez pare izan ditugun komunikabide, alderdi eta erakunde politiko eta judizialak erasoaldi betean daude, eta mugimendu horien baitan azpimarratzekoa da CCOO eta UGT sindikatuek zein PSOE alderdiak jokatzen duten papera, zeinak azken aldian eragile aktibo eta eraginkorrenak izaten ari diren epaitegietatik zein erakundeetatik euskalduntze-prozesuaren erregresioa eragiten.
Ekimen horretan, euskararen aurkako oldarraldia modu isolatu batean salatzetik harago, eragile horiek ustez kritikatzen duten faxismoaren gorakada eta olatu erreakzionarioa elikatzen ari direla gogor salatzen hasi beharko ginateke. Izan ere, logika horietan beretan eragiten baitira subjektu zapalduek borrokaren bidez lortutako eskubide desberdinen murrizketak. Haiekiko harremanak eta aliantzak nondik eta nola eraikitzen diren, kontu handiagoz ibili beharko ginateke euskaltzaleok.
Bestalde, larrialdia ezin dugu ulertu, etorri den bezala, momenturen batean joanen den denboraldi bateko fenomeno gisa, baizik eta egiturazko arazo sakonen ondorio iraunkor bezala. Alarma-hotsak ez dira alferrik, buru-belarri arazoaren kausen bilaketara eraman behar gaituzte, une bakoitzeko arazoari irtenbide eraginkorra emateko ahal bezain lasterren. Eta hau, hizkuntza gutxituen auziari bezala, beste hainbat gairi ere aplikatzen zaio, krisi anitzen garai honetan.
Badira alarma horien aurrean, han eta hemen, gaitzen sorburuak —eta askotan gaitza bera—ukatzen dituzten negazionistak. Gurean, euskararen egoera bide onetik doala edota arazoa euskaldun norbanakoaren konpromiso faltan dagoela bezalako diskurtsoak entzun izan ditugu, ez gutxitan. Ildo beretik, euskararen minbizi-egoeraren atzean nazio-, eta beraz, hizkuntza-zapalkuntza dagoela ez esateko joera nagusitu da azken boladan, auzia despolitizatzekoa.
Antipolitikaren eta ultraeskuinaren gorakadaren garaiotan, despolitizaziotik ezer gutxi lortuko dugula (desiragarria dugunik, behintzat) uste dugu. Euskararen auzia birpolitizatu egin behar dugu, termino eguneratutan, noski.
Gure eta edozein hizkuntza-komunitate minorizaturen larrialdiaren kausa zein den argi dugu: haien hizkuntza hegemonikoak inposatuz, herriak asimilatu nahi dituzten estatuak; eta mundu hiperglobalizatu eta kapitalista honetan, krisian den sistema oso bat, boteretsuenen statu quo-amantentzeko, aldian-aldian, ofentsiba erreakzionarioak eragiteko beharra duena.
Egoera honen guztiaren aurrean, guk ez dugu errezeta magikorik: euskalgintzako eragileon artean bidea eginez, hori aurkituz joango gara. Baina, argi dugu nondik joan behar duen larrialdiaren irtenbideak: gure egoeraren kontzientzia hartu eta saretzetik; gure eskubideen jabe egin eta, intsumisioz, ezarritako mugak gainditzetik; gure hizkuntza-komunitatea kide berri anitzei zabaldu eta haiekin batera komunitate hobea(k) eta sendoagoa(k) eraikitzetik; euskararen borrokak beste borrokekin loturak eta aliantzak indartzetik; eta burujabetzaren bidea, norbere burua deskolonizatzetik hasita maila politikoraino, lantzetik. Ez dugu anestesiarik behar, sendabidea baizik.
Eta guk argi dugu sendabidea zein den: euskarak estatua behar du, euskaldunok geure konstituzioa idatzi behar dugu, behetik gora, euskaratik eta euskaraz. Euskalgintza, beste herri mugimenduen eskutik, bide hori hartzera dei egiten dugu, eta euskaltzaleok, antolatu eta behar dugun harroaldi hori pizteko baldintzak sortzera. Abenduaren 7an hitzordu garrantzitsua dugu norabide horretan. Bete ditzagun kaleak, ikusarazi dezagun fronte antifaxista euskaltzalearen indarra eta batu ditzagun indarrak beharrezko dugun independentziaren alde!